Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Irango zenbait instalazio nuklear bonbardatzeko hartu duen erabakiaren aurrean, Israeli babesa adierazteko helburuarekin eta Ekialde Hurbileko gatazka areagotzea eraginez, EAJ-PNVren aldetik adierazi nahi dugu gertakari horrek eragin digun kezka handia, eskualde horretan bizi den egoera larriagotzea ekarri duelako eta ekintza horrek eskualdeko eta mundu osoko egonkortasunerako ondorio latzak ekar ditzakeelako. Israelgo Gobernuaren eta Estatu Batuenen alde bakarreko erabakia, aliatuak kontuan izan gabe, beste urrats bat da Trumpen politikan, alde batera uzten baititu botereen pisuak eta kontrapisuak, eta arriskuan jartzen baititu munduko ekonomia eta segurtasuna.
Oso kezkatuta gaude Ekialde Ertaineko joera belizistagatik eta nazioarteko arauak eta oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten gobernuen jarreragatik, nahiz eta beraien burua demokratikotzat hartu.
• Herrialde berriek arma nuklearrak lortzeko gaitasunak garatzea mehatxu larria da nazioarteko segurtasunerako, eta Iranek uko egin beharko lioke horri. Nazioarteko komunitatearen ahaleginekin jarraitu behar da Irango programa nuklearraren inguruan akordio bat lortzeko.
• Gai honetan tartean dauden guztiei eskatzen diegu lasaitzeko eta elkarrizketaren bidetik konponbideak bilatzeko, indarkeriak gora egiteak eskualde osoan sufrimendua eta are ezegonkortze handiagoa eragingo dituelako. Europar Batasunari dagokio gatazka honetan bitartekari lana egitea, bere sorreratik dituen balioei eutsiz.
• Era berean berresten dugu Ekialde Hurbileko bakearekin eta eskualde osoko egonkortasunarekin dugun konpromiso hautsezina, baita multilateralismoarekin.
• Gure kezka adierazten dugu Iranen aldetik erabaki litezkeen errepresalien aurrean. Izan ere, errepresaliek aurreikusi ezin den indarkeria areagotzea ekarriko lukete, bai eta Ormuzko itsasartea ixteak ekonomian izango lukeen eragin negatiboa ere. Ormuzko itsasartea ezinbesteko arteria bat da nazioarteko merkataritzarako eta gasaren eta petrolioaren joan-etorrietarako, eta horrek energia-krisi handia eta ekonomiaren narriadura eragin lezake.