Alderdikide maitea,
EAJ-PNVren EBBko presidente naizen aldetik idazten dizudan lehen eskutitz hau esker ona adierazteko izatea nahi dut. Gure Alderdiak 130 urte bete dituen honetan egiten dut. Baina kontua ez da data ospatzea, ezta zenbaki borobiletara iristea ere. Aitortza da kontua. Zure lana aitortzea.
Urteurren hau aldaketa-une batean dator, eta horietako asko zailak dira aurreikusten. Garai asaldatua bizi dugu, nahasia, politikarekiko gero eta desafekzio handiagoarekin, gure Alderdiaren guztiz kontrakoa ordezkatzen dutenen mesedetan. Eta, une honetan inpopular gertatuko den arren, politikagintza aldarrikatu nahi dut gizartea eraldatzeko tresna gisa. Uste osoz egiten dut, gainera. Eta, jakina, asmo horrekin aldarrikatu nahi dut gure Alderdia, gure siglak, eraldaketa horretarako palanka gisa. Hala, zu zeu aldarrikatzen zaitut, alderdikide.
Eskerrik asko.
Eskerrik asko hor egoteagatik, jarraitzeagatik. Aldentzea errazagoa zenean ere proiektu honi eusteagatik. Batzokiko elkarrizketa bakoitzagatik, euripean jarri duzun kartel bakoitzagatik, ilusioak bultzatuta partekatu duzun ideia bakoitzagatik. Beti eta edozein egoeratan Euskadi gauza guztien gainetik jartzeagatik.
Ospatzea ondo badago ere, ospatu baino gehiago, aitortza da gaur egin nahi dudana. Den-dena ezer eskatu gabe eman zutenak aintzatetsi nahi ditut. Erbestean, klandestinitatean, berreraikitzeko prozesuan Herri honen duintasuna sostengatu zutenak. Bai eta Herrigintza komunitatea zaintzea, bateratzea eta eraikitzea dela ulertu zuten guztiak ere. Herri honen indarra eta bihotza gara. Eta izaten jarraituko dugu.
Erronka berriak ditugu zain. Parte hartzeko erak aldatu dira, pentsamoldeak, gure artean harremanetan jartzeko erak ere bai. Eta horretan ere egon behar dugu. Proposamenekin, irekiak izateko asmoarekin, indarberrituta.
Nire konpromisoa eta EBB osoarena da Alderdia denbora berrietara egokitzea, alderdikideok azken Batzar Nagusian eskatu zenutenari erantzunez. Argi esan nahi dizut eskatutako guztia kontuan hartu dugula eta lanean jarri garela gure barne egiturak moldatzeko, erabakiak hartzeko prozesuak arinagoak izan daitezen. Era berean, mekanismo arinagoak aplikatu nahi ditugu etengabe aldatzen ari den mundu honi erantzuteko orduan. Bai eta komunikazioa hobetu ere, kanal berrietara eta gero eta publiko anitzagora moldatuz. Hain zuzen ere, zuri, alderdikide guztiei, informazioa helarazteko kanal berri batzuk irekiko ditugu. Zure potentzial osoa aprobetxatzeko. Zuek zaretelako Alderdiaren bihotza. Taupadarik gabe, ez dago Alderdirik, eta arimarik gabe ez dago taupadarik. Horregatik, eta Atano Frontoian esan nuen bezala, gogoan zaituztet egunero. Bihotz taupada berberak barne hartzen gaituen 22.000 arimak.
Ezustekoak izango ditugu bidean, argi dugu hori, baina gaur berretsi nahi dut zurekin eta alderdikide guztiekin hartu nuen konpromisoa, hiru baitira EBBa eta ni neu gidatuko gaituzten printzipio nagusiak: batasuna, gure barne kohesioari eta gizarte kohesioari eutsiz; eredugarritasuna, garbitasunez jokatuz eta besteentzako eredu izanez; eta apaltasuna, aurrean ditugun erronka guztiak aintzat hartuz.
Egin dezagun bide hori elkarren eskutik. Aurrera egiten jarrai dezagun. Hala egiten badugu, Euskadik ere egingo du. Bide horretatik aurrera eginez Alderdiak beste 130 urte beteko ditu.
Gora Euzko Alderdi Jeltzalea!
Gora Euzkadi Askatuta!
Besarkada bat,
Aitor Esteban