EAJ-PNV PDE sortu zuen alderdietako bat delarik, bertan izan da Oihane Agirregoitia, alderdi jeltzalearen Europako Parlamentuko ordezkaria
Europako Alderdi Demokratak (PDE) Europako aldi politikoari hasiera eman dio gaur, irailaren 4an, osteguna, Parisen (Frantzia) alderdi horretako eurodiputatuak bilduta, azken urteko lorpen politikoen balantzea egiteko eta Europak ziurgabetasunak eta ezegonkortasunak markatutako nazioarteko egoera geopolitikoaren aurrean dituen erronkak aztertzeko.
Bilera Jean-Noël Barrot Frantziako Atzerri ministroarekin eta François Bayrou Frantziako lehen ministro eta Modemeko presidentearekin egin dute, eta horri esker, Europako Parlamentuak datorren astean Estrasburgon Batasunaren Egoerari buruz egingo duen eztabaida tradizionalaren aurrean PDEko alderdiek duten jarreran sakondu ahal izan dute. Urteko egin ohi den ekitaldi politiko honetan, Europako Batzordeko presidentetzak azken urtearen balantzea egin du, eta aldi politiko berrian aurkeztu nahi dituen lehentasun politikoak eta legegintza-ekimenak azaldu ditu.
"Aurtengo eztabaida bereziki garrantzitsua izango da. Mario Draghiren txostena eta urteko 800.000 milioi inbertitzeko plana aurkeztu eta urtebetera, antzera jarraitzen dugu: Europar Batasunak hartu behar duen norabide ekonomikoari buruzko azterketa asko, baina ekintza gutxi. Neurri positiboak aurkeztu dira, hala nola lehiakortasun-iparrorratza eta EBko altzairu-sektoreari laguntzeko plan bat. Baina Txina, AEB eta beste potentzia handi batzuk gu baino azkarrago doaz . Europak gehiago inbertitzea behar dugu, eta hirugarren herrialdeekin ditugun aliantzen eta merkataritza-akordioen sarea zabaldu behar dugu", adierazi du Oihane Agirregoitiak.
Batasunaren Egoerari buruz egingo den hurrengo eztabaidari dagokionez, eurodiputatu jeltzaleak nabarmendu du eztabaida Europak bizi duen une kritikoaren inguruko "arreta deia" izan behar dela, ez bakarrik Ursula von der Leyenek Donald Trump AEBko presidentearekin uztailaren amaieran egindako akordio komertzialaren emaitzengatik (Europak AEBra egiten dituen esportazioen muga-zergak % 15 dira), baizik eta Europako proiektuaren gotorleku diren herrialdeetako krisiengatik. "Zorrotzak izan behar dugu, eta autokritika eta zintzotasuna eskatu behar diogu Europako Batzordeari. Ez da presioei amore emateko eta makurtzeko unea, izan Ukraina, Gaza, merkataritza politika edo politika digitala", azpimarratu du. Agirregoitiak arauak berrikusteko eta erreformak egiteko beharraz ere hitz egin du. "Egungo munduan eguneratuta ez dauden arau batzuekin funtzionatzen ari gara", gaineratu du egungo egoera politikoari buruz. "Ursula von der leyeni emandako babesa ez da baldintzarik gabekoa, eta jakinarazi egin behar diogu", defendatu du.
PDE 2004ko abenduan eratu zen, zazpi bazkide sortzailerekin, tartean EAJ-PNV. Gaur egun, europar alderdi horrek 17 herrialdetako 20 alderdi politiko barne hartzen ditu, 10 eurodiputatu eta 113 diputatu ditu Estatuetako parlamentuetan.