Europako Alderdi Demokratako eurodiputatuek, Oihane Agirregoitia jeltzaleak barne, sendotasun osoz kritikatu dute AEBetako presidentearen larderia-estrategia, abuztuaren 1etik aurrera Europako produktu guztiei % 30eko muga-zerga ezartzeko egin duen mehatxua salatuz
Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak eta Europako Alderdi Demokratak (PDE) Europako Parlamentuan dituen beste ordezkari batzuek bat egin dute Donald Trump AEBko presidenteak abuztuaren 1etik aurrera Europako produktu guztiei % 30eko muga-zerga orokorra ezartzeko egindako mehatxuaren aurka. Gaur bertan, asteazkenarekin, zabaldutako adierazpen batean, Europako Batzordeari eskatu diote Estatu Batuetatik salgai politikoki sentikorrekin egiten diren esportazioei % 30eko errepresalia-arantzelarekin erantzuteko, EBren Hertsaduraren Aurkako Tresna aktibatzeko, AEBetako sektore teknologiko handientzako zerbitzu digitalen gaineko zerga koordinatua abian jartzeko eta nazioartean beste kide eta aliatu batzuekin koordinatutako erantzuna emateko.
"Hau ez da besterik gabe tentsioa areagotzea. Defentsa estrategikoa da. Mezuak argia izan behar du: xantaia ekonomikoak ondorioak izango ditu", jasotzen da Agirregoitiak, Sandro Gozik, Yvan Verougstraetek, Laurence Farrengek, Christophe Grudlerrek, Marie-Pierre Vedrennek, Christine Singerrek eta Joachim Streitek sinatu duten adierazpenean. EEEko zortzi eurodiputatuek gogora ekarri dute ez dela ezer berria zatiketa, beldurra eta besteak menderatzeko gogoa oinarri dituen larderia estrategia hau, eta ohartarazi dute Europako esportazioen gaineko muga-zerga orokorrak berriro ezartzea "eraso ekonomikoko ekintza" gisa ikusi behar dela, arriskuan jartzen baititu enpleguak, inbertsioak eta arauetan oinarritutako nazioarteko merkataritzaren printzipioa.
"Europar garen aldetik, ezin dugu isiltasunez edo pasibotasunez erantzun. Orain da erantzun koordinatu eta segurua emateko unea, konfrontazio honetatik harago, Atlantikoaz haraindiko elkartasuna behar baitugu. Erantzun azkar eta bateratua eskatzen dugu", esan dute, zatiketaren aurrean batasuna aldarrikatuz eta Estatu Batuetako presidentearen zatiketa goseari aurre eginez. "Trumpen estrategia aldebiko akordioetan oinarrituta dago, non indartsuenak agintzen duen eta ahulenak amore ematen duen. Baina Europa ez da ahula. Kanada, Erresuma Batua, Japonia, Hego Korea eta Latinoamerikan eta Afrikan aliatu ditugun herrialdeekin batera, Estatu Batuen pisu ekonomikoaren bikoitza baino gehiago ordezkatzen dugu. Bada garaia indar hori kolektiboki erabil dezagun koalizio batu bat osatzeko. Koalizio honek irekia eta inklusiboa izan behar du, bidezko eta arauetan oinarritutako merkataritzarekin dugun konpromisoa partekatzen duten beste kontinenteetako herrialde guztiak gonbidatuz. Demokrazien Aliantza zabalago baterako oinarriak izan daitezke hauek, eta Europako Alderdi Demokratak luzaroan defendatu du ikuspegi hori, ordena global orekatuago eta kooperatiboago baten giltzarri gisa", adierazi dute.
Adierazpenak "erresistentzia aldeaniztuna" egitearen alde egin du, eta Trumpi gogorarazten zaio "nazioarteko merkataritza ez dela kasinoko mahai bat". "Muga-zerga horiek urratu egiten dituzte MMEren (Munduko Merkataritza Erakundea) konpromisoak eta aspaldiko akordio transatlantikoak. Ez dugu onartuko gure nekazariak, ingeniariak edo enpresariak joko politiko batean trukerako txanpon bihurtzea. Merkataritza librean sinesten dugu, baina merkataritza libreak ere bidezkoa izan behar du", dio adierazpenak.
Tentsioak gorabehera, Atlantikoaz gaindiko harremanak "funtsezkoa" izaten jarraitzen duela onartzen dute, eta ez diote elkarrizketarako aterik ixten. "Krisitik haratago begiratu behar dugu, eta irtenbide iraunkorra bilatu: EBren eta Estatu Batuen arteko muga-zergarik gabeko merkataritza-gune bat, elkarrekiko errespetuan eta estandar komunetan oinarritua", aldarrikatu dute. Harreman horrek klimari, lanari eta kontsumoaren babesari buruzko arau lerrokatuak bete behar ditu.