Jeltzaleen burutzak, Estatutua onartu zeneko lehen Eusko Jaurlaritzaren 45. urteurrenaren kariaz bere asteroko bilera Gasteizen egin duela, “larri eta oso kezkagarri” jo ditu azken asteotan ezagutu izan diren albisteak
EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak are irmotasun eta gardentasun handiagoak exijitu dizkio Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEren idazkari nagusi Pedro Sánchezi, eta argitasuna erreklamatu dio ‘Koldo auzia’ izenekoaren eta iragan astean UCOk ezagutzera eman zuen txostenaren inguruko azalpenak ematerakoan, zeinetan Santos Cerdán antolakuntza idazkari ohia aipatua izan baita.
Diktaduraren ostean, Eusko Jaurlaritzaren lehen Gobernu Batzordearen bilkuraren 45. urteurreneko ospakizunen kariaz asteroko bilera Gasteizen egin duelarik, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak aztergai izan du PSOEko hainbat ordezkari nabarmeni eragiten dieten ustezko ustelkeria kasuek sortu duten egoera politikoa. Hala, “larri eta oso kezkagarri” jo ditu orain arte argitaratutako albisteak eta ohartarazi du “adi jarraituko duela” datozen egun eta asteotan ezagutu ahal izango den edozein informazioren aurrean.
Zentzu honetan, EBBk beharrezkotzat jo du gaur egin den iragarpena, bere borondatez Sánchez Diputatuen Kongresuan agertuko baita azalpenak emateko. Era berean konfirmatu du Espainiako Gobernuko presidenteak parlamentuko taldeekin egingo duen harreman errondan parte hartuko duela.
EBBk, gainera, “erantzukizun publiko orok izan behar duen eredugarritasunarekiko konpromiso negoziaezina” gogorarazten du, eta “ekintza politikoan zintzotasuna eta integritatea balio ukaezinak direla gure eguneroko portaeran” azpimarratzen du.
Jeltzaleen burutzak, gainera, ziurtatu du ustezko ustelkeria kasuak “erabat gaitzesgarriak” direla, eta adierazi du horrek ere dakarrela, zoritzarrez, hiritargoaren desafekzioa politikarekiko, agenda politikoa blokeatzeak euskal gizartearentzat dakartzan ondorio kaltegarrietaz gain.
Azkenik, EBBk “gaitzespen osoa” eman die ministro ohi eta sozialisten antolakuntza idazkari ohi José Luis Ábalosen eta Koldo García aholkulariaren artean ezagutu diren emakumeen inguruko adierazpen "matxista" eta "onartezinei”.