Pradalesek Madrilen defendatu du EAJ-PNVk “Euskadin eta Estatuan egonkortasunaren bermatzaile gisa” egiten duen lana

Lehendakarigai jeltzaleak gaur goizean parte hartu du Nueva Economía Forum-en: “Hitz egiteko eta adosteko gai gara, ezin da bestela izan, euskal herritarren interesak defendatzeko, eta betidanik argi izan dugun zerbait da Estatuan eta Europan zenbat eta ziurtasun eta egonkortasun handiagoa izan,orduan eta hobeto izango dela Euskadirentzat”

Pradalesek Madrilen defendatu du EAJ-PNVk “Euskadin eta Estatuan egonkortasunaren bermatzaile gisa” egiten duen lana 07Martxoak
MartxoaK 07 |
EBB

PARTEKATU

Imanol Pradalesek, Euskadiko hurrengo hauteskundeetarako Lehendakarigaiak, gaur aztertu du, arlo politiko eta sozioekonomikoari dagokionez, Europako eta estatuko egungo egoera, eta Euskadirentzat daukan proposamenaren berri eman du Nueva Economía Forum izenekoan, Madrilen, hitza hartzeko izan duen tartean. Hautagai jeltzaleak irmotasunez defendatu du “arlo guztietan akordioak eta kontsentsuak lantzeko beharra, gure ongizatea eta bizi kalitatea baita jokoan dagoena”.

Pradalesek gogoratu du EAJ-PNVk egonkortasuna hobetsi duela beti oparotasuna eta ongizatea lortzeko berme gisa. “Horixe izan da betidanik gure eredua; eta horretarako, ezinbestekoa da akordioetara iristea. EAJ-PNVk bide eman dio beti Euskadiren aniztasunari, bere historia osoan egin du. Horregatik, euskal gizartearen gehiengoak gugan jarri du bere konfiantza. Denekin hitz egiteko eta adosteko gai gara. Ezin da bestela izan. Euskal herritarren interesak defendatzea bilatzen dugu. Eta, betidanik, argi baino argiago izan duguna da Estatuan eta Europan zenbat eta ziurtasun eta egonkortasun handiagoa izan, orduan eta hobeto izango dela Euskadirentzat. Egonkortasunaren alde egingo dugu beti Euskadin, Estatuan eta Europan”, ziurtatu du.

Lehendakarigai jeltzaleak autogobernuaz esan du tresnarik nagusiena dela Euskadin garapena eta aurrerabidea bermatzeko, eta esan du berak espero duela “hurrengo legealdia euskal autogobernuaren Estatus Berriaren legealdia” izatea. Pradalesek zentzu beretik gaineratu duenez Gernikako Estatutua betetzat jotzen denez geroztik fase berri bat zabalduko da non EAJk akordioen bidea jorratzen jarraituko duen. “Hori da gure bidea, akordio bikoitz eta zabalarena: lehenik eta behin Euskadin eta ondoren Madrilen, Pedro Sánchezekin inbestidurarako adostu zen akordioan jasotakoa oinarri hartuta: Euskadi Nazio gisa aitortzea; forutasunean eta aldebitasunean oinarritutako autogobernua; eta berme sistema bat, zeinaren bidez, gatazka egotekotan, egungoa baino sistema bidezkoagoa bermatuko baita”, zehaztu du.

Gai ekonomikoetara joz, Pradalesek ohartarazi du fokua jarri behar dela lehiakortasunean eta hazkundean “ekonomia jasangarria egituratzeko, kalitatezko enpleguekin, aberastasuna sortzeaz gain banatzeko ahalmena izango duena gizarte bidezko eta berdintzaileago batean, gizarte kohesionatu batean”, eta erreklamatu du autonomietako gobernuak izan daitezela Europako funtsak bideratzeko eta banatzeko eragile protagonistak, diru horiek orain arte ez baitira sare produktibora iritsi. “Ekonomiarentzat ezinbestekoa da PERTEak albait arinen mugiaraztea. Hala ere, errealitatea da funtsak tantaka heltzen ari direla sare produktibora. PERTEetarako dirulaguntza erabilgarritan dauden 24.500 milioitatik, Espainiako Gobernuak 6.350 milioi baino ez ditu azken hiru urtetan banatu. %26 besterik ez. Ez da onargarria. Horregatik, EAJ-PNVren aldetik erreklamatzen dugu autonomia erkidegoak izan daitezela protagonista Europako funtsak gure enpresetara, hirugarren sektorera, teknologia zentroetara edo unibertsitateetara bideratzeko orduan”, esan du.

Pradalesek ere aipatu du ekainean Europako Parlamenturako egingo diren hauteskundeek izango duten garrantzia, bereziki gaur egun, populismoen gorakada kezkagarria ematen ari delarik, eta defendatu du europar proiektua herrietatik ere eraikitzen dela, eta ez soilik estatuetatik. “Europar Batasunak lekua, protagonismoa eta adierazteko bidea eman behar die barnean dituen nazio errealitateei.Lan-foroak sortu behar ditugu estaturik gabeko nazioak eta eskuduntza politikoak eta gaitasun legegilea duten erregioak barne hartzeko, kohesionatzeko eta ikusgarritasuna emateko. Makroeskualde Atlantikoa bezalako foroak, zeinaren sorrera Euskadin bertan lideratu genuen. Horrela ikusten dugu Euskadi Europan eta munduan. Europa dugun proiektu komun honen eraikuntzan partaidetza aktiboa izango duen eragile gisa, bere posizio politiko eta ekonomikoa kontinentean indartzearekin batera”, amaitu du.

Pradales Nueva Economía Forum-ek egin duen saio jendetsuan aurkezteko ardura Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarri egokitu zaio. “Pradalesek pertsona eta hautagai gisa gorpuzten ditu EAJ-PNVk berezko dituen hiru balore: sinesgarritasuna, ongizatea eta egonkortasuna”, esan du Ortuzarrek. “Bere sinesgarritasunetik harago, egin duen ibilbide akademikoak eta Bizkaiko azpiegituren burutzan egin duen lanak abalatzen dutena, Pradales da bere herriarekin konpromiso irmoa duen gizona, baloredun persona; familian ikusitakoa ikasita, bere kabuz eginiko gizona baita”, esan du. “EAJ-PNV politikan dago ongizatea eragiteko. Politika ez da eredu ideologiko bat inposatzeko. EAJ-PNVk, eta bere eskutik Pradalesek, aberastasuna sortu nahi dugu ongizatea banatzeko: soldata duinak, kalitatezko enpleguak eta lehen mailako politika publikoak”, esan du buru abertzaleak. “Era hori dena lortzen da euskal erakundeetan, baina baita gainerakoetan ere. Euskadin lortu egin dugu. Atsegin dugu egonkortasuna euskal erakundeetan, baina baita gainerakoetan ere. Ziurgabetasun nahikoa dugu dagoeneko besteok horiek handitzen ibil ez gaitezen. Ziurtasuna,segurtasuna eta bermeak ekartzera gatoz”, amaitu du.

Interesatu Zaitez