EAJ-PNVk muga-zergen krisiari aurre egiteko laguntza eskaini die Lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari

Joseba Díez Antxustegik Pradalesen lidergoa azpimarratu du, eta gogorarazi du alderdi jeltzalea etxeko lanak egiten ari dela Euskadik edozein ziurgabetasun ekonomikori aurre egin ahal izateko tresna ekonomiko, finantzario eta fiskal onenekin

EAJ-PNVk muga-zergen krisiari aurre egiteko laguntza eskaini die Lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari 14Apirilak
ApirilaK 14 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVk babes osoa eskaini die gaur Lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari Trumpek eragindako muga-zergen krisiari eta bere erabakiek eragin duten ziurgabetasun ekonomikoari aurre egiteko. Lehendakaritzan Imanol Pradalesekin berarekin izandako bileraren ondoren, Eusko Legebiltzarreko EAJ-PNVko bozeramaile eta Euzkadi Buru Batzarreko burukide Joseba Díez Antxustegik gogorarazi du Euskadi etxeko lanak egiten ari dela etorkizuneko edozein egoera ekonomikoren aurrean ahalik eta ondoen erantzuteko.

"Lehendakaria bere lidergoa erakusten ari da, bai aurreko astean iragarritako neurriekin, bai gaur Lehendakaritzan egindako alderdi-erronda honekin", azaldu du Díez Antxustegik Sabin Etxean egindako balorazioan, "eta Euzko Alderdi Jeltzalea bera ere bere lidergoa erakusten ari da etxekolanak eginez eta Euskadi edozein egoeratarako prest egon dadin tresna ekonomiko, finantzario eta fiskalak mahai gainean jarriz". Ildo horretan, bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri ditu Diputatuen Kongresuak joan den astean berretsitako Kontzertu Ekonomikoaren eguneratzea, "gure enpresentzat eta industriarentzat erakargarria den fiskalitatea finkatzen duen" zerga-esparruaren eguneratzea, edo Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantza Aliantza abian jartzea.

"Gure ahalegin guztia enplegua eta gure industria-sarea defendatzen jarri behar dugu", laburbildu du Diez Antxustegik. Horretarako, oso modu positiboan baloratu ditu lehendakariak egindako planteamenduak, hala nola esportatzeko merkatu berriak bilatzea, edo Europaren lidergoa indartzea muga-zergen krisiari aurre egiteko.

Joseba Diez Antxustegik Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi politikoen arteko batasuna ere eskatu du. "Azken egunetan errepikatu dugu: denok batera arraun egin behar dugu. Martxan jarriko diren neurriek adostasun politiko zabala izatea merezi dute gure enpresek eta gure industriak ", adierazi du.

Interesatu Zaitez