Ortuzarrek Otegiri gogoratu dio 'procés'-aren garaian EAJz trufatu egiten zela eta argazkietan agertzen zela gaur egun Kataluniarako Euskal Itunaren antzekoa eskatzen duenarekin

Euzkadi Buru Batzarraren presidentea Agurainen izan da gaur apirilaren 21eko Euskal Hauteskundeetan Arabako Lautadako hautagaien aurkezpenean: “Bizikleta estatiko baten gurpilaren atzetik dabilena, zeren gainean doa?”, esan du ironiaz jeltzaleen buruak

Ortuzarrek Otegiri gogoratu dio 'procés'-aren garaian EAJz trufatu egiten zela eta argazkietan agertzen zela gaur egun Kataluniarako Euskal Itunaren antzekoa eskatzen duenarekin 24Martxoak
MartxoaK 24 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Ez iezadazue esan ez dela deigarria orain ERCk bere lehengo jarrera baztertzea Euskadikoa moduko Ituna eskatuz, eta argi gera bedi hori ondo iruditzen zaigula. Baina, gogoratzen duzue Otegi procés-aren garaian Kataluniara joaten zenean, ERCrekin argazkiak ateratzera, eta EAJ bizikleta estatiko baten gainean ari zela esaten zuenean? Aurrera egiten ez genuela esaten zuen, Katalunian prozesu soberanista bat zegoen bitartean, beraiei asko gustatzen zitzaiena eta oso ondo zihoana.Eta orain, nora eta gure aldera etorri nahi dutela, guk berton berrogeita bost urte eman ondoren. Gauzak horrela, zera galdetzen diot neure buruari: bizikleta estatiko baten atzetik doana, zeren gainean doa? Ez ote da izango EAJrena, bizikleta estatikoa izan beharrean, punta-puntako horietako bat dela? Besteak baino arinago doana? EAJ topera doa, herri honetan pedalei eraginez eta bere eskutik aurrera eginez, eta horrela jarraituko dugu: topera!”. Hori izan da Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, apirilaren 21eko Euskal Hauteskundeetan Arabako Lautadako hautagaiak aurkezteko ekitaldian helarazi nahi izan duen ideia nagusietako bat. Ekitaldia Aguraingo San Juan plazan izan da, eta Joseba Díez Antxustegi EAJ-PNVren Arabako zerrendaburuak eta Ana Ruiz de Alegría, Noemí Agirre eta Nahiara Zubizarreta eskualdeko hautagaiek ere hartu dute hitza. “Hauteskunde hauetan ez da iraganaren eta etorkizunaren artean aukeratzen: hauteskunde hauek etorkizun hobea edo okerragoa aukeratzeko dira”, ziurtatu du Diez Antxustegik.

Ortuzarrek ildo beretik deitoratu du EAJ-PNV berriz ere bakarrik geratu dela Euskal Ekonomia Itunaren defentsan, oraingo honetan “ustekabeko” alderditik jaso baita erasoa. “Pere Aragonés buru duen Kataluniako Generalitat-etik etorri dira erasoak, zeinaren ondoan Bilduko hautagaia behin eta berriz argazkiak ateratzen ari den”. “Orain esaten ari dira Katalunian Euskadikoa moduko Ituna nahi dutela, baina Estatuko beste eskualdeekin `solidarioa´ izango dena. Gu solidarioak izango ez bagina bezala!. Guk % 6,24a ordainduko ez bagenu bezala!. Lurralde arteko Konpentsaziorako Funtsari dagokion ekarpena egingo ez bagenio bezala”, gogoratu du Ortuzarrek. “Euskadikoari eraso egin behar ote diote eurena aldarrikatzeko? Eta, jakina, Bildukoak, bere lagunak direlako, isilik. Gu geu izan gara berriz ere gauzak argi esatera atera garenak eta berriz ere  Ekonomia Ituna defendatu dugunak”. Zentzu honetan Buru jeltzaleak Pello Otxandiano Bilduko hautagaiari aurpegiratu dio ostegunean Ekonomia Ituna “su eta gar” defendatuko duela esatea “Ekonomia Ituna erreformatu eta berretsi zen azken aldian, Diputatuen Kongresuan Bilduk abstentzioaren bidea hartu ondoren. Abstenitu egin ziren. Non zegoen orduan su eta gar hori? “, galdetu du.

Barne mailan, apirilaren 21era arte “topera” aritzeko eskatu die Ortuzarrek alderdikide jeltzaleei. Azken inkesten arabera, badirudi “hauteskunde-eremu nagusietako bat hemen dela, Araban. Horregatik, animo eta konpromiso mezu berezia dakarkizuet, gure mezua, gure proposamenak, gure ahotsa Araba osoan zehar eraman dezazuen. Asko dago jokoan, asko. Baita lurralde honetarako ere. Araba industria da, logistika da, lehen sektorea ere bada, ongizate eta bizi-kalitate handiko lurraldea da. Horri eutsi behar diogu, ziurtatu egin behar da, hobetu eta zabaldu egin behar da. Eta hori EAJren eskutik baino ezin da egin. Esperimentuak, gaseosarekin. Aurrerapena, garapen ekonomikoa, gazteentzako aukerak etxebizitza eta enplegu duina jokoan daudenean, EAJ eredua! “, amaitu du.

Ana Ruiz de Alegria, Noemi Agirre eta Nahiara Zubizarreta hautagaiei entzun ondoren hitza hartu du Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendan lehen tokian aurkezten den hautagaiak. Zerrendaburuak adierazi duenez, “EAJ-PNV prest dago euskal gizarteari etorkizun hobea emateko”. Arabako hautagaia harro agertu da Euzko Alderdi Jeltzaleak lau hamarkadatan instituzioetan egindako lanagatik. “Erabaki zailak, arriskutsuak, ausartak eta estrategikoak hartu ditugu. Eta, oro har, asmatu egin dugu. Gure sistema instituzionala eta ekonomikoan asmatu dugu, eraiki, altxatu eta defendatu dugu, sistemari eutsi diogu.. Egoera zailetan egon gara eta gainditu egin ditugu. Erabaki garrantzitsuetan asmatu egin dugu”, ziurtatu du. Hala ere, Diez Antxustegiren ustez, EAJ-PNVren aldeko botoa aukeratzen duten hautesleek “ez dute gure iraganagatik egingo, baizik eta etorkizunera begira ilusioa eragiten duen proiektua dugulako”. “Hauteskunde hauetan ez da iraganaren eta etorkizunaren artean aukeratzen. Hauteskunde hauetan erabakiko dugu etorkizun hobea nahi dugun, edo okerragoa”, ziurtatu du. “EAJ-PNV prest dago euskal gizarteari etorkizun hobea emateko, erabaki estrategikoetan berriro asmatzeko. Pertsonen segurtasunerako etorkizuna. Ekonomia sustatu eta lanpostuak sortuko dituen etorkizuna. Zerbitzu publikoak bermatuko dituen etorkizuna”, zehaztu du.

 

Interesatu Zaitez