130 urte bete dituela, EAJ-PNVk berresten du daukan konpromisoa "Euskadi aske eta bidezkoarekin, eta bere etorkizunarekin"

Alderdia 1895eko uztailaren 31n sortu zela gogoratuz gaur urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian, Aitor Estebanek defendatu egin ditu Euskadiren patua gidatzen jarraitzeko EAJk dituen baloreak

130 urte bete dituela, EAJ-PNVk berresten du daukan konpromisoa 28Uztailak
UztailaK 28 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Herrigintzaren bidean jarraitu behar dugu. Gure instituzio guztiak indartuz. Guztiak. Gure instituzioak gure orainaren oinarria dira. Gure erakundeak errespetatzen ez dituenak ezin du Herriaz hitz egin. Politikagintza, guretzat, euskal herriaren zerbitzura lan egitea da.(…). Ez dezagun ahaztu euskal herritarrek zoriontsu bizitzeko duten eskubidearen alde lan egiten dugula. Euren oraina eta etorkizuna bermatzeko. Beren duintasunaren mesedetan, beren segurtasunaren eta elkarbizitzaren alde, gizabanako gisa eta gizarte gisa aurrera egin dezaten. Gure konpromisoa jendearekin da, duintasunarekin, Euskadi aske, bidezkoarekin, bere etorkizunarekin. Hala izan da orain arte eta hala izaten jarraituko du geroan”. Hauxe izan da Aitor Esteban EAJPNVren EBBko presidenteak Alderdiaren 130. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian luzatu nahi izan duen mezu nagusia.

Sabin Etxearen aurrean egin den ekitaldira joan dira jeltzaleen ordezkari ugari, horien buru Euzkadi Buru Batzarreko burukideak, Imanol Pradales Lehendakaria eta Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako erakundeetako kargu publiko eta ordezkariekin batera. Eurekin ere izan dira dozenaka alderdikide eta alderdizale jeltzale. Estebanek bertaratuen aurrean hitza hartu aurretik, ohorezko aurreskua eta lore eskaintza egin dira Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzaile eta maisuaren aurrean, eta hasteko hausnartu nahi izan du euskal gizarteak bizi izan dituen aldaketen inguruan. “Askotariko gertakari eta nahasmendu” eman  ziren “egonkortasuna eta etorkizuna EAJ-PNVko Emakume eta gizonen eskutik lortu arte, beren onena eman baitute Euskadiren alde eta haren mesedetan”.

Estebanek gaurko ekitaldia ere aprobetxatu du azken egunetako gertakariak gogora ekartzeko, Beasain, Hernani edo Azpeitian erregistratu diren gertakarietatik hasita, non gazte batzuk Udaltzainen eta Ertzaintzaren kontra egin diren eraso eta jokaera bortitzen protagonista izan diren. Hain zuzen ere eraso horien ondoren  asteburuan pintadak agertu dira Hernanin Bingen Zupiria sailburuaren eta Ertzaintzaren kontra.  Ertzaintzak gure Herriko segurtasunerako egiten duen “funtsezko lana” defendatu ondoren eta  EAJk ertzainekiko sentitzen duen harrotasuna adierazi ondoren, Estebanek ohartarazi du “kaleko probokazioak” jarraitu egingo duela eta EH Bilduk Ertzaintza demokratikoa ez dela esanez egin dituen baieztapenak salatu  ditu. “Bilduren jokaera betikoa da,  bere betiko integristena. Beren ingurua eta besterik ez. Hor dago euren eta gure arteko desberdintasuna. Batzuen eta besteen ibilbidea eta historia ikusi besterik ez dago. Batzuek eraiki eta berreraiki dugun bitartean, besteek gure gaurko Herria mesprezatzen dute. EAJk eraiki egiten du; EH Bilduk seinalatu egiten du. Gero etorriko dira Herri akordioak eskatzen. Herri Akordioak? Erasotzen dituzuen Herriarenak? Ezin da etorkizuna eraiki oraina bermatzen duena erasotuaz. Zer Herritaz hitz egiten duzue egungo Herria mesprezatzen baduzue?”, galdetu du Estebanek Arnaldo Otegiren alderdiari zuzenean hitz eginez .

Herriko egoeraz harago, Estatuko egoeraren protagonistak dira, Estebanen aburuz “Zarata, gezurra, mezu okerrak, lotsagabekeria… eguneroko ogi bihurtu dira. Formularik txarrena,  herritarrak politikatik urruntzea besterik ekarriko ez duena, eta bereziki Gazteak”. Zentzu honetan EBBren  buruak “oso larri” jo du Koldo auzia, PSOEko kargu garrantzitsuei eragiten diena, eta “ikaragarri” hitzarekin definitu  du Montoro auzia, Partido Popularraren Gobernuen Ogasun Ministerioaren ustezko ustelkeria kasua. Horren aurrean, Estebanek Euskadiko politikagintza aldarrikatu du “PPren eta Javier de Andrés buruaren asmoa beste bat izan arren, ematen baitu Chamberí auzoko chulapo hutsa dela, Ayuso bezala”, esan du .

Ildo beretik aipatu du “nazioartean nagusitu den ziurgabetasuna, aktibitate beloko eta geoestrategiko aldakorrarekin, Europa guztiz desitxuratuta eta giharrik gabe agertzen dela”, eta bereziki aipatu nahi izan du Gazako biztanleriak egun pairatzen duen egoera dramatikoa, Estebanen hitzetan “ankerkeria” eta “basakeria” dena. “Ezerk ez du halakoak egiteko eskubidea justifikatzen. Inoren aldetik, gainera. Ezta Israelen aldetik ere. Ez talde islamista erradikal baten eraso basatiak ezta iraganeko belaunaldiek pairatu zituzten erailketek eta sarraskiek ere. Ezerk ere ez”, ziurtatu du.

Amaitzeko, Estebanek euskara aipatu nahi izan du “gizarte osoaren ondarea” dela aldarrikatuz. “Ez dugu onartuko politikarako arma bihurtzea. Ez desberdintzeko tresna gisa demonizatuz, ez eta haren defentsa egin arren estrategia politikorako erabiliz ere”, amaitu du.

 

Interesatu Zaitez