Interkonexio elektrikoetarako eta itun industriala azkartzeko helburu lotesle baten alde bozkatu du EAJ-PNVk Euroganberan

Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak bi mozio babestu ditu, sarea garatzeko fasean zein industria-politikan orain artekoa baino are anbizio handiagoa eskatuz

Interkonexio elektrikoetarako eta itun industriala azkartzeko helburu lotesle baten alde bozkatu du EAJ-PNVk Euroganberan 19Ekainak
EkainaK 19 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Europako Parlamentuaren osoko bilkurak ekimen-txosten bat onartu du gaur, ostegunarekin, EAJ-PNVren aldeko botoarekin. Idazkian kritikatzen da estatu kide batzuek 2010erako planteatutako % 10eko interkonexio-helburua oraindik lortu gabe jarraitzen dutela, eta Europako Batzordeari  eskatzen zaio "2026ko ekainean beranduenez, 2036rako interkonexio-helburu lotesle bat" proposatzeko. Txostenak bereziki azpimarratzen du mugaz gaindiko interkonexioak hobetzeak energia aurreztea ekarriko lukeela: 2040. urtera arte 9.000 milioiko sorkuntza-kostuen urteko aurrezkiak, urteko finantzaketa-premien oso gainetik dagoen kopuruan, hain zuzen.

Txostenak ildo beretik jasotzen duenez, azpiegitura elektrikorako baimenak emateko prozedurak azkartu  egin behar dira, prozesuak digitalizatu behar dira, eta EBko herrialdeek sare elektrikorako duten gaitasuna erabat aztertu, optimizatu, modernizatu eta zabaldu behar dute, ekonomia lehiakorragoa eta zero emisio garbiko ekonomia lortzeko. Izan ere, merkatu elektrikoaren integrazioa burutzeak urtean 40.000 milioi euro aurreztea ahalbidetuko du. Elementu aipagarria da hori, hemendik eta 2030 urtera bitartean elektrizitate-kontsumoa % 60 handituko dela aurreikusten baita, eta banaketa-sareen % 40 duela 40 urtekoak dira, eta premiazkoa da horiek modernizatzea.

Hain zuzen ere, Parlamentuak gogorarazi du 2030era arte EBk 584.000 milioi baino gehiago inbertitu beharko dituela elektrizitate banaketa-sareetan, garraio-sare elektrikoetan eta mugaz gaindiko interkonektoreetan. Beraz, energiak lehentasuna izaten jarraitu behar du hurrengo aurrekontuetan eta mugaz gaindiko proiektuak finantzatzen jarraitu behar duten Europa Konektatzeko Mekanismoa bezalako tresnetan, itsasoko sare elektrikoak barne.

"Hemen nabarmendu behar ditugu Bizkaiko Golkotik eginiko interkonexioa eta antzeko proiektuak. Golkoko interkonexioa Europa osoarekin konektatzeko proiektu estrategikoa da, eta aste honetan jakin izan dugu Europako Inbertsio Bankuak 1.600 milioiko mailegua emango duela horretarako", nabarmendu du Agirregoitiak itsaspeko kablearen finantzaketari buruz, esandakoari Europa Konektatu mekanismoaren bidez Europako aurrekontuetatik emandako 578 milioi euroak gehituko zaizkiola gogoratuz.

Europako Parlamentuaren jarrera finkatzen duen Industria Itun Garbiari buruzko ebazpen baten alde ere bozkatu du eurodiputatu jeltzaleak. Testuak Europako Batzordeari eskatzen dio plangintza-fasetik aurrera eginez ekintzara igaro dadila, lehiakortasuna indartzeko, baimen-prozedurak arintzeko eta neurri gehigarriekin finantzaketa-eskaerak sinplifikatzea bultzatzeko.

Testu berean aipatzen dira hidrogeno berriztagarria, epe labur eta ertainean elektrifikazioaren mende egon ezin daitezkeen sektoreetarako kostu txikiko gasa, eta energia-azpiegiturak bultzatzeko beharra, bereziki mugaz gaindikoak, interkonexioak barne, eta Batzordeari eskatzen dio elektrizitatearen mugaz gaindiko merkataritza bultza dezala, horniduraren fidagarritasuna hobetzeko. Mozioak Europako merkatua babesteko beharra aipatzen du, hirugarren herrialdeen gehiegizko gaitasun industrialak ekarri duen lehia desleialari planto egiteko.

Interesatu Zaitez