Euzkadi Buru Batzarraren komunikatua Venezuelan egin diren Hauteskunde Presidentzialen karietara

Euzkadi Buru Batzarraren komunikatua Venezuelan egin diren Hauteskunde Presidentzialen karietara 29Uztailak
UztailaK 29 |
EBB

PARTEKATU

Atzo, 2024ko uztailaren 28an, Venezuelak Presidenterako Hauteskundeak egin zituen. Hauteskunde Kontseilu Nazionalak hauteskundeetarako deia aurreratu egin zuen, hasiera batean 2024. urteko amaierarako aurreikusita baitzeuden. Horrela, hauteskunde hauek egin dira Joe Biden Amerikako Estatu Batuetako presidentearen agintaldia amaierara iristeaz batera, Europako erakundeetan lantalde berriak izendatzen ari diren garai berean.

Lehenago, 2023ko urriaren 17an, Venezuelako Gobernuak eta Plataforma Unitaria izenekoak Barbadosko Akordioa izenpetu zuten, hautagai-zerrenda guztientzat eskubide politiko guztiak eta hauteskunde-bermeak sustatzeari buruzkoa, Presidentetzarako Hauteskunde askeak, demokratikoak eta gardenak egitera begira.

Orduz geroztik, Barbadosko Akordioaren zati garrantzitsu bat urratu duten hainbat gertakari eman dira, eta horrek eragin negatiboa ekarri du inskribatutako hautagaitza batzuentzat. Gaitasungabetze pertsonal batzuk eman dira, bai eta alderdi politikoen aurkako ekintzak ere, administrazio-egintzak eta zehapenak ezarri dira, larderiazko egitateak gertatu dira eta mugak ezarri dira, eta horiek guztiak dira hauteskunde-ekitaldi demokratiko orori datxekion parte-hartze askearen aurkako egintza.

ACNURek emaniko datuen arabera, 7 milioitik gora pertsona atera dira Venezuelatik azken urteetan, eta pertsona horiek babesa hartu dute gehien bat Hego Amerikako beste herrialde batzuetan, Amerikako Estatu Batuetan eta Espainian. Atzerrian botoa emateko eskubidea duten 5 milioi venezuelarretatik, oso gutxik baliatu ahal izan dute botoa emateko eskubidea, % 2 baino gutxiagok, hain zuzen, Venezuelako Hauteskunde Erregistroaren datuak atzerrian eguneratzea oso zaila zelako, hasieran aurreikusitako epeak murriztu egin direlako eta jasotako boto-eskaera guztiei behar bezala erantzuteko baliabide nahikorik egon ez delako.

Kezka handiz ikusi genuen, eta hala adierazi genuen, Venezuelako Gobernuak Europar Batasunari Presidentetzarako Hauteskundeak behatzeko gonbidapena kendu izana. Zentzu horretan nabarmendu behar dugu gure eurodiputatu Izaskun Bilbao Barandicak Europar Batasunak 2021ean Venezuelara egin zuen behaketa-misioan egin zuen lana. Berrikitan ere, joan den astean, Senatuak Venezuelako hauteskundeen behaketa egitea aurreikusita zuen arren, bertan behera utzi behar izan zen, Venezuelako Gobernuaren oniritzia ez izateagatik. Izan ere, aurreikusita zegoen Luke Uribe-Etxebarria EAJ-PNVko senataria ordezkaritza horretako kide izatea.

Atzoko hauteskunde-eguna, oro har, modu positiboan eta jai-giroan igaro zen, eta mobilizazio handia eman zen, egunean zehar gertatu ziren eta behar bezala salatu ziren hainbat gertakari alde batera utzita. Hauteskundeen ostean, Hauteskunde Kontseilu Nazionalak ondorioztatu zuen parte-hartzea % 59koa izan zela. Akten % 80 zenbatuta, garaipena Nicolas Madurori aitortu zaio % 51,2rekin. Zenbaketa horretan Edmundo Gonzalez Urrutia oposiziogileak botoen %44,2 jaso du.

Ezagutzera eman diren emaitza horiek auzitan jarri dira oposizioari akta guztien portzentaje oso txikia eman zaiola kontuan izanik.

Egoera horren aurrean, Euzkadi Buru Batzarrak ondorengoak adierazi nahi ditu:

- Prozesuaren gardentasun osoa exijitzen dugu, boto-zenbaketaren akta guztiak argitara eman daitezela, mahaiz mahai.

- Ez dugu onartuko egiaztagarri ez den emaitzarik.

- Nazio Batuen erakundeak eta Carter Fundazioak bidalitako behaketa-ordezkaritzen ondorio teknikoen zain jarraitzen dugu.

- Nazioartean emango diren erantzunen jarraipena egingo dugu, batez ere Europar Batasunarena eta Estatu kideena, Latinoamerikako herrialdeena eta Amerikako Estatu Batuena.

- Gobernuari, oposizioari, Indar Armatuei eta Venezuelako gizarte zibilari eskatzen diegu egoerari soseguz eta gizalegezko jarrera arduratsuarekin erantzuteko, Venezuelan eta Latinoamerikako herrialdeetan ustekabeko ondorio mingarriak ekarriko lituzkeen tentsio eta indarkeria saihesteko.

- Gobernuaren eta oposizioaren arteko solaskidetza eta negoziazio politikoa eskatzen dugu, lehenik eta behin atzoko hauteskundeetako emaitzen errealitatea zuzentasunez jasotzeko eta, ondoren, trantsizio politiko bati bide emateko, bakearen, adiskidetzearen, batasunaren eta demokraziaren defentsaren eta Venezuelako Zuzenbide Estatuaren alde eginez, nazioarteko komunitatearen babespean eta bere laguntzarekin.

 

Interesatu Zaitez