Vitoria-Gasteizen, Almudena Otaolak, Mikel Legardak, Aitor Estebanek, Urkullu Lehendakariak eta Antoni Ortuzarrek gaur berretsi dute Euskal Taldeak euskal hiritargoaren eskubide eta interesen alde, Araba eta Euskadi osoaren alde hitzeman duten konpromisoa
“EAJ aritu zen bete-betean Garoñako zentral nuklearraren itxieran. Ez dugu ezer guretzat hartu nahi: herriaren borroka sozial eta popularra zen hura, eta guk kasu egin behar genion, eta kasu egin genion, Arabako erakundeekin babesarekin, gainera. Sekula ez dugu azaldu, baina orain batzuek, Vox-ekoek, Garoña berriro ireki nahi dutela eta besteak, sozialistak, Ribera ministroaren ahotik, honetan ere beren buruari dominak jartzen ari direla… 2017ko abuztuan hartu zen erabaki hura hilabete batzuk lehenago gauzatu zen Moncloan Mariano Rajoyrekin egin zen bilera batean. Kostata lortu genuen akordioa izan zen, baina lortu egin genuen”. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek Araban egin den azken hauteskunde kanpainako ekitaldia aprobetxatu du gaur Arabako lurraldearentzat gertakari historiko garrantzitsu hura ezagutzera emateko. Eta argitasun osoz hitz egin du zentralaren etorkizunaz. “Vox Garoña berriz ireki nahian dabilen bitartean, EAJ izan zen ixtea lortu zuena. Eta EAJk Madrilen indartsu jarraitzen badu, Garoña iraganean geratuko da betiko”, ziurtatu du Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak. Ortuzarrek esan ditu gaur ‘Euskadiren Ahotsa Gira’ izenekoaren edizio berri bati amaiera emateko hitzak Euskadiko hiriburuko Probintzia plazan, non Ortuzarrekin batera hitza hartu duten Senaturako Arabako zerrendaburu Almudena Otaolak, Kongresurako Arabako zerrendaburu Mikel Legardak, Euskal Taldearen bozeramaile Aitor Estebanek eta Iñigo Urkullu Lehendakariak.
Almudena Otaola izan da gaurko ekitaldian hitza hartzen lehena, eta ziurtatu du euskal herritarrok igandean ez dugula bozkatuko “txarren artean, Sánchez eta Feijóoren artean, horren txarra ez dena aukeratzeko. Bozkatuko dugu Arabarentzat eta Euskadirentzat onena erabakitzeko. Botoa da Kongresuan eta Senatuan Euskal Talde bat osatzeko, Euskadi eta soilik Euskadi defendatuko duena, egunero eta egun guztietan, hurrengo lau urteotan, erabaki bakoitzean eta erabaki guztietan”.
Mikel Legardak gogora ekarri duenez, EAJ-PNV euskal hiritargoaren ahotsa izan da Madrilen mende luze batean egin duen ibilbidean. “Gaur arte, EAJk aurrerapauso asko eta baliabide ugari lortu ditu gure Herriarentzat, transferentziak negoziatuz, inbertsioak erakarriz, gure nazio aitortza eta gure eskubide historikoak defendatuz”, nabarmendu du. Eta euskal autogobernua defendatzeko eta sakontzeko gainditu behar izan diren oztopoak ekarri ditu gogora. “Eta etorkizunean hau ez dute ez Sánchezek ezta Feijóok egingo. EAJ-PNVk baino ez du egingo. Gu Madrilera joango garelako zurea defendatzera, beste horiek Madriletik berena defendatzera datozen bitartean”. John F. Kennedy-ren hitzak gogoratu ditu jarraian –“Ez ezazu galdetu zure Herriak zure alde zer egin ahal duen, zure buruari galde iezaiozu zuk zure Herriaren alde zer egin dezakezun” Arabako hautesleei botoa eskatuz. “Igandea aurrera egiteko eguna izango da. Igandean izango da Arabaren eta Euskadiren momentua. Alternatiba baliagarri bakarra dago. Defenda ezazu zurea. Bozka ezazu zurea. Boto onuragarria. EAJ-PNV bozkatu”, eskatu du.
Aitor Estebanek aldarrikatu du EAJ-PNVk Kongresu eta Senatuan azken 45 urteotan bete duen zeregina, legegintzaldi eratzailetik, hain zuzen, non diputatu jeltzaleek “Herriaren oinarri instituzionalak” jarri ahal izan baitzituzten “Konstituzioan Foru Xedapen Gehigarria jasoz, oraindik ondorioak dakartzana eta Ekonomia Ituna ahalbidetu zuena”. “Garai hartan izan zen Estatutua eta orain dira lortu direnen zerrenda luzea”, esan du Estebanek azken lau urteotako lorpen nagusiak zerrendatuz, osotara Euskadirentzat 600 milioitik gorako inbertsioak ekarri dituztenak. Halaber eta EAJ-PNV beti “erantzukizunez” jardun duela gogoratu ondoren – esate baterako, beste alderdiek ez bezala, 2019an Sánchezen inbestiduraren alde bozkatu zuenean- Estebanek azpimarratu du EAJk ez duela “txeke zuririk emango”. “EAJk argi eta garbi esaten du: Sánchezek babesa ematea eskatzen badigu, hitz egingo dugu. Eta erantzukizunez jardungo dugu. Baina esan beharko digu Euskadiren eta Euskal Agendaren inguruan zer egitea pentsatuta daukan, uko egin beharko dio gure autogobernuaren kaltetan egiteari, konpromisoa hartu beharko du eta bermeak eman beharko ditu. Eman beharko ditu, guk eman beharko ditugun moduan”, laburbildu du. Azkenik, hautagai jeltzaleak euskal hiritargoa animatu du igandean EAJ-PNV bozkatzera “euskal herritarrak ordezkatuko dituen ahotsa Madrilgoa izan ez dadin”. Erronka garrantzitsua da hori, Euskadik bere etorkizunerako behar du Madrilen ahots independente, orekatu eta eskarmentuduna: Euskal Taldea Gorte Nagusietan. Igandean, denok bozkatzera, fundamentuz bozkatzera”, amaitu du.
Bestalde, Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du “gizarte bezala” ezin dugula “ontzat eman gazteek soldata apalak izatea lan-merkatuan sartzerakoan”. Eta gaineratu du “urrats sendoak” eman behar ditugula “pertsona guztiek soldata hobea izan dezaten. Soldata onak izan ditzaten”. “Urtero 3.400 milioi euro inbertitzen ditugu prestakuntzan eta hezkuntzan, eta urtero 30.000 gazte inguruk amaitzen dituzte Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasketak”, jarraitu du. Lehendakariaren hitzetan, “gazteak dira, kualifikatuta eta prestatuta daude, eta Euskadin geratu nahi dute”. Bada, Urkulluren ustez, “gazte horiek Euskadin mantentzen lagundu behar dugu, lehen egunetik lan-baldintza onak eskainiz, familia eta lana bateragarri egiteko erraztasun handiagoa emanez eta lanean ari diren bitartean ikasten jarraitzeko aukerak eskainiz”.
Mitinari amaiera eman dio gaur Andoni Ortuzarrek, eta 2017an Garoñako zentral nuklearraren itxiera ekarri zuen erabakia argitara ateratzeaz gain aldarrikatu nahi izan du Euskal Taldeak Vitoria-Gasteizentzat eta Arabarentzat azken legealdi honetan ekarri duen guztia “Estatuko Aurrekontu Orokorren partidak hiriburuarentzat eta Lurraldeko beste herrientzat, garraio eta logistika alorreko azpiegiturak, ibilgailu elektrikoaren, azken belaunaldiko baterien eta energia berriztagarrien aldeko apustua”. “Legealdi honetan Araban gertatu den gauza on bakoitzean, hor izan da EAJ”, esan du Ortuzarrek. Horren aurrean, U23rako kanpainan originalari kopiatzera mugatzen den Bildu dago. “Kanpainako lehen igandean, Zaramagan, Segurantza Sozialaren transferentzia eskatzen bagenuen, eurek hurrengo egunean berdin; Aitorrek ‘Euskal Agenda’ kontzeptua aipatzen bazuen –eta kontzeptu hori EAJk sortu zuen–, beraiek ere hasi dira erabiltzen, eurena izango balitz bezala. Guk euskal autogobernuaren defentsa egin… eurek berdin hurrengo egunean. Berdin antzean Ekonomia Itunarekin. Horrela egunero. Kopiatu eta kopiatu”, salatu du buru abertzaleak.