EAJ-PNVko eurodiputatuak, Costas Kadis eta Renew Europeko arrantza-taldearekin batera, Ozeanoen aldeko Ituna, arrantza-politikaren berrikuspena eta hirugarren herrialdeekiko akordioak jorratu ditu
Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatu eta Europako Parlamentuko arrantza batzordeko kideak txalotu egin du Costas Kadis Arrantza komisarioaren jarrera, Senegalgo portuetan amarratu behar izan duten lau euskal atunontzientzako konponbideak bilatzen laguntzeko, EBk Afrikarekin iragan azaroaren 17an sinatutako arrantza akordioaren amaieraren ondorioz. Legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzaren aurkako borrokan antzeman diren akatsak direla eta, Europar Batasunak erabaki du ezin dela protokoloa berritzea planteatu, Senegalek esparru horretan aurrerapen nahikoak egin arte.
"Bilera emankorra izan da. EBren eta Senegalen arteko akordioaren amaierak ekarri dituen ondorioen eta atunontziek aurre egin beharreko arazoen jakitun da, eta konponbideak bilatzeko konpromisoa hartu du. Senegalekin protokolorik ez izateak dakartzan inplikazioak azaldu dizkiogu, eta irtenbideak bilatzen laguntzeko eskatu diogu. Aztertzen ari direla baieztatu digu, eta ebaluazio bat bidaltzeko eta harremanetan jarraitzeko geratu da ", adierazi du Agirregoitiak ordu eta erdiko bileraren ostean. Bilera horretan Renew Europe arrantza batzordeko gainerako eurodiputatuek parte hartu dute.
Senegalen diren atunontzien egoeraz gain, Agirregoitiak baxurako eta alturako sektorearen eta kontserba-enpresen kezkak jarri ditu mahai gainean, joan den astean Bermeora egindako bisitan adierazi zioten bezala. Planteatutako gaien artean daude deskarbonizazio-prozesuaren eragina, legez kanpoko arrantzaren kontrola eta zaintza, lehia desleiala eta baliabide naturalen aldeko borroka, sektoreko inbertsioak erakargarriagoak egitearen garrantzia eta aurre egin beharreko tsunami arautzailea. Kadisek Europako arrantza-guneak bisitatzeko konpromisoa hartu du, errealitate desberdinak bertatik bertara ezagutzeko, eta Agirregoitiak Euskadi bisitatzera animatu du, sektoreak herrialdean duen pisua dela eta.
"Elkarrizketaz eta lankidetzaz defendatu behar dugu balioa eta enplegua sortzen duen eta tokiko eta Euskadi osoko garapenean laguntzen duen arrantza-jarduera. Arrantzako komisario bat behar dugu, entzungo gaituena, arrantza sektorearen interesak defendatuko dituena", aldarrikatu du euskal eurodiputatuak. Horretarako lehen aukera Ozeanoen aldeko Itun berria izango da. Itun horretan Europako Batzordeak lan egiten du, eta sektoreak iraunkorra, lehiakorra eta erresilientea izaten jarraituko duela bermatzea du helburu. Bruselak ekarpenak jasotzeko epea zabaldu du, eta "sektoreari parte hartzera eta bere jarrera eta ekarpenak helaraztera animatzen diogu", zeren "ekonomia urdinaz, berrikuntzaz eta nazioarteko akordioez hitz egingo duen proposamen bat definitzen amaitzeko balioko dute, eta lehentasuna izango du", Kadisek azaldu duenez, "ozeano osasuntsuak lortzea, arrantzaleek horixe nahi baitute".
Bileran, Kadisek arrantza-politika bateratuaren balizko berrikuspenari buruzko bere planak azaldu ditu. Europako Batzordeak, jakitera eman denez, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-inpaktuaren ebaluazio bat egin du, eta urte amaierarako egongo omen da. Azterketa horren emaitzen arabera erabakiko da zer aldaketa mota behar diren. Komisarioak Renew Europeko eurodiputatuei aurreratu dienez, bere helburua arauak sinplifikatzea eta burokrazia murriztea da, eta, beraz, etorkizunean edozein ekimen berri ondo fokalizatu beharko da.