Imanol Pradales Lehendakariak akordio bat iragarri du EUDELekin, Euskadin lurzoru publikoaren erreserba handi bat sortzeko, eta ekainean gazteentzako bi abal lerro abian jartzeko.
Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroak lehen osoko bilkura egin du gaur, eta mugarri izan da Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzarako lankidetza-gobernantzan. Abenduaren 17ko 475/2024 Dekretuaren bidez sortutako kontsulta-organo hau erakunde arteko eta eragile anitzeko partaidetza-gune egonkor gisa eratu da, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-erronkei erantzuteko politika berritzaileak aztertu, adostu eta proposatzeko.
Inaugurazio-topaketa Bilboko Euskalduna Jauregian egin da, eta bertan izan dira Imanol Pradales lehendakaria eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua. Lehendakariak bere hitzaldian iragarri duenez, datozen asteetan, Eusko Jaurlaritzak akordio bat sinatuko du EUDELekin, udalak ere inplikatzeko etxebizitzari buruzko soluzio bateratu bat bilatzen. Akordio horrek barne hartuko ditu, besteak beste, Euskadin lurzoru publikoaren erreserba handi bat sortzea, etxebizitza babestua eraikitzeko kalifikatutako lurzoru publikoa mobilizatzea edo azalera handiko etxebizitza zaharren banaketak bultzatzea.
Era berean, Imanol Pradalesek aurreratu du datorren ekainean gazteei zuzendutako gobernu-programan hitzartutako bi abal-lerroak eskuragarri egongo direla, lehenik eta behin maileguaren finantzaketa osatu ahal izateko eta, bigarrenik, alokairuen fidantza estaltzeko. "Badakigu gaur aurkezten ditugun neurri horiek ez direla nahikoak izango. Baina soluzioaren parte izango direla ere argi daukagu", berretsi du lehendakariak.
"Pertsona guztiek etxebizitza duina eta egokia eskuratzeko aukera gehiago sortzea lehentasun politikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat. Oso erronka handia dugu. Ekiteko oso zaila da, eta horretarako denbora beharko da. Etxebizitzaren erronka ez da soluzio magikoekin konpontzen. Ez dago horrelakorik. Baina Eusko Jaurlaritza gisa beharrezko urrats guztiak emango ditugu Euskadin etxebizitza eskuratzeko aukera berriak sortzeko", berretsi du lehendakariak.
Bestalde, Itxasok azpimarratu duenez, “aldaketak behar dira, eta Jaurlaritza entzutera eta egin beharreko aldaketak egitera etorri da. Hori da gure konpromisoa”. Foroari dagokionez, "parte-hartzearekin eta lankidetzarekin konpromiso irmoa" duela adierazi du. Izan ere, sailburuaren arabera, "funtsezko tresna da egin beharreko erreformetan asmatzeko eta adostasunak eraikitzeko, etxebizitza oinarrizko eskubide gisa eta ez pribilegio gisa eskuratzea bermatuko duen bizitegi-eredu baterantz aurrera egiteko".
"Plataforma anitza arazo konplexu baterako"
Hitzaldian, Itxasok foroaren izaera anitza nabarmendu du; izan ere, erakunde instituzionalak, sozialak eta profesionalak ordezkatzen dituzten 51 ordezkaritza izango ditu (4 Etxebizitza Sailekoak, 3 Eusko Jaurlaritzako beste sail eta erakunde batzuetakoak, 12 toki-erakundeetakoak, 15 gizarte-erakundeetakoak eta 17 etxebizitzaren esparru profesionaleko erakundeetakoak). Zentzu horretan, "soluzioak ahots guztiak entzunda eraiki behar dira, ahulenetatik hasi eta merkatuan eraldatzeko gaitasuna dutenetaraino", adierazi du Itxasok.
Lehen osoko bilkura horretan, Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldik eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainek ere parte hartu dute. Hauek azpimarratu dute foro horrek gune estrategiko eta plural gisa duen garrantzia etxebizitzaren arloko politika publiko efizienteak planifikatu eta gauzatzeko.
"Hiru lan-mahai aldaketa gidatzeko"
Foroa arintasun- eta adostasun-printzipioen arabera funtzionatzeko diseinatu da, eta, Eusko Jaurlaritzak proposatuta, hiru lan-mahaitan egituratuko da:
"Etxebizitza eskubide gisa, ez negozio gisa"
Ekitaldian, etxebizitza eskuratzeko erronkak gainditzeko konpromiso politiko sendo baten garrantzia azpimarratu du sailburuak, eta adierazi duenez, “ezin dugu onartu belaunaldi bat kolapsatzea, azkar jarduteko gaitasunik ez dugulako". Halaber, Itxasok Eudelekin lankidetza berretsi du, udalerrietan etxebizitza-politika publikoak ezartzea erraztuko duen protokolo bat garatzeko.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren ustez, gakoa da etxebizitza izateko eskubidea lehenestea interes espekulatiboen gainetik. "Etxebizitza gure legerian finkatutako eskubide bat da, baina baita merkatuko ondasun bat ere. Foro honek bi alderdiak orekatu nahi ditu, herritarren eskaerei erantzun eraginkorra emateko", esan du.
Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa ez da organo aholku-emailea soilik, Eusko Jaurlaritzak gobernantza parte-hartzailearekin eta gardenarekin duen konpromisoaren isla ere bada. Itxasoren arabera, "foro hau ez da berez helburu bat, baizik eta eragile sozial eta profesionalekin partekatutako bide baten hasiera, Euskal Autonomia Erkidego bidezkoago, jasangarriago eta bizigarriago bat eraikitzeko". Bestalde, Miguel de los Toyosek nabarmendu duenez, "Foroaren maila anitzeko ikuspegiak tokiko eta erkidegoetako politikak lerrokatzea ahalbidetuko du, eta, hala, bizitegi-erronkei erantzuteko gaitasuna indartuko du".
Era horretan, Eusko Jaurlaritzaren ustez, foro hau funtsezko elementua da Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036 izenekoaren barruan (90 erakundek baino gehiagok sinatu dute itun hori), eta funtsezko zutabea Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Euskal Legean zehaztutako helburuak lortzeko. Lehen urrats horrekin, Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa erreferente bat da politika inklusibo eta jasangarrien sorreran, eta etxebizitza duin eta eskuragarria lortzeko Euskal Autonomia Erkidegoak duen konpromisoa berresten du.
Iturria: Irekia