EAJ-PNVk kezka handiz ikusten du Gazan gertatzen ari den indarkeriaren gorakada. Benjamin Netanyahu buru duen Israelgo Gobernuak onartu berri duen planaren arabera, gerra areagotu eta Gaza osoa suntsitu eta okupatzea da helburua. Irmoki eta tinkoki gaitzesten ditugu Palestinako biztanleria zibila pairatzen ari den suntsipena eta hondamendi humanitarioa eta hari eragindako sufrimendu sakona.
EAJ-PNVk gaitzetsi zuen eta gaitzesten du Hamasek Israelgo herritarren aurka egin zuen erasoa. Horren arabera, hain zuzen, Israelgo Estatuak bere erasoaldi militarra areagotzea justifikatzen du. Hamasek eraso horretan bahitutako pertsonak berehala eta baldintzarik gabe askatzeko eskatzen dugu berriro.
Baina une horretatik aurrera izan diren indarkeria, heriotza eta suntsipena erabat justifikaezinak dira. Laguntza humanitarioaren blokeo onartezina errefusatzen dugu. Baita Gazan biztanleria zibilak jasaten duen indarkeria neurrigabea (emakumeak eta haurrak barne), bai eta funtsezko azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak suntsitzea ere. Israeli eskatzen diogu egoera hau berehala bertan behera uzteko.
Ekintza horiek Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa nabarmena dira, eta giza duintasunari konpondu ezinezko kaltea egiten diote.
Horregatik, EAJ-PNVk eskaera hau egiten du:
Suntsipen horren aurrean ez dago axolagabekeriarik. Berriro eskatzen diegu Nazio Batuei, Europar Batasunari eta nazioarteko komunitate osoari berehala esku hartzeko. Merz Kantzilerrak gaur deitutako Europako buruzagien bilera birtuala aukera ezinhobea da gaia aztertzeko, bertan EBko eta NATOko ordezkariak, Volodimir Zelenski Ukrainako estatu buruak eta Donald Trump AEBko presidenteak parte hartuko dutelarik. Suntsipen, izu eta heriotza olatu hau gelditzea posible da nazioarteak hala nahi badu. Belaunaldi honek ezin du beste alde batera begiratu nazio bat ezabatu eta bertako gizon, emakume eta haurrak sarraskituak diren bitartean.
Uste dugu Euskadiko, Europako eta munduko gizartearen gehiengoaren iritzia ordezkatzen dugula. Eta ziur gaude sentimendu horrek ere Israelgo gizartearen zati handi bat ordezkatzen duela.
Azkenik, Ekialde Hurbilean Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) egiten duen premiazko eta funtsezko lana babesten dugula berresten dugu. Bere aginduari eutsi egin behar dio eta finantzaketa egokia jaso behar du bere lana ziurtatzeko egungo egoera humanitario larriari erantzun ahal izateko.