Itxaso Atutxak “oso larritzat” jo du “politikariak politika egiten ari direnean espiatzea”

Bizkai Buru Batzarraren presidentearen aburuz, Pedro Sánchezek ez zuen atzo Pegasus auziaren inguruan azalpen nahikorik eman eta ez zuen aitortu ezer txarrik gertatu zenik
27
Maiatza
BBB
PARTEKATU
27 Maiatza | BBB

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, Pegasus auziaren inguruan Pedro Sánchezek emaniko azalpenak nahiko izan ez zirela baieztatu du, eta oso larritzat jo du ontzat eman izana “politika egiten ari diran bitartean, politikariak espiatzea”. “Ez da nahikoa, ez da azalpen nahikorik egon. Ganera, badirudi ez daukiela benetako gogoa azalpenak emoteko, ezta zeozer egiteko be, barriro be gertatu ez daiten”, azpimarratu du.

Gaur goizean ETB1eko ‘Egun on Euskadi’ saioan emandako elkarrizketan, atzo, Kongresuan, “gauza oso arraroak” esan zirela adierazi du Atutxak. “Ia-ia iritsi ziran barkamena eskatzeraino eta barriro gertatuko ez dala esateraino (bere garaian erregeak esaten eban bezala), baina ez eben onartu ezer txarrik gertatu danik edo legez kanpo ezer gertatu danik”. Estatuko presidenteak “ez eban ezer argitu”. “Ondo iruditu jakon ala ez? Ondo ete dago politikariak politika egiten ari diranean espiatzea? Ontzat emoten dau hori presidenteak? Grabea da, oso grabea. Politika egiten ari ziran; politika egiten gengozan danok”, kritikatu du.

Burukide jeltzaleak deitoratu egin du Kongresuko diputatu askok politikari independentistak zelatatzea zilegi dela uste izatea, eta hori “larria” dela uste du. Are gehiago, “Espainian, kalean ere gertatzen da hori” esan du. Bere aburuz, “honek erakusten dauana da Estatuaren batasuna arriskuan egon daitekeala ikusten dabenean, espainolak bat egiten dabela antzinako prezeptuetan”, ohartarazi du. “Azken batean, ikusten dogu zelan PSOEK eta PPk, Estatuaren osotasuna defendatzeko orduan bat egin leikiela”, baina “sozialisten aldetik beste gauza bat espero dot; sozialistak diralako, aurrerakoiak eta demokrazia zainetan sartuta dabelako, baina ez dabe beste pausorik ematen. Eta atzo ez genduan ikusi hori egiteko gogoa daukienik”, tamaldu da.

Pedro Sánchezen jarrera zuzenean aipatuz “beti dago zerbait lotu egiten dauana”, baieztatu du. “Behar bada lotzen dauana da ez dala egon benetako trantsizioa Justizian, ez dalako benetako trantsiziorik egon Polizian, ez dalako egon benetako trantsiziorik, eta aldaketa, beraz, benetako eraldaketarik ejertzitoan. Beraz, pisu handikoak diran hainbat esparrutan, Espainiako Gobernuak beti erakusten deusku, sozialistak edo PP egon, prezeptu batzuk badagozala ikutzen ez diranak”, leporatu dio. Orain, “esan deuskue, behar bada, CNIaren inguruko lege aldaketaren bat egon daitekeala be bai, egon daitekeala baita dokumentu batzuk desklasifikatzearen intentzinoa edo gogoa… Ez dakit nahikoa izango ete dan”, galdetu dio bere buruari. Gainera, gogora ekarri duenez, “holango proposamenak egiten diranean, bai gure alderdiaren aldetik zein beste alderdi batzuen aldetik, gelditu egiten dabez”. “Zer ostondu nahi dabe?. Zergatik ez dabe benetan Trantsizioa, alde horretan, bukatutzat emon? Eta garbitu, eta erakutsi eta transparente izan. Zergatik ez? Eta, batez be, zergatik egiten dau hori Alderdi Sozialistak?”, galdetu du.

Azkenik, “Feijóoren PPren” inguruan aritu da Bizkaiako exekutibaren presidente andrea. Bere ustez “orain arte ezagutu dugun Feijóo amaitu” da. “Madrilekoa Champions-a da eta hor beste jokalari batzuk dagoz eta beste neurri batzuk hartu behar dira. Ez dakit oraindik aldatu dan PP bat ikusiko ete dogun Feijóoren aldetik”, aurreratu du. Baina, “egia da jarrera pertsonala gehi Sánchezen beharrak lortu leikiela beste akordio motaren bat. Sánchezek ere badauka Feijóoren laguntzaren beharra Andaluzian Gaztela-Leonen bezala gertatu ez daiten, esate baterako. Horren inguruan joko asko egongo dira”, bukatu du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ