Ortuzar: “Sánchezek transferentzien egutegia bete ezik, aske sentituko gara eta neurriak hartuko ditugu”

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak ez du ulertzen Espainiako gobernuak orain “arazo teknikoak” aipatzea Ministroen Kontseilua izan baitzen transferentziak burutzeko egutegia eta gaiak ontzat jo zituena
07
Iraila
EBB
PARTEKATU
07 Iraila | EBB

OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handia

“Eskatzen dudan bakarra da Espainiako gobernuak transferentzien egutegia betetzea eta beraiek, eta ez guk, Ministroen Kontseiluan onetsi zituzten gaiekin. Ministroen Kontseiluan onartu zutenez, suposatzen dut lehenago begiratuko zutela arazo teknikorik izango ez zela. Nik ez dut gauza bat onartzen ondoren arazoak emango dizkidala badakit. Pedro Sánchezek eta nik neuk 2019ko azaroaren 30ean adostu genuen akordioan jasota dago. Berariaz jasotzen da konpromiso hura hitzez hitz beteko zela. Beraiek betetzen ez badute, gu aske sentituko gara. Irailean berrikuntzarik ez badago , neurriak hartuko ditugu”.

Radio Euskadin gaur goizean egin dioten elkarrizketan, Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek hitz horiekin erantzun dio Estatuko gobernuak Euskadin duen ordezkariak egin dituen azken adierazpenez, zeinetan argudiatzen baitzuen “arazo juridikoak” zeudela Gernikako Estatutuak jasotzen dituen eta pendiente dauden transferentziak betetzeko. Eta hausnarketarekin jarraitu du. “Oso geldo doa hau. Kontu teknikoak eztabaidatu ahal diren? Jakina, eskuduntza guztien negoziaketan egin da. Baina ezin dena da alderdi batetik arazo teknikoak daudela esaten duelako, ez dela negoziaketarako esertzen. Espero dudana da hau dena arintzea. Lehendakariak eta guk ohartarazpena egin dugu. Ez dago aitzakiarik, ez pandemiagatik ez beste ezergatik ere, erritmo geldo honekin jarraitzera derrigortzen dutenik. Ezin da izan”, salatu du. Eta bere hausnarketa lotu du atzo bertan Senatuko bilkuran Pedro Sánchezek eta Alberto Núñez Feijóok izan zuten eztabaidarekin. “Atzo hasi zen hauteskunde kanpaina. Ahalik eta ondoen aurrera ateratzeko eztabaida baino, ahari bien arteko borroka izan zen. Topeka aritu ziren. Proposamenak atera beharrean, testosterona auzia izan zen, eta horrek esan nahi du hauteskunde kanpaina luzea izango dugula eta , lehen etapa, udal hauteskundeak izango direla eta, ondoren, hauteskunde orokorrak. Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzen badira jaia amaituko da eta hauteskunde kanpainan sartuko gara, disimulurik gabe. Beraz, aprobetxa ditzagun datozen hilabeteak, hemendik eta urte bukaerara bitartean egiten ez dena ezin izango baita ondoren egin. Eman diezaiogun martxa, Espainiako gobernuarekin zorrotz jokatuko dugulako. Berriro esango dut, hauxe Gobernuak onartu zuen eta guk txalotu egin genuen… Beraz, egin ditzagun gauza biak: martxan jar ditzagun zerrenda eta egutegia. Astia badago”. Buru abertzaleak argi baino argiago utzi du, berriz ere, EAJ-PNVk nahi duela “Gobernu honek jarraitzea”. Inork ezin digu esan leialak edo arduratsuak ez garela, izaten ari gara barrutik haserre gauden arren. Espainiako politikagintzan gu gara serioenak, eta hala izaten jarraituko dugu. Gure apustua argia da Gobernu honen alde, baina Gobernuak neurria eman behar du. Ezin da izan, guk, sei parlamentari apalek, erakutsi behar izatea gainerako guztiei falta zaien erantzukizuna , buru hotza eta behar besteko buru argitasuna. Ez. Denak berbenara badoaz, EAJ ere badoa”, amaitu du.

Sánchezek atzo industriaren esparrurako iragarri zituen neurri energetikoez galdetuta, Ortuzarrek baieztatu du “egoki” iruditzen zaizkiola, eta gogora ekarri du “EAJk hilabeteak daramatzala horiek eskatzen”, baina deitoratu du “berandutu” direla. “Zentzuzkoa zen egin behar zela eta hilabete batzuk beranduago etorri dira”, esan du Ortuzarrek, eta gaineratu du Estatuko gobernua “gasaren gaiarekin erratu dela”. EBBren presidenteak berretsi du EAJk “trantsizioen” alde egiten duen apustua eta “energiaren esparrutik gasa desagertuz joan dadila”, baina uste duenez “2050era arte denbora badago eta trantsizioak modu batean edo bestean egin daitezke. Euskadin gasa erabiltzen da nagusiki duela urte batzuk guruek esan zutelako gasaren bidea jorratu behar zela eta politika energetikoak ezin dira aldatu egun batean gauza bat eta hurrengoan kontrakoa erabakitzeko. Herri batean gasaren aldeko apustua egin bada, irtenbidea eman behar zaio trantsizioa zentzuzkoa izan dadin industrientzat eta etxebizitzentzat, trantsizioa egin behar dela ulertuta”. Eta poztasuna adierazi du “atzo, zorionez, presidenteak hanka atera zuelako eta kogenerazioa sartu zuelako babestu beharreko esparruen multzoan”, bestela, “ akabera izango litzatekeelako Euskadirentzat eta gure industria askorentzat”.

Ortuzarrek gogora ekarri du Euskadin energiaren itunari eman zaion bultzada, eta Bilduk eginiko aldarrikapenei dagokienez, azpimarratu du “gasa argindarraren pooletik ateratzea da Euskadi zer den ez ezagutzea. Gustatu zein ez, hemen dago. Gaur egun ezin da gasa Euskadiko energiaren pooletik atera,eta 10 urtetan ere ezin izango da kendu. Haize errotak edo plaka fotoboltaikoak jartzen ez baditugu, are gutxiago. Etxea ezin da zero kotan eraiki daukagun egoera daukagulako. Zer nahi ote dugu: Herri honetako industria eta lanpostuak suntsitu nahi al ditugu? Esan diezaiegun enpresei eta langileei gasa kentzen diegula eta hobaririk ematen ez zaiela. Zer egingo dugu, itxi?. Orain ez gaude ideologietarako, errealitaterako gaude. Gehiago edo gutxiago gustatu ahal zaigu, baina dagoena dago, eta eraldatzeko kontuan hartu behar da”. Edozein kasutan, jeltzaleen buruak berretsi du EAJk “akordioa nahi duela” eta “2050era iritsi behar dela etxerako lanak eginda, errealitatean oinarrituta”.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ