Josune Gorospek, Euskal Taldeko diputatu eta Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian Gorteen ordezkaritzako kideak, Estrasburgon aldarrikatu du Europako hizkuntza- eta kultura-anizasuna, eta Europako Batasunari erreklamatu dio “seriotan har dezala”, hizkuntza gutxituen egoera.
CoFoEk egin duen osokoan, non `Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kirola´ jorratu dituen Europako panelaren gomendioak eztabaidatu baitira, Gorospek adierazi du EAJ-PNVk bat egiten duela eztabaidara eraman den agirian eleaniztasunaren inguruan jasotzen diren hausnarketekin, eta ildo beretik gogora ekarri duenez “euskara, Euskal Herriaren hizkuntza, Europako Batasuneko hizkuntzarik zaharrena” da. Zentzu berean azaldu du “araudia egiteko aurrerapausoak eman behar direla”, eta “tresnak” eskatu ditu esparru honetan “benetan aurrera egin ahal izateko”, “hizkuntza- eta kultura-aniztasuna Europaren nortasunaren parte ere badelako”. “Kulturak elkarren artean trukatzeak ere izan behar du EBren kultura ondare“, gaineratu du.
Bigarrenez, Gorospek gogora ekarri nahi izan du hiritargoak planteatu duen gaietako bat, hau da, osasuna eta kirol praktikak osasunerako dakartzan onurak, eta nabarmendu duenez “kirola ere ulertu behar da Europaren nortasun-elementutzat, bai eta Europaren nortasun eta kohesiorako elementutzat ere”.