Gutxiengoen eta Hizkuntzen Intertaldea Europako Parlamentuan berriro ere martxan Oihane Agirregoitiaren bultzada eta partaidetzarekin

Eurodiputatu jeltzaleak lana eta eztabaida partekatuko ditu Europako askotariko erregio eta lurraldeetako hogeita hamar bat eurodiputaturekin, eta gaur izan dira lantaldea eratzeko bilkuran

Gutxiengoen eta Hizkuntzen Intertaldea Europako Parlamentuan berriro ere martxan Oihane Agirregoitiaren bultzada eta partaidetzarekin  15Urtarrilak
UrtarrilaK 15 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Europako Parlamentuak 2024-2029 legealdian ere izango du Gutxiengo tradizionalen, Komunitate nazionalen eta Hizkuntzen Intertaldea  martxan, zeinetako kide izango den Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatua. Intertaldea eratzeko bilkura gaur bertan izan da, urtarrilak 15, asteazkenarekin, Bruselan, eta Renew Europe talde politikoaren barruan sustatu du diputatu jeltzaleak. Intertalde hau da  hurrengo bost urteotan lanean arituko diren 28etako bat, eta helburu izango du europar esparru integratzaile eta solidarioa sustatzea nazio gutxiengo tradizionalentzat eta hizkuntza gutxituentzat, alderdi politikoen arteko lankidetza transbertsala dela bide.

Lehen aldiz eratu zen 1983an- azken bost legealditan izan duen izen berberarekin- eta Europako Parlamentuan da  gutxiengo nazional bateko kide diren edo hizkuntza erregional batean mintzatzen diren 50 milioitik gora lagunek dituzten erronkei heltzeko eta ezagutzera emateko xedea duena. Iraganean oso talde aktiboa izan da hizkuntza gutxituen komunitateen eskubideen defentsa eta sustatze lanean, Parlamentuaren txostenetan zuzenketak jasoz, komunitateei ahotsa eta espazioa emanez  eta eskubideak urratzen zirenean, horiek salatuz edo jardunbide zuzenak ezagutzera emanez; eta gaur osatu den taldearen helburua da orain arteko bide beretik jarraitzea.

“Urte hauetan guztietan funtsezko topagunea izan da gutxiengoen, nazio tradizionalen eta beren hizkuntzen eskubideak sustatzeko, horien artean euskararenak, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, funtsezko eskubideez ari garelako”, baloratu du Agirregoitiak. Foro honetatik, eurodiputatu jeltzaleak lanean jarraituko du “Aniztasunean batuta” goiburua errealitate egiten jarraitzeko. Goiburu hori, hain zuzen Europar Batasunean 2000. urtean hasi zen erabiltzen  eta bakearen eta oparotasunaren alde lan egiteko helburua islatzen du, aldi berean Herrien Europa sustatuz, bai eta Europar kontinentearen baitan elkarrekin bizi diren kulturen, tradizioen eta hizkuntzen aniztasuna ere.

“Guztiz ezinbestekoa da erakustea Europan ez direla soilik lanerako erabiltzen diren 24 hizkuntza ofizialak, askoz ere gehiago baitira; eleaniztasuna aberastasuna dela, denoi on egiten digun errealitatea dela eta lanean jarraitu behar dugula ez bakarrik babesteko baizik eta baita espazioak irabazten jarrai dezan ere”, adierazi du. Helburu horretan kokatzen da, hain zuzen, Espainiar estatuan diren hizkuntza koofizialak- euskara, galiziarra eta kataluniarra - Europako Parlamentuan erabili ahal izateko proposamena, Europar Batasunean hizkuntza koofizialtzat hartuak izan daitezen, beste hizkuntzen maila berean,- hala nola maltera edo gaelikoa-. “Ez dago arazo tekniko edo ekonomikorik. Borondate politikoa da kontua, eta lanean jarraituko dugu albait arinen Europako Parlamentuan euskaraz egiteko aukera izan dezagun”.

Europako Parlamentuko presidenteen konferentziak iragan abenduaren 11n onartu zituen intertaldeen artean, hasi berri den legealdi honetan eurodiputatu talde batzuk egongo dira haurren eskubideak lantzen, bai eta buruko osasuna, minbizia eta gaixotasun arraroak, arrazismoaren kontrako borroka eta aniztasuna, txirotasunaren kontrako borroka, kohesio politikak eta erregio ultraperiferikoak, ongizatea  eta animalien babesa, ekonomia soziala eta enpresa txiki eta ertainak besteak beste.

Intertaldeak dira elkarren artean ikuspuntuak partekatzeko foro informalak, diputatuen eta arlo bakoitzeko gizarte zibilaren arteko harremanak errazteko. Horietako bakoitzean gutxienez hiru talde politikoetako diputatuak izan behar dira  eta arauketa zorrotza ezartzen zaie beren jarduera Europako Parlamentuaren jarduera ofizialarekin ez nahasteko.

Arauen arabera, gardentasun erregistroan erregistratuta dauden interesen ordezkariek baino ezin izango dute parte hartu Parlamentuan antolatutako intertaldeetako jardueretan. Gainera, intertalde bakoitzak urtero argitaratu beharko du interes finantzarioen adierazpena, eskudirutan edo espeziean jasotako dirulaguntza guztiak barne hartuko dituena. 

Interesatu Zaitez