Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak adi jarraituko du euskal ontziek hirugarren herrialdetako uretara sartzen jarrai dezaten
Europako Batzordeak, momentuz behintzat, ez du aurreikusi hirugarren herrialde berriekin arrantza jasangarrirako akordioak negoziatzea ezta horren inguruko beste ikerketarik egitea ere, baina egun indarrean dauden akordioen egoera berraztertuko du 2026. urtean. Hala adierazi dio Costas Kadis arrantza komisarioak Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuari, euskal ordezkariak arrantzarako aukera berriak bilatzeari eta arrantza toki berri batzuk arakatzeari buruz egin dizkion galderei erantzunez, Europako ontzidiak lehiakor eta bideragarri izaten jarrai dezan, orain arteko arrantza protokolo batzuk berritu ez direla ikusita, hauen artean Senegalekin hitzartuta zegoena.
“2026. urtera arte, Batzordearen lan nagusia izango da arrantza jasangarrirako lankidetza akordio berriak arakatzea eta dagoeneko aurreikusten diren negoziaketak burutzea. Batzordeak ez du aurreikusi, momentuz behintzat, balizko kide berri batzuekin lankidetza akordio berriak adosteko negoziaketak hastea”, azaldu du Kadisek ordezkari jeltzaleari eman dion erantzunean.
Europar Batzordeak bai aurreikusi du egun arrantza jasangarrirako lankidetza akordioen egungo egoera berraztertzea, tokian tokiko ikuspegiak eta arrantza jasangarrirako lankidetza akordio berriak ezartzeko irizpideak barne hartuz. Horretarako, uztailaren 7an datuen deialdi berri bat ireki zuten zeina irailaren 15era arte irekita egongo den, bi gai nagusiren inguruko informazioa jasotzera begira: EBk arrantza gaietarako lantzen duen kanpo ekintzaren ikuspegi estrategikoa eta baldintza berdintasuna bermatzeko eta arrantza ilegalaren kontra Europako arrantza babesteko hartu beharreko neurriak.
“Adi jarraituko dugu euskal ontzidiak hirugarren herrialdeetako uretara sartzeko aukera izaten jarrai dezan, betiere ingurumenari eta lan arloari dagozkion estandarrak errespetatuz, zeinak Batzordeak Europar Batasunaren izenean negoziatzen dituen akordioetan jasotzen baitira, sektorearen errentagarritasuna bermatze aldera”, baloratu du Agirregoitiak.
Datuak jasotzeko deialdi honetan eta parte interesatuei arrantzari eta itsasoari buruzko solasaldietan eginiko kontsulten bidez jasoko diren iruzkinek “Batasunaren arrantza politikari buruzko ebaluazioari buruzko kontsulta publikoan jasotako ekarpenak osatuko dituzte eta arrantza jasangarrirako hurrengo lankidetza akordioetarako oinarri gisa balioko dute”, adierazi dute Batzordeko ordezkariek. Ildo beretik aurreratu dute 2026an aurkeztuko duten komunikazio berriak oinarri izango duela 2023an argitaratu zen ebaluazio azterketa.
“Arrantza jasangarrirako lankidetza akordioak Europar Batasunaren arrantza politikaren zutabe nagusi bilakatu dira, Europako ontzidiari hirugarren herrialdeetako baliabideetara sartzeko aukera ematen baitiote. Oso garrantzitsuak dira gure ontzidiaren lehiakortasunari eusteko eta aldi berean tokian tokiko komunitateen garapena bermatzeko arrantza baliabideak kontserbatzeari eta ingurumena zaintzeari zein enplegua eta aberastasuna sortzeari dagokionez”, nabarmendu du Agirregoitiak.