EAJ-PNVren eurodiputatu Oihane Agirregoitiak erregioetako agintarien zeregina aldarrikatu du Europako Udal eta Erregioen Kontseiluaren bileran
03Urriak Oihane Agirregoitia euskal eurodiputatua gaur, asteazkenarekin, EUDELen presidente eta Derioko alkate Esther Apraizekin joan da Europako Udal eta Erregioen Kontseiluak antolatu eta Bruselan egin duen eztabaidara, udalek eta erregioek Europan dituzten erronkez hitz egitera, hain zuzen ere trantsizio berdea, kohesio funtsen kudeaketan duten zeregina eta Europako hauteskundeez geroztik kontinentean ireki den egoera politiko berria izan dute hizpide.
“Euskadi bezalako erregioak Europaren bihotzean gaude. Erakutsi egin dugu plan batzuek hobeto funtzionatzen dutela toki eta erregio mailan kudeatzen badira”, adierazi du euskal eurodiputatuak, eta ekitaldian defendatu du kohesio politika hurbila, toki eta erregio mailan kudeatua, herrien Europa indartzen lagunduko duena. “Hiritarrak eta toki eta erregio erakundeak ahaldundu behar direla esaten dugunean, arrazoi nagusia da ezinbestekoak direla Europar Batasunaren kohesio politikak indartzeko eta, zalantzarik gabe, Europako Parlamentuak funtsezko zeregina du horretan”, adierazi du Agirregoitiak.
“Bermatu behar da erregioen ahotsak politikan jaso daitezela”, gaineratu du kohesio politika herritarrengandik ahalik eta hurbilen egon behar dela azpimarratuz. “Horregatik kezkatzen gaituzte kudeaketa zentralizatzeko arriskuak eta programak estatu plan bakarrean sartzeak, Berreskuratze planarekin eta Europako Next Generation planarekin gertatzen den bezala, pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko aldi baterako sortu zen tresna izaki”, gaineratu du.
Euskal eurodiputatuak iraila hasieran Europako Batzordeari zuzendutako galdera batean adierazi zuen kezka eragiten diola etorkizuneko kohesio politika horretan erregioek izango duten zereginaren eta 2027tik aurrera izango den marko finantzazio berriaren inguruko guztiak. Idazkian, eurodiputatu jeltzaleak adierazi zuen hainbat egoera baloratzen ari direla 2027az geroztik izango den Urte Anitzeko Marko Finantzariorako (EBren hurrengo aurrekontua), eta horietako bat izango litzatekeela kudeaketa partekaturako programekin amaitzea eta Estatu kide bakoitzeko plan bakarrean metatzea, egungo Barreskuratze eta Erresilentzia Planaren antzekoa, zeinaren ordainketa erreforma eta inbertsioetara lotuko baita. Hori dela eta, Batasunaren exekutiboari eskatu dio ziurta dezala planteamendu hori mahai gainean ote den eta etorkizunera begira zer plan aurreikusten diren.
“Egoera honetan, oso zaila litzateke gastu eta inbertsio aurreikuspenak eta lehentasunak zehazterako orduan estatu azpiko erakundeen parte hartze egokia bermatzea”, ohartarazi du Europako eurodiputatuak. Bere hitzetan, kohesio politikoak eskuragarri egon behar du Europako erregio guztientzat eta lurralde ikuspuntua eta elkartze eta subsidiariotasun printzipioak errespetatuz. “Erregioek are zeregin garrantzitsuagoa dute politikan, kudeaketa partekatuaren eta maila anitzeko gobernantzaren bidez, bai eta Europako Batzordearekin elkarrizketa indartuz ere”, esan du iragan irailean 124 erregiok Ursula von der Leyen Batzordeburuari idatziz adierazi zizkioten kezkak gogora ekarriz.
Atzo, asteazkenarekin, Europako Parlamentuan egin den mintegian jorratu den gaia ere bada hori, etorkizuneko kohesio politikaz hitz egin baitzen. 2021-2027 epealdirako, Erregioen Garapenerako Europako Funtsek, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 165 milioi euroko kopurua egingo dute, eta diru horiek bideratuko dira Euskadiko transformazio teknologiko eta digitala zati batean finantzatzera, sektore enpresarialean I+G+B proiektuak sustatzera eta administrazio publikoa digitalizatzera. Halaber, transformazio energetikoan ere erabiliko dira eraikin publikoetan efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera hobetzeko, uraren hornikuntza hobetzeko eta ekosistemak babesteko eta berroneratzeko proiektuetan. Aldi honetan Euskadiri 79,04 milioi esleitu zaizkio Europako Funts Sozialetik eta 2023ko abenduaren 31n 1.192 milioi euro eman zitzaizkion berreskuratze eta erresilentzia mekanismotik.