Euskadik Hirugarren Sektorearekin duen konpromisoa berretsi du: “Ezin dugu inor atzean utzi”, baieztatu du Pradalesek

Eusko Jaurlaritzak Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza sortu du, eta Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Plana onartu du, bide-orri gisa ongizate iraunkor, lehiakor eta inklusibo baterantz

Euskadik Hirugarren Sektorearekin duen konpromisoa berretsi du: “Ezin dugu inor atzean utzi”, baieztatu du Pradalesek 08Maiatzak
MaiatzaK 08 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Maiatzaren 12an ospatuko den Euskadiren Hirugarren Sektore Sozialaren Egunaren harira Sareen Sareak Vitoria-Gasteizko Artium museoan antolatutako ekitaldi batean parte hartu du gaur goizean Imanol Pradales Lehendakariak. Soraia Chacón Sareen Sarearen presidentea jardunaldiaren buru izan da.

Ekitaldi honi esker, era berean, gogora ekarri dute maiatzaren 12ko 6/2016 Legea indarrean jarri izana, izan ere, lege horrek Euskadiren Hirugarren Sektore Sozial osoari aitorpena egitea ekarri zuen, politika publikoak diseinatu eta ebaluatzeko eragile gako gisa duen nortasuna, funtzio  soziala eta zeregina finkatuz, bai eta erakunde eta gizarte zibilaren artean elkarlanean ardaztutako gobernantza sustatzeko ere.

Ildo beretik, Lehendakariak bere agerraldian nabarmendu du Hirugarren Sektoreak zeresan garrantzitsua duela lurraldearen kohesio sozialean, eta argi utzi du ezin dela inor atzean utzi. “Pertsona guztiek bizitza proiektu zoriontsuak garatu ahal izateko beharrezko baldintzak eraiki behar ditugu. Horretarako, hiru zutabe hauek ezinbestekoak dira: borondate politikoa, komunitate trinkoa eta bion arteko elkarlan eraginkorra”, nabarmendu du.

Ekitaldiaren baitan, 2025eko Sareen Saria banatu dute, kasu honetan, Concha Clavero Molinaren ibilbidea aitortu dute, hain justu ere, politika publiko inklusiboak bultzatzen eta ikuspegi komunitario eta feminista batetik herritarrek parte hartzeko guneak eraikitzen egin duen lan guztiarengatik.

Lehendakariak euskal eredua nabarmendu du, pertsonengan oinarritutako erakundeen eta herritar konprometituen arteko elkarlanean ardaztua. Lehendakariaren ahotan, “Euskadin garbi daukagu zein den eredua: pertsonek urrats bat aurrera ematen dute, komunitatetik abiatuta”. Horretaz gain, Euskadiren Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten 170.000 boluntario horien lana aitortu du, eta Concha Claveroren ondarea goraipatu du, batik bat, industria krisiak, langabeziak eta drogazaletasunak  baldintzatutako garai haietan.

“Ziur aski, demokrazia indartzea da garai hauetako erronkarik handienetakoa, betiere justizia sozialari lotuta”, baieztatu du Pradalesek, eta argi utzi du gizarte aberats, bateratu eta zuzena eraikitzeko ezinbestekoa dela erakundeak garapen sozial eta komunitarioarekin konprometituta egotea. Zentzu horretan, ohartarazi du erronka batzuk parean ditugula, esaterako, pobrezia iraunkorra, biztanleriaren zahartzea eta migratzaileen gizarteratzea; desafio horiek gainditzeko, erakundeen, sektore sozialaren eta herritarren arteko elkarlan azkar eta eraginkorraren alde mintzatu da.

Hari beretik tiraka, Pradales Lehendakariak komunitatearen zeregina aldarrikatu du “gure jokabidea gidatzen duen iparrorratz gisa, horrela, indibidualismoaren eta kontsumismoaren tranpan ez erortzeko, eta ulertzeko zaintzan, hurbiltasunean, konfiantzan, prestutasunean eta elkarlanean ardaztutako gizarteak soilik direla benetan erresilienteak”.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza sortu berri duela gogorarazi du Lehendakariak, bai eta Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Plana onartu berri duela ere, zeina bide-orria izango baita ongizate iraunkor, lehiakor eta inklusibo baterantz. Horretaz gain, dagoeneko 2025-2028 eperako boluntariotza estrategia berritzeko lanean dabiltzala aurreratu du, belaunaldi-erreleboan arreta berezia jarriz.

Euskadiren Hirugarren Sektore Soziala irabazi asmorik gabeko herritarren ekimenetatik jaiotako hainbat erakundek osatzen dute, egoera zaurgarrian dauden pertsona eta taldeen eskubideak eta gizarteratzea sustatzean oinarritutakoak. Une honetan, 4.200 entitatek osatzen dute, 45.000 pertsona baino gehiagori lana ematen dio eta, orotara, 170.000 boluntario inguru biltzen ditu.

Sareen Sareak, ekitaldiaren antolatzaileak, guztira, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko 18 sare biltzen ditu, eta hainbat eremu lantzen ditu, besteak beste, desgaitasuna, inklusioa, familia, pertsona helduak, haurtzaroa, immigrazioa, enplegu babestua, ekonomia soziala, laneratzea eta garapenerako lankidetza.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez