Lehendakaria euskal alderdi politikoekin egingo den erronda baten buru izango da, Euskadiren interesak ziurgabetasunaren aurrean blindatzeko

“Nazioarteko egoera oso konplexua da. Eta Estatuan ezegonkortasuna eta beharrezkoa ez den zarata areagotzen ari dira. Testuinguru horretan, Euskadin ezin dugu iparra galdu. Etorkizuneko erronketarako euskal agendan sakondu behar dugu, eta herrialde gisa eta ongizatean hazi”, berretsi du Pradalesek

Lehendakaria euskal alderdi politikoekin egingo den erronda baten buru izango da, Euskadiren interesak ziurgabetasunaren aurrean blindatzeko 28Abuztuak
AbuztuaK 28 |
Eusko Jaurlaritza
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Lehendakariak Euskadirekin eta euskal herritarren ongizatearekin duen konpromisoa berretsi du ostegun honetan, eta zerbitzu publikoak indartzea, hazkunde ekonomikoa, inbertsioa eta kalitatezko enplegua dira helburu nagusietako batzuk. Ezegonkortasun eta ziurgabetasun globalaren testuinguruan, Pradalesek elkarrizketaren, akordioaren eta lankidetzaren aldeko apustua egin du, eta datozen egunetan euskal alderdi politikoekin erronda bat hasiko duela iragarri du, datozen hilabeteetan euskal agendan izango diren gaiak partekatzeko.

Imanol Pradales izan da gaur Donostiako Miramar Jauregian egin den urte politiko berriko lehen Gobernu Kontseiluko buru. Lehendakariari eta sailburuei harrera egin diete Eneko Goia Donostiako alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak.

Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoren, Lehendakariak urte politiko berriaren nondik norakoak aletu ditu. Aurretik, uda honetan euskal errepideetan hil diren zortzi pertsonak, Espainiako Estatuan izandako suteen ondorioak eta “gerrarako prest” jarraitzen duen nazioarteko egoera konplexua gogora ekarri ditu.

“Israelgo gobernua Gazako herriaren aurka egiten ari den basakeriak sumindu egiten gaitu. Su-etena negoziaezina da. Bi Estatuen aitorpena ezinbestekoa da bi herrien arteko bizikidetza baketsua egia bihur dadin”, adierazi du, eta Europar Batasunari eta nazioarteko komunitateari dei egin die elkarrizketa eta negoziazio politikoaren bidea aktibatzeko, gatazka horri eta Europaren bihotzean gertatzen ari den gerrari amaiera emateko. “Errusiak Ukrainan egindako inbasio justifikaezinak amaitu egin behar du jada. Europak ezin du dudatan ibili. Ukrainari babes integrala ematen jarraitu behar du, baita bide diplomatikoetan ere, hainbeste sufrimendu eta heriotza eragiten ari den gerra honekin amaitzeko”, defendatu du.

Egoera zail horri gehitu behar zaizkio Trumpen administrazioaren muga-zergen politika berriak eragindako ziurgabetasuna –Eusko Jaurlaritza dagoeneko aztertzen hasia da horren eragina– eta Estatuaren ezegonkortasun politikoa.

“Nazioarteko egoera oso konplexua da. Eta Estatuan ezegonkortasuna eta beharrezkoa ez den zarata areagotzen ari dira. Testuinguru horretan, Euskadin ezin dugu iparra galdu. Etorkizuneko erronketarako euskal agendan sakondu behar dugu, eta herrialde gisa eta ongizatean hazi”, berretsi du Pradalesek.

Alderdien erronda

Testuinguru horretan, Lehendakariak aurreratu du erronda bat deituko duela euskal alderdi politikoekin, hiru gairi heltzeko: Euskadiko eta Estatuko agertoki politikoaren azterketa; Aurreikuspen sozio-ekonomikoaren eta aurrekontuen analisia; eta Autogobernuaren garapena.

“Jokaleku politikoan –esan du– Euskadin dugun egonkortasuna zaintzea da helburua. Ekintza politikoan eta instituzionalean eredugarritasunarekiko konpromisoan sakontzea da helburua, elkarrizketarako, lankidetzarako eta desberdinen arteko akordiorako zubiak irekita mantenduz”. Izan ere, Pradalesek ziurtatu duenez, Lehendakari gisa duen konpromisoa da “lider politikoei informazio eguneratua ematea irekita ditugun topagune nagusiei buruz”. Besteak beste, Segurtasun Foroa, Osasun Ituna, Etxebizitzarako Premiazko Neurriei buruzko Legea edo Euskadiko Industria Plana.

Aurreikuspen sozioekonomikoei dagokienez, Lehendakariak azaldu du kontu publikoen egoeraren berri emango duela, talde politikoen lehentasunak kontrastatuko dituela datorren ekitaldirako, eta Europar Batasunak eta Estatu Batuek sinatutako muga-zergen akordioak euskal ekonomian izango duen eraginari buruzko aurreikuspenak partekatuko dituela, bai eta Jaurlaritzak euskal lanbide arteko gutxieneko soldatari buruz duen jarrera ere, beste gai sozioekonomiko batzuen artean.

Autogobernuari dagokionez, Pradales indarrak batzen saiatuko da, Gernikako Estatutuan jasotako eskumen guztiak lortzeko eta Estatutu Itun berri baterako konpromiso partekatua gogorarazteko.

“Azken batean, alderdi politikoekiko elkarrizketa eta lankidetza indartu nahi ditugu, euskal agenda eta Euskadiren interesak blindatzeko, Estatuko eta munduko ezegonkortasunaren eta ziurgabetasunaren aurrean”, laburbildu du bere hitzaldian.

Azkenik, Pradalesek berretsi egin du Jaurlaritzak herritarren arazo eta beharrei erantzuteko duen konpromisoa. “Uda amaitu den honetan, lehenengo eguneko ilusioari eusten diogu, egunero euskal herritarren bizi-kalitate maila hobetzeko helburuarekin”, esanez amaitu du.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez