Aitor Esteban: "Politikagintzan derrigorrezkoa da etika, eta marra bat dago. Ikusiko dugu korapilo horretan zer dagoen eta horren arabera erabakiko dugu zer jarrera hartu"

Herri Irratian egin dioten elkarrizketan, EBBren buruak esan du Estatuko egoera politikoa “oso larri eta delikatua” dela, eta batzuei eta besteei eskatu dizkie “zuhurtasuna, eredugarritasuna eta apaltasuna”, eta esan du Madrilgo legegintzaldiaren etorkizuna erabakiko dela “hau guztia behar bezala argitzen denean” eta Aurrekontu bat onartzerik dagoenean

Aitor Esteban: 17Ekainak
EkainaK 17 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Politikagintzan etika bat behar da, eta marra bat dago. Ikusiko dugu mataza horretan zer korapilo dagoen eta, hortik aurrera, alderdi politikook erabakiak hartzen joango gara”. Horixe da Aitor Estebanek gaur eman nahi izan duen mezu nagusia, PSOEko izen esanguratsuak inplikatzen dituen ustezko ustelkeria kasuarekin sortu den egoerari dagokionez. Ezaguna denez, horien artean daude José Luis Ábalos eta Santos Cerdán idazkari nagusi ohiak.

Herri Irratian egin dioten elkarrizketan, EBBren presidenteak esan du egoera “oso larri eta delikatua” dela, bereziki kontuan harturik ustezko ustelkeria kasuetan inplikatuta daudenak zein diren, UCOk egin duen txostenaren arabera, eta txosten hori “Gobernuko presidenteak lehen unetik beretik ontzat eman duela gogoan”. Zentzu horretan, Estebanek PSOEri exijitu dio “egoera argitzea” eta “gako gisa” planteatu du argitu behar dela “beren probetxu pertsonalerako aritu diren hiru pertsona ote diren eta jarduera hori sistemikoa ote den”.

Jeltzaleen buruak aukera hau baliatu du batzuei eta besteei “zuhurtasuna, eredugarritasuna eta apaltasuna” eskatzeko. “Denei gomendatzen diet, nigandik hasita, zuhurtasun  apur bat eta apaltasuna. Itxaron egin behar da gauza guztiek zer norabide hartzen duten ikusi arte. Zorrotzak izan behar dugu gardentasunarekin eta argitu beharra dago beren probetxurako aritu diren hiru pertsonak diren ala ez”, nabarmendu du.

Hain zuzuen ere, atzo bertan Gobernuko presidenteak eman zuen prentsaurrekoa ekarri nahi izan du gogora: “Ikuspuntu ideologiko batetik uler nezake esatea bere derrigorra dela Gobernu honi kosta ahala kosta eusteko asmoa duela, baina hori esatea  da `hemen edozer sar daitekeela´ esatea bezala, eta nik uste dut hemen edo han marra bat egon badagoela”, esan du EAJ-PNVren EBBko presidenteak. Estebanek ziurtatu duenez “argi daukagu hemen korapilo bat dagoela eta matazaren hasiera baino ikusten ez dugula. Bada, mataza hori askatzen joan beharko dugu eta, beraz, adi egon beharko dugu”, esan du.

Madrilgo Legegintzaldiaren etorkizunaz galdetu diotenean, Estebanek bi baldintza planteatu ditu. Lehenik eta behin “hau guztiau behar bezala argitzea, eta bigarrenik, Aurrekontu bat onartzen saiatzea. Bestela, oso konplikatu ikusten dut”, amaitu du.

 

Interesatu Zaitez