PPren Antolakuntza idazkariordeak egin dituen adierazpenei erantzunez, Araba Buru Batzarraren buru Jone Berriozabalek adierazi duenez “EAJ ez da inoren makulu, ez da izan eta ez da izango. EAJ da Herri honen zentralitate politikoa. Proiektu arduratsua, eraikitzailea eta alderdi politiko guztiekiko elkarrizketara irekia”
Berriozabalek ildo beretik gaineratu duenez “egia da aspaldi honetan PPko buruen aldetik entzun ditugula EAJrekiko oso eraikitzaileak ez diren adierazpenak. PPk hitz egiteko, akordioetara iristeko eta eraikitzeko borondaterik badu, ikusiko dugu aukerarik dagoen. Berrikitan izan dute aukera, zergen berrikuspenerako negoziaketan edo Herrialde Historikoetako aurrekontuen negoziaketan, eta PP izan da bere borondatez akordioetatik kanpo geratu dena. Beraz, aukerarik badago, ikusiko dugu akordioetara iristerik dagoen, errespetutik betiere”.
Onda Cero irratiari eskaini zaion elkarrizketan ABBren presidenteak hitz batzuk esan ditu apirilaren 20an ospatuko den Aberri Egunaz: “Jai eguna da eta, aldi berean, aldarrikapen eguna, Euskadik nazio aitortza argi eta berariazkoa behar duela exijitzeko”, adierazi du. EAJ-PNVk aurtengo ediziorako aukeratu duen goiburuari dagokionez ,“Euskadi gara, Mundialak gara” ABBren buruak adierazi duenez “EAJ alderdi europazalea izan da bere hasieratik, eta une honetan Euskadi gehiago da baina aldi berean Europa gehiago ere. Gure politikak betidanik egin ditugu Europara begira, eta horrek ekarri du gaurko autogobernu eta ongizate maila lortzea. Beraz, gure apustua argia da: Euskadiren nazio aitortza Europaren barruan”.
Imanol Pradales Lehendakariak gaur gainerako alderdi politikoekin ireki duen harreman errondari dagokionez, Berriozabalek balioan jarri du “ziurgabetasun aldi honetan“ egiten ari den lana “aurrea hartzen jakinez eta auzolanaren bidez”. Lan hori egiten ari dira “lanpostuak eta Euskadiko enpresa sarea babesteko eta AEB ez diren beste merkatuetararako bideak irekitzeko”. Gerra komertzialak gure ingurura ekarriko dituen ondorioez ohartarazi du , eta Europar Batasunaren eta Euskadiren arteko batasuna beharko dela aldarrikatu du. “Elkarrizketa erronda honetatik espero dudana da parlamentuko talde guztiak laguntzeko prest egon daitezela Eusko Jaurlaritzak, gainerako erakundeekin elkarlanean, egoera berri hau lidera dezan. Mahai gainean neurri zehatz batzuk ditugu eta espero dudana da talde guztiak egoerak eskatzen duen mailan egon daitezela eta lagundu dezatela Euskadi egoera honetatik ahalik eta ondoen atera dadin” esan du. “Ona litzateke-gaineratu du- Espainiako estatuan indar politikoak akordioetara iristeko gai izatea eta, gaur parlamentuko bozeramaileek esango dutenetik harago, ekintza zehatzak ikusi ahal izatea. Ekintzak gure enpresak babesteko, gure autonomoak, gure industriaren alde egiten jarraitzeko, gure Herriko funtsezko eragile ekonomikoa delako. Hurrengo hilabeteotan jarrera horrekin jarraitzea espero dut”.