Bizkai Buru Batzarrak Elixabete Etxanobe eta Ana Otadui proposatu ditu ahaldun nagusi izateko eta Batzar Nagusietako presidente izateko hautagai gisa, hurrenez hurren

EAJ-PNVren Bizkaiko exekutibak bere proposamen ofiziala igorri zien atzo Bizkaian dituen 123 Uri Erakundeei, hemendik aurrera alderdikide jeltzaleak eurak izan daitezen foru eta udal hauteskundeetarako hautagaitzak aukeratzeko barne-prozesu batean bere borondatea adieraziko dutenak. Prozesu hori urriaren 4an hasi eta azaroaren 26an amaituko da.
Bizkai Buru Batzarrak Elixabete Etxanobe eta Ana Otadui proposatu ditu ahaldun nagusi izateko eta Batzar Nagusietako presidente izateko hautagai gisa, hurrenez hurren
22
Iraila
BBB
PARTEKATU
22 Iraila | BBB

OHARRA: Irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian

Bizkai Buru Batzarrak iragan asteartean erabaki zuen Elixabete Etxanobe Landajuela eta Ana Otadui Biteri proposatzea, hurrenez hurren, Bizkaiko ahaldun nagusirako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenterako hautagai gisa, 2023ko maiatzean egingo diren Foru Hauteskundeei begira. Hala jakinarazi zien bart gauean EAJ-PNVk Bizkaian dituen 123 Uri Erakundeei.

Behin proposamena bidalita, Bizkaiko alderdikide jeltzaleak izango dira aukeraketa honetan azken hitza izango dutenak. Beren eskuetan egongo da hautagaitza biak babestea edo beste pertsona batzuk proposatzea urriaren 4an hasiko den barne hauteskunde prozesuan. Prozesu hau amaituko da azaroaren 26an egingo den Herrialde Batzarrean.

Jakina denez, EAJ-PNVren barne aukeraketa prozesuak bi hautespen aldi aurreikusten ditu. Lehen bozketa urriaren 4an hasiko da eta hile bereko 16an amaituko da, eta fase honetan alderdikide bizkaitarrek egoki jotzen dituzten hautagaiak proposatu ahal izango dituzte. Bigarren hautespen aldian, urriaren 27tik azaroaren 10era bitartean garatuko den fasean, Bizkaiko alderdikideek aukeratu beharko dituzte lehen bozketa aldian proposatu dituzten hautagaien artean. Prozesua amaituko da azaroaren 26an egingo den Herrialde Batzarrean. EAJ-PNVren barne organo horrek izango du azken hitza 2023ko maiatzean egingo diren Foru Hauteskundeetara EAJ-PNVk eramango dituen zerrenden osaera erabakitzeko orduan, Bizkaiko hiritargoak talde jeltzaleari orain arte eman dion konfiantza berrestea helburu.

BBBk ahaldun nagusirako egiten duen proposamena: Elixabete Etxanobe Landajuela

Elixabete Etxanobe Landajuela (Otxandio, 1978) Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatea), Abokatutzan master bat du (Zuzenbide Pribatuko espezialitatea), Oinarrizko Eskubideei eta Botere Publikoei buruzko master bat (UPV-EHU), eta ikastaro ugari egin ditu Zuzenbide Administratiboan espezializatzeko. Durangoko Udaleko karrerako funtzionarioa da, eta udal horretan aritu izan da 10 urtez. 2013an Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari izendatu zuten. 2019an Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzaren ardurak bereganatu zituen. 2020. urtearen amaieran, Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza hartu zuen. 2021az geroztik, Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua da. EAJ-PNVko alderdikide da 2006tik, bere jaioterriko udalean, Otxandion, zinegotzi izan zen legegintzaldi batean. Gaur egun, udalerri horretako Udal Antolaketako idazkaria ere bada. Euskaraz, bere ama hizkuntzan, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten eta idazten du.

 

BBBren proposamena Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenterako: Ana Otadui Biteri

Ana Otadui Biteri (Elorrio, 1976) Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionario da, gaur egun eszedentzian. Durangoko Udalean ere lan egin zuen. 2005etik Elorrioko EAJ-PNVko alderdikide delarik bere ibilbide politiko oparoa hogeita hamar urterekin hasi zuen Elorrioko Udalean EAJ-PNVren Udal Taldeko bozeramaile bihurtzean (oposizioan 2007-2011 urte bitartean). Garai hartan bozeramaile zereginak uztartu zituen Eusko Legebiltzarkide karguarekin. 2011. eta 2015. urte bitartean Elorrioko alkate izan zen, harik eta 2015ean Lurralde Batzarrak Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izateko hautagai izendatu zuten arte. Ardura hori 2015eko foru hauteskundeetan bereganatu zuen, eta 2019koetan berraukeratua izan zen. Euskaraz, bere ama hizkuntzan, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten eta idazten du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ