Idoia Sagastizabal Nafarroako Hitzarmenaren aldarazpenei buruz: "Autogobernu handiagoa ahalbidetzen du, hiritarrengandik hurbilago dagoen sistema"

Euskal Taldeko diputatuak defendatu egin ditu Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren aldarazpenean egin diren modifikazio fiskal eta finantzarioak. Kongresuan gaur onetsi da aldarazpen hori Foru Parlamentuan onartu ondoren, eta Sagastizabalek azpimarratu du EAJ-PNVk Nafarroan 115 urtetan sustatu duen autogobernu zabalagoaren funtsezko partea dela

Idoia Sagastizabal Nafarroako Hitzarmenaren aldarazpenei buruz: 26Ekainak
EkainaK 26 |
Kongresua

PARTEKATU

Idoia Sagastizabal Euskal Taldeko diputatuak gaur Kongresuan defendatu du Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa, Estatuaren aniztasun eta pluraltasunaren isla den aldetik. Hitzarmen honen aldarazpena berresteko eztabaidan, diputatu jeltzaleak defendatu duenez “hitzarmenean jasota dagoen zerga politikak autogobernu handiagoa ahalbidetzen du, sistema hurbilagoa, administrazioa hiritarren zerbitzura jartzen duena”.

Sagastizabalek hitzarmenaren aldarazpenaren alderdi zehatz bi nabarmendu ditu. Batetik, talde multinazionalei ezarri zaizkien zerga berrien bilketa, zeina Batasunaren zuzentarau batetik datorren “foru sistemari Europako zerga figura berriak eransteko gaitasuna aitortzen diona, ekonomia globalizatu konplexu eta ziurgabeak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko. Zerga honek autogobernu finantzarioa areagotzen du, dirubilketarako gaitasuna, alegia eta, beraz, baliabide gehiago jasotzea politika propioak garatzeko”.

Bestetik azpimarratu du “BEZa inportazioetara geroratzeko sistemaren hobekuntza, eta honek esan nahi du Nafarroako zergadunek ez dutela BEZa aduanetan aurreratu beharko. Hau Estatuan egiten zen eta eguneratzeko zegoen”.

Jarraian, Euskal Taldeko diputatuak Vox-i deitoratu dio hitzarmen honi osoko zuzenketa aurkeztu izana, horrekin erakusten baitu “nazio aniztasuna, Estatuaren pluraltasuna eta eleaniztasuna eragotzi besterik egiten ez duela, horiek hirurak izan arren testu honetan eta Ekonomia Itunean jasota dauden baloreak”, adierazi du.

“Zuzenketa planteatu dute aniztasunaren kontra daramatzaten gurutzadaren barruan, ezberdintasun hau aitortzeak, lurralde historikoak aitortzeak , forutasuna aitortzeak, bestelako Estatu forma bat posible dela aitortzera eramango bailituzke”, deitoratu du Sagastizabalek.

EAJ-PNVk 115 urte daramatza Nafarroan forutasuna irmo defendatuz, etorkizuna eraikiz eta lur hau gure politikaren funtsezko parte den aldetik aldarrikatuz. Hala egiten jarraituko dugu, hitzarmen honi ematen diogun babesarekin bezala”, amaitu du Euskal Taldeko diputatuak.

Interesatu Zaitez