Euskal Taldeak Espainiako Gobernuari eskatu dio arrantzan belaunaldi-erreleboa bermatzea, estatuko herritarrak ez direnentzat lan-aukera gehiago emanez

Gobernuari kontrola egiteko saioan, Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak neurriak hartzeko eskatu dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroari, itsasontzi, tripulatzaile eta patroi eta kapitain kopuruaren beherakadaren aurrean

Euskal Taldeak Espainiako Gobernuari eskatu dio arrantzan belaunaldi-erreleboa bermatzea, estatuko herritarrak ez direnentzat lan-aukera gehiago emanez 18Ekainak
EkainaK 18 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Euskal Taldeak Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroari eskatu dio arrantza-sektorean belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko, legedia egokituz, estatuko herritar ez diren pertsonek ere erantzukizuneko karguetan aritu ahal izan daitezen. Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak argudiatu duenez, "lanbidearen gogortasunaren eta kanpoko zein bertako beste arrazoi askoren ondorioz, gero eta itsasontzi gutxiago daude eta, batez ere, itsasora ateratzeko prest dagoen jende gutxiago dago". "Gero eta tripulatzaile gutxiagorekin geratzen ari gara, baina baita arrantza patroi edo kapitainik gabe ere", gaineratu du.

Bere hitzaldian, Agirretxeak azaldu duenez, leku askotan, Euskadin kasu, "munduko beste herrialde batzuetatik, gehienbat Afrikatik, etorri diren pertsonak dira portu askotan jarduera beren gain hartzen eta sostengatzen ari direnak", eta "itsasoaren lanbidea lantzeaz eta ezagutzeaz gain, bizi eta lan egiten duten herrietan finkatzen, sozializatzen eta sustraitzen" direla ospatu du. Halaber, diputatu jeltzaleak defendatu duenez, migratzaile horiek "arrantza-ontzietan marinel gisa lan egin nahi dute", eta "arrantza-eskoletan trebatzeko ardura dute, lanbidean aurrera egiteko eta patroien edo makinisten titulazioa ateratzeko ikasketak egiten ari baitira".

Testuinguru horretan, Joseba Agirretxeak kritikatu du langile horiek "titulazioa izan dezaketela, baina ezin dutela lanbidean jardun"; izan ere, egungo "Itsas Nabigazioaren Legeak galarazi egiten du estatuko herritar ez diren pertsonek itsasontzi bateko kapitain kargua eskuratzea". "Legedia beharretara egokitu behar da, ezin da oztopo izan eta, kasu honetan, hala da", ondorioztatu du.

Euskal Taldeak espero du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak osoko bilkuran emandako erantzunari jarraipena ematea. Bertan, "egokitzat" jo baitu legedia aztertzea, eta Euskadik langile migratzaileen integrazioan duen zeregina nabarmendu du.

Interesatu Zaitez