Bizkai Buru Batzarraren presidenteak ziurtatu du Busturialdean garatu nahi den proiektua ez dela “inola ere” geldiarazi, “epeak zehaztu” egin baitira, bi urtetara, hain zuzen, proiektuak behar dituen izapideetarako
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren buruak, gaur Radio Euskadiren mikrofonoetan ziurtatu du Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua ez dela inola ere “hoztu edo geldiarazi”. Bizkaiko burukide jeltzaleak azaldu du datozen bi urteotan egingo direla museoak ezinbestean behar dituen izapideak, horiek ezean museoa ez bailitzateke bideragarri izango, hauen artean hirigintza modifikazioak, herritarren parte hartze prozesua, beharrizanen ikerketa, Ingurumen alorreko Jarduera Plana eta lurrak deskontaminatzeko lanak, besteak beste.
Atutxak argi bezain sendo hitz egin du esatean Urdaibaiko Guggenheim museoa ez dela “inola ere geldiaraziko”, eta gaineratu du ildo hori berori izan zela atzo Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Bizkaiko foru ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek markatutakoa eta Museoaren Patronatoak duela hilabete batzuk erabakitakoa. Zehaztu duenez “aurreko plan estrategikoan jasota zegoenak, Bilboko Guggenheim Museoaren jarraitutasunik gabeko garapenak, aurretiazko izapide batzuk behar ditu, hainbatetan aipatu direnak”.
“Erakundeek horretaz hitz egin dute, Batzar Nagusietan hitz egin zen, eskualdeko alkateekin hitz egin da, oso izapide prozesu luzeak behar direlako seguruenik esandako urte bi horiek beharko dituztenak, eta horiek ezean ezinezkoa da bi urte barru -plan estrategikoak ere jasotzen duen bezala- nazioarte mailan museoaren, proiektuaren eta bere kudeaketaren inguruko ideien lehiaketa egin ahal izatea”, gaineratu du.
Bere aburuz, honek denak esan nahi du “ez geldiarazteaz gain”, hasierako egutegia betetzen ari dela: “Plan Orokorren modifikazioak, ingurumen alorreko jarduerak, horiek ere beren denbora zehatzak behar dituztela eta Gobernu Zentraletik lortu ziren 40 milioiak eraisketetarako eta deskontaminazio lanetararako erabiliko direlarik. Horrek denak pare bat urte beharko ditu”, nabarmendu du. “Beraz, jarrera berbera da, bai eta egoera ere”, azpimarratu du. “Egiten ari dena da behar den denbora aurreikustea, bi urteren buruan proiektua “bideragarria eta egingarria” dela ondorioztatu ahal izateko.
‘Boulevard’ saioan egin dioten elkarrizketan, Atutxak azpimarratu nahi izan du politikagintzan akordioak “errealak” direla, bai eta “praktika onak” ere. Zentzu berean, Eusko Legebiltzarrean azken asteotan “lege garrantzitsuen” inguruan lortu den adostasuna jarri du eredu modura, besteak beste Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legearen inguruan eta Haur eta Nerabeen Legearen inguruan. BBBren buruak gogora ekarri du EAJ-PNVk eta PSEk euskal Ganberan gehiengo absolutua duten arren eta “gehiengo hori osatzen duten alderdien ordezkaritza zabala” delarik “kontsentsu zabalagoetara iristeak eskatzen duela eskuzabaltasun handia eta lan handia Gobernuaren aldetik eta oposizioko alderdien aldetik”. Ildo beretik azaldu duenez “politikagintzan, eraikitzea da alderdi politikoen helburu nagusiena eta Eusko Legebiltzarrean hala ikusten ari gara”. “Egia da gai batzuen inguruan zaila izan dela”, baina azken gai horien inguruan lortutako adostasunak erakusten du “ez dagoela akordiotik kanpo utziko den gairik” eta “unean uneko akordioak adostu ahal direla bakoitzaren jarrera ideologikoa asko zehazten den legeetan ere”.