Talde jeltzaleak salatu du euskal inbertitzaileen partzuergoari Espainiako Gobernuaren aldetik oztopoak jartzen ari zaizkiola Talgoren %29,7 erosteko operazioan
Euskal Taldeak Espainiako Gobernuari eskatu dio ez dezala gehiago oztopatu euskal inbertitzaileen partzuergoak Talgoren % 29,7 erosteko operazioa. Alderdi jeltzalea aspalditik ari da ikusten Espainiako Gobernuaren aldetik oztopoak jartzen ari direla tren-enpresa horrek Euskadin errotuta jarrai dezan. Izan ere, Rivabellosan (Araba) du lantegirik garrantzitsuenetako bat, eta 700 familia bizi dira bertatik.
Euskal Taldea, Eusko Jaurlaritza buru duten hainbat euskal erakundeekin lankidetzan, lanean aritu da Talgok, bere industria-gaitasuna kontuan hartuta, 4.000 milioi euro inguruko eskaera-zorroari irteera eman eta lurraldeko enpleguari eutsi diezaion. Konpainia estrategikoa da Euskadirentzat, punta-puntako teknologia garatzen baitu trenbideen sektorean, eta etorkizun handia izan dezake.
Maribel Vaquero Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak adierazi duenez, "operazioak porrot egiten badu, Espainiako Gobernuak azaldu beharko die euskal herritarrei porrot horren arrazoiak. Oraindik egoera argitu daiteke, baina ez dago denborarik galtzeko ".
Gobernu zentralak, SEPIren bitartez – hau Ogasun Ministerioaren ardurapean dago –, hasieran konpromisoa hartu zuen euskal operazioari laguntzeko eta enpresa indartzeko, 150 milioi inguruko mailegu baten bidez, finantza-beharrei aurre egin ahal izateko aukera emanez. Ondoren, operazioa bitan banatzea proposatu zuen, Espainiako Gobernuak 75 milioi eman ditzan eta Eusko Jaurlaritzak beste erakunde pribatu batzuekin batera parte hartzen duen euskal partzuergoak beste 75 milioi jar ditzan.
Imanol Pradales buru zuen Gobernuak proposamen horri heltzeko lanak egin zituen, eragiketaren kaudimena bermatuko duten erakunde pribatuak partzuergo batean bilduz eta maileguaren interesa Talgoren alde birnegoziatuz.
Hala ere, SEPIk, azkenean, hasierako proposamena atzera botatzea erabaki du, eta Talgora sartzeko formula aldatzeko eskatu dio euskal partzuergoari.
"Akordioak betetzeko dira, ezin ditugu proposamenak bost minuturo aldatu. Lan handia dago atzean, kalkulu asko eta, batez ere, familia asko, Espainiako Gobernuak berak eman duen hitza bere gain hartuko duen zain".