EBBren presidenteak eta Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko europarlamentariak Europako Alderdi Demokratak bere 20. urteurrena ospatzeko gaur Bruselan antolatu duen ekitaldi politikoan parte hartu dute
“Duela bi aste, Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialista Bruselara etorri ziren Madrilen euren arteko borrokak antzeztera, eta mesede txikia egin zioten Espainiako Estatuak Europan duen irudiari eta Europako erakundeek herritarrei eman behar dieten irudiari, Batzorde berriaren eraketa atzeratu eta ahuldu baitzuten. EAJ alderantzizko asmoarekin etorri da gaur Bruselara: gu Europara, Europako erakundeetara eta orain bere bideari ekingo dion Batzorde honetara gure babesa ekartzera etorri gara. Une hau aprobetxatu behar dugu, zailtasunak zailtasun, Europa federalago, batuago, demokratikoago eta herritarrentzat eskubide gehiago dituen batean aurrera egiteko aukerak egon badaudelako. Europa bat, zeinak “Aniztasunean batuta goiburuari", ohore egiten baitio, bere indarra berretsiko duena, hura osatzen dugun kulturak, hizkuntzak eta herriak batzen eta gehitzen jakinda".
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta PDEren presidenteordea jeltzaleen ordezkaritzaren buru izan da gaur, abenduak 6 ostirala, Europako Alderdi Demokratak (PDE) Bruselako Autoworld-en, Berrogeita Mendeurreneko Parkean, antolatu duen topaketa politikoan. EAJ-PNV PDEren kide sortzailea izan zelarik. Ortuzar Europako hiriburura joan da, Mikel Burzako Kanpo Harremanetarako Saileko burukide arduradunarekin, Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuarekin, Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarraren idazkariarekin, Aitana Agirre ekainaren 9ko Europako Hauteskundeetako EAJ-PNVko zerrendako 2. hautetsiarekin eta José Mari Etxebarria PDEko idazkari laguntzaile eta EAJ-PNVko Kanpo Harremanetarako erreferente historikoarekin batera. "The centre is the answer" ("Erdigunea da erantzuna") goi burupean, PDEk bere sorreraren urteurrena ospatu eta gogoratu du. Halaber,ekitaldi horretan bere logo berria ezagutzera eman du, "Democrats" hitza buru duela, eta kolore laranja gehitzen dio bere urdin europazale klasikoari.
“EAJ lehenengo minututik egon zen Alderdi honen sorreran ", gogorarazi du Ortuzarrek," Europako ezkerreko eta eskuineko bi polo handien arteko bisagra izateko asmoarekin jaio baitzen. Bi hamarkada geroago, gure sortzaileek borrokatu nahi izan zuten polarizazio hori askoz larriagoa eta arriskutsuagoa da gaur egun Europaren etorkizunerako. Horregatik etorri gara gaur hona: polarizazio eta populismo arrisku hori uxatzeko, erdigunera begira berriz jarrita. Europak erdialdera begiratu behar du. Uste dut "Democrats" definizio ona dela Batasunak demokrazia gehiago, politika zentrista eta zentratuago eta hausnarketa gehiago behar dituen garai honetarako, Europa batuagoa eta indartsuagoa eraikitzeko", adierazi du buruzagi abertzaleak.
EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak ere hitza hartu du demokraten helburuei buruzko eztabaidan, duela gutxi Euroganberan abian jarri den bost urteko legegintzaldian. "Legegintzaldiko lehen sei hilabete hauetan, hiru gauza erakutsi dizkidate: ezin ditugu demokrazia eta Europako balioak bermatutzat eman, ez Europar Batasunetik kanpo ez Europar Batasunaren barruan; Europak bere indarrak aprobetxatu behar ditu, eta horietako bat, Euskadi bezalako herrialde batetik etorrita, herrien aniztasuna da, zalantzarik gabe, herri horien errespetua ezinbestekoa baita Europa kohesionatu eta egituratu bat eraikitzeko; eta Europa indartsu eta batu bat behar dugu, aurre egin beharreko erronkek minutu bat ere galdu gabe jardutera behartzen gaituztelako", ziurtatu du europarlamentari jeltzaleak. "Neurriak hartu behar ditugu Europa oparo eta lehiakorra bultzatzeko, bai ekonomikoki, bai sozialki, gure sektore estrategikoen berrindustrializazioaren eta garapenaren alde egingo duena eta jasangarritasunez eta errespetuz egingo duena. Europaren proiektuko kide izatearen sentimendua berreskuratu eta indartu behar dugu. EAJ-PNV alderdi europazalea izan da hasieratik, eta beti egin du Europako esparruaren aldeko apustua hazteko: nazio gisa hazteko, herri gisa hazteko eta gizarte gisa hazteko ", amaitu du.
2004ko abenduaren 9an, Bruselan, Europako Alderdi Demokrataren (PDE) biltzar eratzailea egin zen. Lehenengo Kontseilu Politikoa Sabin Etxean egin zen hurrengo urteko otsailean. PDE alderdi politiko europazalea da erabat, Batasunean elkarrekin bizi diren nazio-nortasun desberdinak babestearen alde egiten duena, eta Batasunaren konfigurazio politikoan legegintzako eskumenak dituzten eskualdeen eta herrien zeregina defendatzen duena. PDEk hamar eurodiputatu ditu gaur egun, eta horien artean dago Agirregoitia, 77 kidek osatzen duten Renew Europe taldean sartzen dena. PDEn sartu den azken alderdia Independent Ireland izan da, Europako Ganberan eserleku bat lortu duena.