Artolazabalek grebaren testuinguruan jasandako eraso pertsonalak gaitzetsi ditu, eta errespetua defendatu du elkarbizitza demokratikoaren oinarri gisa

Artolazabalek EH Bilduk erasoak gaitzesteari uko egin izana deitoratu du, eta ohartarazi duenez, “Batzuek kaputxa janzten dute, eta beste batzuek isildu egiten dira. Baina isiltasuna ere arduraduna da"

Artolazabalek grebaren testuinguruan jasandako eraso pertsonalak gaitzetsi ditu, eta errespetua defendatu du elkarbizitza demokratikoaren oinarri gisa 24Ekainak
EkainaK 24 |
Araba

PARTEKATU

Beatriz Artolazabal Gasteizko Udaleko alkateorde eta Espazio Publikoko eta Auzoetako zinegotziak bere gaitzespenik sendoena adierazi nahi du lorategiak mantentzeko eta garbitzeko zerbitzuaren grebaren esparruan jasan dituen indarkeria sinbolikoko, jazarpeneko eta intimidazio pertsonaleko ekintzen aurrean.

Ekintza horien artean, nabarmentzekoa da atzo gauean Judimendi auzoan egindako suan bere aurpegia zuen panpina erre izana, baita espazio publikoan egindako irainak eta mezu iraingarriak ere. Horri guztiari kritika legitimoaren mugak gainditzen dituzten pintadak, bere etxean jarritako paskinak eta mezu pertsonalak gehitu behar zaizkio.

“Desadostasuna bizitza demokratikoaren parte da. Baina pertsona bat duen kargu publikoarengatik karikaturatzea edo jazartzea ez da protesta: indarkeria sinbolikoa da. Eta onartezina da”, adierazi du Artolazabalek.

Zinegotziak gogorarazi du grebarako eta lan hobekuntzak aldarrikatzeko eskubidea zilegi dela eta bermatu egin behar dela, baina azpimarratu du protesta oro errespetutik, legezkotasunetik eta bizikidetzatik egin behar dela. “Ezin da eskubiderik eskatu besteenak zapalduz. Jazarpenera edo intimidazio pertsonalera jotzen denean, onartu ezin den lerro bat gurutzatzen da”, gaineratu du.

Testuinguru horretan, Artolazabalek bereziki deitoratu du EH Bilduk uko egin izana Bozeramaileen Batzordean gertaera horiek gaitzesteko adierazpen instituzionala babesteari. “Indarkeria sinbolikoaren aurrean ez dago anbiguotasunik. Batzuk kaputxa jantzi, beste batzuk isildu. Baina kasu hauetan isiltasuna konplize da. Hori ere ez da onargarria. Ez dute ez adorerik ez ausardiarik”, adierazi du sendo. “Indarkeria, batak edo besteak erabili, kondenatu egin behar da. Beti.”

Alkateordeak azken orduetan jasotako elkartasuna eskertu nahi izan du, eta elkarrizketaren, errespetuaren eta bizikidetzaren aldeko konpromisoa berretsi du. “Tinko jarraituko dut lanean, errespetutik, baina baita erabakitasunetik ere. Izan ere, denak ez du balio, eta elkarbizitza edozein tentsio puntualen gainetik dago. Enfrentamenduak, intimidazioak eta jazarpen pertsonalak posizioak gaiztotzen eta bizikidetza hondatzen baino ez dute laguntzen”, amaitu du.

Interesatu Zaitez