Eurodiputatu jeltzaleak, gaur, asteartearekin, beste eurodiputatuekin batera aztertu ditu Europar Batzordeak mahai gainean dituen espediente digitalak eta garraio espedienteak
EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak bi lan bilera egin ditu Henna Virkkunen presidenteorde eta burujabetza teknologiko, segurtasun eta demokrazia gaietarako komisario andrearekin eta Apostolos Tzitzikostas garraio komisarioarekin. Bilera hauetan aztertu dituzte Europar Batzordeak egun mahai gainean eta karpeta banatan dituen espedienteak.
Europako Parlamentuko industria, energia eta berrikuntza batzordean zerbitzu Digitalen Legea abian jartzeko taldeko ordezkari den aldetik, eta egungo eraldaketa digitala aintzat hartuz, eurodiputatu jeltzaleak Virkkuneni adierazi dio Adimen Artifizialaren eredu bikoitzaren garapenak dakarren inpaktu ekonomikoak horrek Europar Batasunean ekarriko dituen ondorioekin eragiten dion kezka.
“Asian edo AEBn bertsio aurreratuagoak baldin badaude eta Europan horren garatuta ez dauden bertsioak sartzen badira, merkatuan izango ditugu bi abiadurako AA ereduak”, azaldu du Agirregoitiak EB dagoeneko aitzindaria den arloaz. Izan ere, Europa da horren inguruko arauak onartu dituen lehen kontinentea. EAJ-PNVko ordezkariak nabarmendu nahi izan du EBren burujabetza teknologikoaren defentsa, bere aburuz behar beste aztertzen ez den zerbait, bai eta teknologikoki hirugarren herrialdeen mende ez egotearen garrantzia ere. “Europak lehiakortasuna hobetzeko erreferente izan behar du teknologia eta adimen artifizialaren bidez eta Europako baloreak errespetatuko dituzten baloreetan oinarrituta, hala nola etika eta datuen eta informazioaren erabilera demokratikoa”.
Virkkunenekin eta Zerbitzu Digitalen Legea abian jartzeko taldeko eurodiputatuekin egin den bileran, Europako Batzordeak plataforma digitalen aurka irekitako ikerketez ere hitz egin dute, Europako arau digitalak urra ditzaketelako, bai eta legearen hedapen desberdinaz, hauteskundeetako gardentasunaz eta esku-sartzeaz, eremu digitalean adingabeak babesteaz eta adina egiaztatzeko tresnez.
Bien bitartean, Europar Batasuneko garraio eta turismo arduradunak, Apostolos Tzitzikostasek, Renew Europe taldeko garraio batzordeko eurodiputatuei ziurtatu die 2026. urtearen hasieran itsas estrategia industrial bat aurkeztuko diela, zeinak fokua lehiakortasunean jarriko baitu, bai eta itsasoko eta aireko garraioaren deskarbonizaziorako estrategia bat ere, erregai jasangarriak bultzatzea bilatuko duena.
Topaketa berean hitz egin dute automobilgintza-planaz, Europa osoan auto elektrikoa kargatzeko guneen sarea garatzeaz, turismo jasangarriaz, abiadura handiko trenbide-sareaz eta 2027tik aurrera indarrean jarriko den aurrekontu-esparru berrian mugikortasun militarraren finantzaketa proposatzeko Batzordearen planez. Agirregoitiak bere aldetik adierazi dio pozik dagoela itsas estrategia lehiakortasun-bidera eraman ahal izateagatik, baina presioaren aurrean amore ez emateko eskatu dio, konexio berrietan pentsatu aurretik Atlantikoko trenbide-korridorea eta Euskal Y-a bezalako proiektuak amaitzera begira.