MUBIL Centerrek ateak zabaltzen ditu eta Gipuzkoa mugikortasun adimendun eta jasangarriaren berrikuntzarako Europako nodo gisa proiektatzen du

MUBIL Centerrek 8 enpresa eta 2 kudeatzaile teknologiko hartuko ditu. Guztira 80 profesional arituko dira lanean in situ mugikortasun adimendun eta jasangarri baterako irtenbide berritzaileak garatzen

MUBIL Centerrek ateak zabaltzen ditu eta Gipuzkoa mugikortasun adimendun eta jasangarriaren berrikuntzarako Europako nodo gisa proiektatzen du 12Maiatzak
MaiatzaK 12 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Mugikortasun adimendun eta jasangarriaren etorkizuna gidatzeko, MUBIL Centerrek ofizialki inauguratu ditu gaur Eskuzaitzetako (Donostia) instalazioak, eta Gipuzkoa eta Euskadi erreferente bihurtu ditu Europan mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloko ikerketan, garapenean eta berrikuntzan.

Inaugurazio ekitaldiaren buru Imanol Pradales Lehendakaria izan da, eta harekin batera izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Igor Villarreal MUBIL Fundazioko zuzendari nagusia. Topaketan Gipuzkoako eta Euskadiko ordezkaritza instituzional nabarmena bildu da, bai eta mugikortasunaren sektoreko eragile nagusiak ere, enpresak, enpresa-elkarteak, unibertsitateak eta erreferentziazko zentro teknologikoak barne.

Jardunaldia MUBIL Centerren garrantzi estrategikoari balioa eman dion ekitaldi instituzional batekin hasi da, eta, ondoren, ibilbide gidatu bat egin da. Ibilbide horretan, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu dituzte hiru laborategien funtzionamendua eta zentroaren gaitasun paregabeak.

Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu duenez, "proiektu hau, Euskadik Europako berrindustrializazioaren lidergoan kokatzeko duen anbizioa islatzen duen herri-proiektua da, eta, zehazki, mugikortasun adimentsu eta jasangarriari eragiten diona". "MUBIL, elektro mugikortasuna eta garraioaren digitalizazioa bezalako funtsezko teknologiak garatzeko laborategi aurreratuek dituen abangoardiako azpiegitura bat da", adierazi du Lehendakariak, eta zentro berria Euskadiko energia-trantsiziorako "adibide argia" dela gaineratu du.

Bakarra Europan: MUBIL Centerrek aurrekaririk gabeko gaitasun teknologikoak eta berritzaileak biltzen ditu mugikortasunaren etorkizuna gidatzeko

Eskuzaitzetako (Donostia) 48.000m2-ko lursailak MUBILen mugikortasun ekosistemaren zati bat hartuko du. Azalera horretatik, 9.700 m2 MUBIL Center azpiegitura teknologiko berria eraikitzeko erabili dira. 25 milioi euroko inbertsioarekin, mugikortasun soluzio aurreratuen garapena, balidazioa eta ziurtapena bultzatzeko diseinatu da azpiegitura hori.

Instalazioak hiru entsegu-laborategi ditu, eta, MUBIL Centerren inguruan sortutako ekosistemarekin batera, Europan bakarra den ezagutzaren eta testatzeko eta berritzeko gaitasunen kontzentrazioa biltzen du:

  • Biltegiratze elektrikoko laborategia: segurtasun- eta fidagarritasun-estandar zorrotzenetan gelaxkak, moduluak eta bateria-sistemak probatzeko.
  • Trakzio elektrikoko laborategia: automobilgintzaren eta garraio astunaren sektorerako motor-, inbertsore- eta transmisio-sistemak probatzeko.
  • Hidrogeno-pilen laborategia: hidrogenotik abiatuta elektrizitatea sortzeko sistemak probatzeko eta balioztatzeko azpiegitura.

Bisitan, bertaratutakoek laborategi horien jarduera ezagutu ahal izan dute, lurraldearentzako berrikuntza-motor estrategiko gisa eratzen den zentro baten gaitasun teknologikoak agerian utziz.

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak honela definitu du MUBIL: ekonomiaren "orainaren eta etorkizunaren" eta Gipuzkoako enpresa-sarearen lehiakortasunaren aldeko "apustu industriala", gizartearen barruan "kalitatezko enpleguaren eta ongizatearen benetako eragile" dena. "Gaur egungoa bezalako eraldaketa, ziurgabetasun eta ezegonkortasuneko uneetan, gure industria eta gure enpresak babestea eta bultzatzea ezinbestekoa da gure lurralderako. Abangoardia izatea, arrastoa uztea da gure industria babesteko eta gure enpresen lehiakortasunari laguntzeko modurik onena, are gehiago mugikortasunaren sektorean, hain garrantzitsua den eta hainbeste pisu eta proiekzio duen sektorean", adierazi du.

Mendozak gogorarazi duenez, MUBIL irekitzeak berekin dakar Foru Aldundiak gure garaiko eraldaketa sozial eta ekonomikoei aurre egiteko diseinatutako "erreferentziazko, espezializazioko eta lankidetzako zentroetako" bat gauzatzea. Gaineratu duenez, lurraldeko eta herrialdeko enpresen eta teknologia zentroen “zerbitzura” dagoen testatzeko eta berritzeko “azpiegitura bereizgarria” da. "Aurrera egin behar dugu mugikortasun jasangarri eta adimendunaren arloan"; izan ere, "funtsezko" eremua da gure gizartea deskarbonizatzeko eta gizarte osoaren "ongizaterako", eta horrek, adierazi duenez, "aukera-eremu berriak" dakartza gure ekonomiarentzat. Hala ere, "denok batera, urrats irmoz" egitearen alde agertu da, inplikatutako eragile, erakunde eta enpresa guztien "lankidetza" biderkatuz. "Mugikortasunarekin lotutako ekosistema industriala gure lurraldean eta gure herrialdean hazteko, enpresentzat eta pertsonentzat proiektu ilusionagarriak sortzen jarraitzeko, eta Gipuzkoa pertsona guztiei aukerak eta ongizatea eskainiko dien lurraldea izaten jarraitzeko", gaineratu du.

Berrikuntza irekiko ekosistema bat, talentua, teknologia eta etorkizuna lotzen dituena 

MUBIL berrikuntza irekiko benetako ekosistema gisa eratzen da, eta lankidetzako ingurune bat eskaintzen du startup-ak, ETEak eta konpainia handiak mugikortasun adimendun eta jasangarriko irtenbideen garapenean bultzatzeko. Instalazio horietan honako enpresa hauek egongo dira: Battera, Lazpiur, NX, Wattson, Battbelt, Veltium, AVL, Novac, MUBIL bera, bai eta Cidetec eta EPower Labs kudeatzaile teknologikoak ere, eta 80 profesionalez osatutako talde bat bilduko da bertan lan egiteko.

Gune berritzaile horri gehituko zaio Vicomtech, Cidetec eta Tecnalia zentro teknologikoetako mugikortasuneko I+G unitateak Eskuzaitzetara lekualdatzea, eta, horrela, indartu egingo da Gipuzkoak mugikortasunaren arloko gaitasun teknologikoetan eta berrikuntzan Europako erreferente gisa duen posizioa.

2018an sortu zenetik, MUBIL proiektuak helburu argi bat izan du: mugikortasunaren dinamika berriei aurrea hartzea, balio erantsi handiko enplegua sortzea eta Gipuzkoaren lehiakortasun-posizionamendua indartzea etorkizuneko eremu estrategiko batean.

Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak adierazi duen bezala, “Gaur ikuspegi partekatu baten emaitza inauguratzen dugu. Ikuspegi horretan, eragile bakoitzak bere talentua, ezagutza eta konpromisoa jarri ditu, etorkizunerako funtsezkoa den sektore bati forma emateko. Hau ez da proiektu baten amaiera, elkarrekin egiten ari garen bide baten abiapuntua baizik. Azken urteotan Gipuzkoako Foru Aldundian ekonomia berriak sortzeko eta, aldi berean, gure enpresa-sarearen sendotasuna indartzeko bultzatzen ari garen aurrea hartzeko estrategiatik sortu da etorkizun hori. Ekosistema dinamiko batez ari gara, mugikortasunaren sektoreko balio-katea osatzen duten enpresen beharretara egokitzeko gai dena, eta negozio-aukera berriak sortzeko aukera emango diguna, egunez egun ekonomia lehiakorragoa, ongizatea sortuko duena eta etorkizunekoa eraikiz".

Indarrez abiatzen den agenda estrategikoa 

MUBIL Centerren inaugurazioak, halaber,  berrikuntza, aukeren sorkuntza eta proiektuen eta nazioarteko inbertsioaren erakarpena bultzatuko duten jardueren agenda trinko baten hasiera markatzen du. 

Maiatzaren 23an, Mugikortasun Jasangarriaren Ikerketa Agendaren Aurkezpen Ofiziala egingo da, Basque Research Technology Alliance (BRTA) buru dela. Egun batzuk geroago, maiatzaren 29an, Mubil Lab Experience nazioarteko ekitaldia egingo da, nazioarteko enpresa garrantzitsuak bilduko dituen topaketa teknikoa, sektorean dituzten garapenak eta estrategiak partekatzeko. Ekainean, MUBILek karga elektrikoari buruzko foro sektoriala hartuko du, eta ekainaren 12an MUBIL City Science Experience inauguratuko du, MITekin lankidetzan egindako proiektu bat, Gipuzkoako mugikortasunari buruzko datuak biltzean eta aztertzean oinarritzen dena. Uztaila mugarri garrantzitsu baten lekuko izango da, Mugikortasun Enpresen Aholku Batzordea eratuko baita, zentroaren lehentasunak eta ildo estrategikoak bideratuko dituena. 

Urteko azken hiruhilekoan, MUBILek ekintzak eta ekitaldiak bultzatzen jarraituko du, Gipuzkoak aukerak sortzen dituen lurralde gisa eta mugikortasun jasangarriaren arloko nodo estrategiko gisa duen posizionamendua finkatzeko.

Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun adimendun, jasangarri eta globaleko eredu baterantz

MUBIL Center lurraldearen berrikuntza-ahalmenaren eta sendotasun industrialaren arteko konbinazio ezin hobea da. Azpiegitura estrategiko horri esker, lurraldeak etorkizuneko mugikortasunaren erronkei aurre egiteaz gain, Europa mailan mugikortasunaren garapena gidatu ahal izango du.

Apustu horrekin, Gipuzkoak bere papera indartzen du, Europako mugikortasun adimendun eta jasangarriko berrikuntza-polo nagusietako bat den aldetik, eta aukera ekonomiko eta sozial berriak sortzen ditu gizarte aurreratuagoa eta ongizate handiagokoa lortzeko bidean.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez