Hezkuntzaren aldeko akordioa Euskadin: EAJ-PNVk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Podemosek Hezkuntza Lege berriaren oinarriak adostu dituzte

Akordio politikoak Ganberaren %91 konprometitzen du, eta herrialde partekatuko erronka baten aurrean gaudela onartzea dakar. "Hezkuntza Sailari oinarri sendoak emango dizkiogu, sistemari egonkortasuna emango dion Euskal Hezkuntza Legea sortzeko", adierazi du Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkideak
18
Martxoa
Eusko Legebiltzarra
PARTEKATU
18 Martxoa | Eusko Legebiltzarra

Asteetako negoziazio gogorren ostean, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek zoru komuna lortu dute Hezkuntza Lege berriaren edukiak zehazteko. Lau alderdiek etorkizunerako nahi dugun hezkuntza eraikitzeko printzipioak, balioak eta helburuak adostu dituzte. Babes zabala, PP+C eta Vox baino ez dira bereizi, eta Eusko Legebiltzarraren %91 ordezkatzen du. 75 legebiltzarkideetatik 68k ikuspegi komuna dute, etorkizuneko arauari egonkortasun- eta iraunkortasun-horizontea emateko.

Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleak "historikotzat" jo du lau taldeek lortutako akordioa, eta ziurtatu du Hezkuntza Sailak "konpromiso politiko sendoa" izango duela hezkuntza-sistemari behar duen egonkortasuna emateko. "Sailari oso oinarri sendoak emango dizkiogu, sistema osoari egonkortasuna emango dion Hezkuntzaren Euskal Legea sortzeko. Akordio historiko eta garrantzitsua da, etorkizuneko legeak bere helburuak hobeto lor ditzan lagunduko duena. Lau taldeok gogor lan egin dugu, bakoitzak bere onena emanez, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legeak 93. urtean lortu zuen babes garrantzitsua mantentzeko eta hobetzeko".

Arrizabalagak gogoratu duenez, duela hiru hamarkada Legebiltzarrak arau-esparru sendo bat eman zion hezkuntzari, gaur egun arte iraun duena, baina esparru hori eguneratu eta egokitu egin behar zen testuinguru, erronka eta irakaskuntza-modu berrietara. "Alderdiok onartu dugu herri erronka baten aurrean gaudela, eta guztiok garela beharrezkoak. Onartu dugu gure sistemaren, ikasleen eta gure gizartearen beharrei erantzuten lagundu behar diegula". Hala, bozeramaile jeltzaleak esan duenez, azterketa partekatu horren ondorioz, hurrengo hamarkadetan euskal hezkuntza eraldatzen eta hobetzen, ekitatean eta bikaintasunean aurrera egiten eta sistema osoa modernizatzen laguntzeko ardatzak identifikatu ahal izan dira. Hori guztia, euskal eskola publikoaren funtsezko izaera aitortuz eta euskara ardatz gisa jarriz. Arrizabalagak taldeen inplikazioa eta bileren aste hauetan ezarri den lan-giro positiboa aitortu nahi izan ditu, "horri esker gaur gizarte osoari itun sendo, sakon eta oso plurala aurkeztu ahal izan zaiolako, zerbitzua hobetzen jarraitzeko". Era berean, eskerrak eman ditu hezkuntza-eragile guztien ekarpenengatik, ia ehun, eta Legebiltzarreko taldeen arteko negoziazioetan Hezkuntza Sailak egindako lanagatik.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ