Donostian, Joseba Egibar GBBren presidentea ondoan izan duela, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak “U23an jokoan dagoen guztiaz” ohartarazi du, eta hitzeman du hurrengo lau urteotan “Euskadiren alde gure onena emango dugula”
21Uztailak Hauteskunde kanpainaren azken egunean, EAJ-PNVk igandeko Hauteskunde Orokorretan parte hartzeko deia egin du Donostian “Euskadi Madrilen ahotsik gabe gera ez dadin”.
Maribel Vaquerok, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, gaur ziurtatu du “ezinbestekoa” dela uztailaren 23an bozkatzera joatea eta “Euskadirengan pentsatuta” egitea. Hala eman ditu igandean EAJ-PNVren aldeko botoa emateko hainbat arrazoi, adibidez “Euskadiren beharretara eta interesetara moldatutako egitasmoa izatea, eskubide indibidual eta kolektiboak defendatzea, autogobernua defendatzea eta Madrilen gure gizartearen ahotsa izatea”, besteak beste.
Halaber, kanpainako azken eguna den honetan, Vaquerok euskal hiritargoari zuzenean hitz egin nahi izan dio, eta esan duenez, “hausnartzeko tartetxo bat hartzea eskatzen dizut, zure interesak eta Euskadi Madrilen nork defendatu dituen ikusteko. Egizu buruarekin eta bihotzarekin. Euskadi Madrilen ahotsik gabe gera ez dadin, EAJ-PNV bozkatzea eskatzen dizut”.
Gipuzko Buru Batzarraren presidente Joseba Egibarrek Euskal Herriaren eskubide nazionalen defentsa sutsua egin du eta, hala ziurtatu duenez, “faxismoa borrokatzeko orduan, EAJ-PNV da ibilbide bat egin duen eta horretan kredentzial guztiak egiazta ditzakeen alderdi bakarra”. Halaber, GBBren buruak esan duenez hauteskunde hauetan “jokoan dago Euskadik Herri gisa duen duintasuna” eta EAJ-PNV dela aukera bakarra “Herri gisa dagokiguna errespetatua izan dadin”.
Azkenik, Egibarrek nabarmendu du euskal herritar guztien interesen alde EAJ-PNVk egin duen lana, eta balioetsi du “Madrilen ahots propioa izateak daukan balioa, euskal eredu sozioekonomikoa eta euskara defendatuko dituena EH Bilduren itxurakeria hutsaren eta proiektu politikorik ezaren aurrean”.