LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna: EAJ-PNVk kolektibo honen borroka ikusarazten eta bere inklusioa sustatzen jarraituko du

Talde jeltzaleak manifestu bat babestu du Legebiltzarrean, Voxek soilik errefusatu duena, LGTBI kolektiboak gaur egun pairatzen dituen eskubideen eta diskriminazioaren aurka. “Genero berdintasunaren eta sexu askatasunaren alde lanean jarraituko dugu”, adierazi du Maitane Ipiñazarrek
17
Maiatza
Eusko Legebiltzarra
PARTEKATU
17 Maiatza | Eusko Legebiltzarra

Gaur, maiatzak 17, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, PPek eta Voxek izan ezik, pertsona guztien sexu- eta genero-eskubideak eta -askatasuna aldarrikatzen dituen adierazpen bat irakurri dute. Hala, Maitane Ipiñazar legebiltzarkide jeltzaleak nabarmendu du beharrezkoa dela pertsona guztien eskubideen aldeko borroka ikusarazten jarraitzea, eta, bereziki, LGBTI komunitatea osatzen dutenena; “izan ere, badakigu oztopo asko daudela kentzeko, aniztasuna eta giza eskubideak erabat errespetatzen dituen gizartea lortu arte”.

Ildo horretan, gaur Eusko Legebiltzarrak ahotsa altxatu nahi izan du munduko eskualde askotan sexu- eta genero-aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko; “izan ere, talde honen aurkako aurreiritzi orokorra da nagusi”. Horregatik, Ipiñazarrek azpimarratu duenez, “erakunde honek konpromisoa hartzen du gizarte-eragile guztiekin ahaleginak bateratzeko, gizarte justu, askotarikoa, errespetuzkoa eta integratzailea eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunean bizikidetza askea sustatzeko”. Gaineratu duenez, erakunde publiko guztien betebeharra da diskriminazio- eta indarkeria-mota guztiei aurre egitea eta horiek jasaten dituztenei laguntzea.

Azkenik, EAJ-PNVk, gaur aniztasunaren aldeko borroka eguna dela erakusten duten sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egiteko deia egin die herritarrei,. “Bai gaur, bai urteko gainerako 364 egunetan, LGTBI pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko dugu, berdintasunaren alde borrokatuz”. Legebiltzarrak bat egiten du ospakizun honekin, adierazpen honekin ez ezik, bere fatxadan ortzadarraren koloredun bandera jarriz.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ