Atzerritarrentzako lan-baimenak EAEri eskualdatu zaizkiola ospatu du Euskal Taldeak

EAJ-PNV Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok azpimarratu du Ministroen Kontseiluak gaur onartu duen atzerritarrentzako lan-baimenei buruzko Errege Dekretuarekin "beste urrats bat ematen dela inbestidura-akordioak betetzeko"

Atzerritarrentzako lan-baimenak EAEri eskualdatu zaizkiola ospatu du Euskal Taldeak 17Ekainak
EkainaK 17 |
Kongresua

PARTEKATU

Ministroen Kontseiluak Errege Dekretu bat onartu du astearte honetan, atzerritarrentzako lan-baimenei lotutako izapideak EAEra eskualdatzeko; horrela, EAJ-PNV Euskal Taldeak inbestidura-itunean jasotako beste mugarri bat betetzen da.

Errege Dekretuaren prozedura Eusko Jaurlaritzak eskatuta hasi zen, Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen bileran, joan den martxoaren 6an. Errege-dekretu horretan sartzen dira atzerritarrek beren edo besteren kontura lan egiteko hasierako baimenak, sasoiko lanetarako baimenak, jatorrizko kontratazioen kudeaketa kolektiboarekin lotutako izapideak eta lan-kontratuak eta gizarte- eta lan-errotzea lortzeko behar diren prestakuntzak egiaztatzeko txostenak. 2025eko uztailaren 1etik aurrera izango da eraginkorra.

Errege Dekretuak Jarraipen Batzorde bat eratzea aurreikusten du, eskualdaketa eta lankidetza-formulak bermatzeko, hala nola, aplikazio informatikoen erabilera, informazio-trukea edo hitzarmenak eta akordioak sinatzea.

Aldi berean, Ministroen Kontseiluak EAEri eskualdatutako lan-ikuskaritzaren arloko eginkizunak zabaltzea ere onartu du, atzerritarrei baimenak emateko.

"Madrilen egiten dugun lana Euskadiren eta bere herritarren interesak defendatzea da. Akordio horiek betetzearekin batera, inbestidura-itunean jasotako mugarriak idatziko ditugu pixkanaka. Legegintzaldia mantentzen den bitartean hori izango da gure helburua", adierazi du Vaquerok.

Gaur ere onartutako amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikoaren prozedura arautzen duen Errege Dekretuari dagokionez, Euskal Taldeak konpentsazioen baldintzak, zenbatekoa eta onuradunak aztertuko ditu, substantzia horren eraginpean egoteagatik beren osasuna kaltetu zaien pertsonen beharrak betetzen dituzten ikusteko.

Eusko Taldeak Espainiako Gobernuari eskatzen dio konpentsazio hori ezartzeko, 2022an Eusko Legebiltzarraren legegintza-ekimen baten ondorioz amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funts bat sortzeko Legea onartu zenetik. Ekimen hori, besteak beste, Maitane Ipiñazar legebiltzarkideak eta orain EBBko kide denak defendatu zuen Kongresuan.

Interesatu Zaitez