Pradales Lehendakariak "Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna" dokumentuaren proposamena aurkeztu du

Konpromisoen dekalogo bat jasotzen duen dokumentu bat da, eta "eragile politikoen eredugarritasunean" jartzen du arreta. Lehendakariak "jauzi kualitatibo bat" emateko eskatu du, "herritarrek baztertzen duten krispazio- eta polarizazio-politika baten aurrean"

Pradales Lehendakariak 29Abuztuak
AbuztuaK 29 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Lehendakaria ohiko lehen Gobernu Kontseiluko buru izan da gaur goizean, Miramar Jauregian, urte politikoari hasiera emateko. Bertan, Imanol Pradalesek "Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna" dokumentuaren proposamena aurkeztu du. Lehendakariak dokumentu hori helarazi die bilera-sortan parte hartu zuten indar politikoei, eta gaur Gobernuko sailburuekin ere partekatu du.

"Jauzi kualitatibo bat ematea dagokigu, eta, horregatik, lehen neurri gisa, Euskadin politikan aritzeko Itun bat sinatzea proposatzen dut. Gure Herrian ereduzko jarduera politiko baten aldeko ituna. Horrela jakinarazi nien Herri honetako alderdi politiko nagusietako buruei ere, uztailean Ajuria Enean izandako bileretan. Gaur beste urrats bat ematen dugu helburu hori lortzeko. Eusko Legebiltzarrari helaraziko diogun lehen dokumentu bat aurkeztu dut Gobernu Kontseiluan, alderdi politikoek horren inguruan lan egin dezaten, aberastu dezaten eta gero berrets dezaten ", iragarri du Imanol Pradalesek.

Imanol Pradales Lehendakariaren ustez, ezinbestekoa da herritarrek politikan duten konfiantza indartzea, eta, horretarako, funtsezkoa da eragile politikoen eredugarritasunean fokua jartzea, "euskal ordezkarien eguneroko portaera baita konfiantza-maila hori handitzeko eragile nagusia. Zintzotasuna, errespetua, erantzukizuna, zerbitzu publikorako bokazioa, leialtasuna, guztion ongia bilatzea eta gardentasuna, besteak beste, printzipio negoziaezinak dira ", ziurtatu du Pradalesek.

"Uste dut Euskadin oinarri ona dugula. Politika egiteko modu eraikitzaileagoa praktikatzen dugu: ezberdinen arteko akordioak, aurkariarekiko errespetu handiagoa, eztabaida lasaiagoak... horiek dira gure nortasunaren ezaugarriak. Baina egunero elikatu behar dugu, ekintza bakoitzean, politika ulertzeko eta gauzatzeko modu hori ", zehaztu du Pradalesek bere proposamenaren xedeari buruz. Proposamen horrek konpromisoen dekalogo bat definitzen du, jokabide politikoaren gutxieneko batzuk ezartzea helburu duena, negoziatu ezin diren zintzotasuna, errespetua eta guztien ongia bilatzearen bidez.

Beste mezu batzuk

Pradalesek jakinarazi duenez, Kontseiluaren baitan hainbat mezu helarazi dizkie sailburuei hurrengo hilabeteetako jarduera politikoaren inguruan. "Eusko Legebiltzarrean izango dituzten agerraldietan, datozen urteei begira aurrera eramango dituzten ekintzak ondo, xehetasunez, azaltzeko eskatu diet", adierazi du.

Gainera, Lehendakariak minutu batzuk eman ditu uda honetan hainbat arrazoirengatik hil diren euskaldunak gogoratzen, eta doluminak eman dizkie senideei eta hurbilekoei.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez