Euskal ikurrina Bilboko Euzkeldun Batzokija deitu zuten hartan jarri zeneko 131. urteurrena bete dela, BBBren presidenteak ikurrina aldarrikatu du euskal nortasunari eusten dioten baloreen sinbolo gisa: bakea, berdintasuna, justizia soziala, elkartasuna, oparotasuna eta ongizatea
“Ez dot gura ikurrina soilik mehatxuei aurre egiteko tresnatzat ulertua izatea. Ikurrina gehiago da, pentsatzeko eta egiteko modu bat adierazoten dau, nortasun bat, izateko modu bat”. Hitz horiek erabili ditu gaur goizean Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarraren buruak, Bilboko EAJ-PNVk urtero ikurrina eraikin bateko kanpoko aldean jarri zen lehen egunaren urteurrena ospatzeko egin ohi duen ospakizunean. Ikurrina 1894ko uztailaren 14an jarri zen lehen aldiz Euzkeldun Batzokija deitu zuten egoitzan, Bilboko Zazpi Kaleetan, Posta kalean.
Ansolak ikurrina aldarrikatu du euskal gizartean oso errotuta dauden balore batzuen sinbolo gisa: bakea, berdintasuna, justizia soziala, elkartasuna, oparotasuna eta ongizatea. Balore horiek bere egiten ditu EAJ-PNVk eta “defendatu egin behar ditugu irmotasunez eta epelkerian jausi barik”. Zentzu berean argi bezain sendo hitz egin nahi izan du: “ Balore horreen kontra egon ziranei eta dagozanei, gure Eskubide Historikoak, Autogobernua eta Ekonomia Ituna ukatu izan dabenei argi eta garbi esaten deutsegu: zuekaz, ez”. “Balore horreek diralako zerbitzu publiko unibertsalei eusten deutsienak, lankidetza publiko-pribatua defendatuten dabenak aurrera egiteko, integrazioan eta gizarte kohesioan sinistuten dabenak”, esan du. Era berean, BBBren buruak gaurko ekitaldian nabarmendu nahi izan ditu memoria historikoa pertsonen duintasuna eta giza eskubideak, euskal nortasunaren oinarrizko sostengu diren aldetik, garrantzia berezia emanez euskal kulturari eta euskarari eman beharreko bultzadari. “Ikurrina hori guztia da. Ezin da soilik mehatxuei aurre egiteko erabili. Herri ikuspegi baten sinboloa da, alkarregaz bizitzeko modu batena, eraikitzeko eta aurre egiteko moduarena”, azpimarratu du.
Ekitaldia elementu hunkigarriz betea izan da ikurrina, elementu historiko izateaz gain, oraina eta etorkizuna ere badela gogoratzeko. Bertan batu dira ehun bat alderdikide, alderdizale eta inguruko herritarrak. Ansolarekin batera izan dira Ane Támara, Leire Urtasun, Mikel Hidalgo, Jane Eyre Urkieta eta Alfonso Aliende, BBBko burukideak; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, Amaia Arregi, Kontxi Claver Itziar Urtasun, Iñigo Zubizarreta eta Gonzalo Olabarria zinegotziak; Oihane Agirregoitia, EAJ-PNVko eurodiputatua, eta Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, izan dira bertan, ehun bat alderdikide eta alderdizale baino gehiagorekin batera.
Ikurrinak 131 urte bete ditu
Sabino eta Luis Arana eta Goiri anaiek Ikurrina sortu zuten 1894ko uztailaren 14a baino egun batzuk lehenago. Egun hartan, uztailaren 14an, arratsaldeko seietan, euskal bandera nazionala lehen aldiz jarri zuten Euzkeldun Batzokijan, Bilboko Posta kaleko 24. zenbakian zegoen etxeko bigarren solairuko lokalak inauguratzeko. Lehen ikurrina artilezkoa zen, eta Euzkeldun Batzokija-ko kiderik beteranoenak, Ciriaco de Iturri y Urlezagak jaso zuen. Hurrengo urtean, zoritxarrez, irailaren 12an, konfiskatu egin zuten Espainiako agintariek Euzkeldun Batzokija itxi zutenean.
1936ko urriaren 19ra arte ez zuen Euzkadiko Gobernuak ikurrinaren ofizialtasuna ezarri, Euskadiko bandera gisa. Gerra Zibilean, II. Errepublikaren aurka matxinatu ziren tropek euskal lurraldearen kontrola bereganatu ahala, bidean aurkitu zituzten ikurrin guztiak suntsitu zituzten. Faxisten garaipenaren ondoren, Espainiako Estatuak debekatu egin zuen, eta ikurrina eraman, ezkutatu edo marraztera ausartzen ziren guztiek jipoiak, espetxea edo isunak jasan zituzten.
Francisco Franco diktadorea hil ondoren, ikurrinak oraindik bi urte beharko zituen legeztatua izan arte, nahiz eta ikurrina zeramaten pertsonak asko izan eta hainbat ekitaldi publikotan erakusten zen. 1977ko urtarrilaren 19an altxatu zuten ofizialki eta lehen aldiz II. Errepublika amaitu zenetik, Konstituzio Plazan, Donostiako udaletxe zaharraren eraikinean, hiriko jaiegun handiaren bezperan.