EAJ-PNVk harrotasunez ospatu du 115 urteko ibilbidea Alderdi abertzale bezala Nafarroan

Iruñean ospatu den ekitaldian, alderdikidez inguratuta eta NBBko presidente Unai Hualde eta Maider Irujo egikidearekin batera, Aitor Estebanek baieztatu du “Nafarroa politika jeltzalearen muina” dela eta “hemen jarraituko dugula etorkizuna eraikitzen ahots propioa eta proposamen zehatzekin” gehitu du

EAJ-PNVk harrotasunez ospatu du 115 urteko ibilbidea Alderdi abertzale bezala Nafarroan 21Ekainak
EkainaK 21 |
NBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Nafarroan jeltzale eta abertzale izatearen harrotasuna aldarrikatu du gaur EAJ-PNVk Alderdiak Foru Komunitatean egin dituen 115 urteen kariaz ospatu den Alderdikide egunean .‘Gure sustraietatik gerora’ goiburupean egin den ekitaldian EAJ-PNVk nabarmendu du Alderdiak bere historian zehar izan duen zeregina, sustraietatik, oinarrietatik, jarrera positiboarekin lan egin duen alderdia izanik, etorkizuna eraikiz.

1910eko ekainaren 24an inauguratu zen Iruñeako San José Plazan, Nafarroako lehen Euskal Etxea eta, efemeride hori ospatzeko, jeltzaleek familia argazkia egin dute toki horretan. Ondoren, ekitaldi politikoa egin da Sala Zentralean. Bertan hartu dute hitza Maider Irujo Zulaikak, Nafarroako EGIren ordezkari gisa, Unai Hualde Iglesiasek, Napar Buru Batzarraren presidenteak; eta Aitor Esteban Bravok, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak.

Hitza hartzeko tartean egokitu zaionean, Estebanek Nafarroa aldarrikatu du EAJ-PNVren politikaren ´muina´ den aldetik, eta forutasunaren defentsa irmoa egin du: “Nafarroak bilateralitatea aldarrikatu nahi du, eta hala egin behar du Estatuarekiko harremanetan, Nafarrek erabaki beharko dute zer Nafarroa nahi duten eta beste lurraldeekin edo Estatuarekin zer nolako harremana izan nahi duen”. Forutasun horren lotura, hain zuzen, Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriari esker ematen da “EAJk proposatua eta sustatua. Nafarroaren aldeko defentsaren oinarrian, EAJ izan delako eta izango delako beti”, esan du.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVren EBBko presidenteak “fake news” jo ditu UPNk  jeltzaleak Foru Komunitatean izatearen inguruan egin dituen deskalifikazioak “115 urte daramatzagu Nafarroan erakunde gisa. Hemen gaude eta hemen jarraituko dugu”, ohartarazi du.

Ildo beretik, Estatuan politikagintzan aritzeko modu ezberdinak alderatu ditu, non EAJ-PNV “politika arduratsua, sendoa eta europazalea den, Madrilgo blokeen artean entzungorren artean egin ohi duten politikatik kanpo”. Hain zuzen ere, Esteban PPren kontra aritu da alderdi horrek uztailean egingo duen Kongresura eramango dituen ponentzia politikoak gogora ekarriz. Hala, eta  abertzalea aipatuz `supremazista´ hitza erabiltzen dutela gogora ekarriz, Estebanek esan duenez “supremazista da izaera ukatzen diguna, euskal herria dela ukatzen duena; euskara mezprezatzen duena, lingua navarrorum, Europako zaharrena Europar Batasunean ofiziala izatea eragotziz. Gaztelania ez diren hizkuntzak bigarren mailako jotzen dituena, Juan eta Jon izenen arteko alderatze zatar eta probokatiboa eginez”.

Azkenik, jeltzaleen buruak gogora ekarri du PSOEko idazkari ohi biri eragiten dien ustezko ustelkeria kasuaren inguruan egun  daukagun “momentu larria”. Zentzu honetan esan du “premiazkoa” dela PSOEK “kasuaren xehetasunak argi eta garbi ematea eta finantzaketa irregularrik egon ez zela egiaztatzea”, eta esan du Pedro Sánchezek Diputatuen Kongresura “albait arinen” joan beharko lukeela “eta ez uztailaren 9an “.

Era berean, mezu argia bidali nahi izan du :“Gu ez gaude gobernuak babesteko, baizik eta duintasun demokratikoa babesteko. Ez PPk bere zarata eta handikeriekin, ezta PSOEk bere isiltasunarekin ere. Guk erantzunak bilatzen ditugu. Argiak, garbiak eta lasterbiderik gabe”, amaitu du.

Bestalde, Unai Hualde Iglesiasek, Napar Buru Batzarraren presidenteak, Nafarroako EAJ-PNVren Historia errepasatu du, 1910ean Iruñean lehen euskal etxea sortu zenetik, Alderdia komunitatean sendotzea ekarri zuena; justizia sozialaren defentsa Errepublikaren garaian; demokraziaren eta giza eskubideen aldeko konpromiso humanista kolpe militarraren ondoren; jeltzaleen  kontrako errepresioa eta fusilamenduak Nafarroan frankismo garaian; eta gure erakundeak eta autogobernua garatzearen aldeko apustua aro demokratikoan. "Hautu horrek gaur egun dugunera ekarri gaitu, 40 urte geroago moderazio, gradualtasun eta posibilismo lezioak eman nahi dizkiguten beste horien presioak eta estrategia bortitza gorabehera", adierazi du.

Ildo horretan, Hualdek nabarmendu duenez "Francoren, ETAren eta beste indarkeria batzuen aurrean, EAJ-PNV beti egon da giza eskubideen alde, gorrotorik gabe, amorrurik gabe, biktimen alde, Historiaren alde egokian", eta gogora ekarri du EAJ-PNVk azken urteotan Nafarroan erakundeetan egin duen lana: "Aurrerapen erabakigarria gizarte politiketan, sakontze demokratikoan, euskararen aurrerapenean, industriaren modernizazioan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egitean...".

"Oso garrantzitsua da azken urteotan eraiki duguna (...). Eta horregatik da bereziki mingarria eta tristea egun hauetan PSOErekin bizitzen ari garena. Berriro gogoratuko ditugu 90eko hamarkadan alderdi sozialistako buruzagiekin izandako garaiak, eta horrek sumindu eta haserretu egiten gaitu", esan du. Hori dela eta, EAJ-PNVk beti "arduraz eta irmo" jokatuko duela ziurtatu du, "interes orokorra zainduz, etikak eta gure lurraldearen mesedetan". Ez dugu ezer ezkutatzeko, eta burua gora joan gaitezke", berretsi du Hualdek," politika garbi, duin eta EAJ-PNVk Nafarroaren  alde eman dituen 115 urteak" aldarrikatzeko .

Maider Irujo Zulaikak, Nafarroako EGIren izenean, zera adierazi du, "gazteok dugu  gaur hemen egon gaitezen belaunaldi batean eta hurrengoan lan nekaezina egin duten  jeltzaleengandik jaso ditugun legatua eta  ondarea hobetzeko ardura". Irujok, gainera, EAJ-PNVren eredua aldarrikatu du: "Etxebizitza duinaren, hezkuntzaren eta gazteen prestakuntzaren alde lan egiten duen herri eredua; euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen alde lan egiten duen eredua; pertsonak helburu dituen eta gorrotorik eta liskarrik gabe eta  elkarrizketaren eta errespetuaren bidetik eraikitzeko eredua; gure sustraietatik eta nortasunetik sortzen den eredua, etorkizunari itxaropenez eta anbizioz begiratzen diona".

 

Interesatu Zaitez