Bizkaiko ahaldun nagusiak hitzaldia eman du, gaur, Gernikako Batzarretxean egindako politika orokorrari buruzko bileran, eta hitzaldi horretan bi ardatz nagusi erabili ditu: bizkaitarrei emandako hitza betetzea eta epe labur zein ertainera abian jarriko diren proiektu berriak.
29Iraila 29
|
Bizkaitarrei emandako hitza betetzea eta epe labur zein ertainean abiaraziko diren proiektu berriak izan dira ardatz nagusiak Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, Gernikako Batzarretxean gaur bertan egin den politika orokorrari buruzko bileran eman duen hitzaldian. Bi ardatz horiek esaldi bitan labur daitezke: “Bizkaiko Foru Aldundiak emandako hitza betetzen du, esaten duena egiten du eta legegintzaldiko konpromisoak eta leloa betetzen ditu: Bizkaia Egiten”; “Beti egongo da zer hobetu Bizkaian, beti proposatu ahal izango dira proiektu berriak, beti izango dira betetzeko ametsak, lortzeko erronkak, zuzentzeko akatsak. Bizkaia ez dago inoiz geldi. Proiektuak ixten ari gara eta proiektu berriak zabaldu behar ditugu. Ilusioz betetako proiektuak”. Rementeriak, izan ere, honako proiektu hauek aipatu ditu: La Avanzada erabat estaltzeko proiektua, Sollubeko mendateko hobekuntzak, Gernikako Guggenheim-en sorrera, Zornotza eta Durango arteko bidegorriak, itsasadarreko bulebarra eta Frantziako Tourra.
Ahaldun Nagusiak gaur eman duen hitzaldian aipatutako lehenengo proiektua La Avanzada Leioan estaltzea izan da. “Herria zatitzen duen lubakia ezabatu eta eten hori pertsonen gozamenerako espazio berri bihurtuko dugu. Aldundiak irtenbidea emango dion eskaera historikoa”. Ondoren adierazi du proiektua 2022ko azarorako prest egongo dela, eta jarraian lizitatu eta lanak hasiko direla; proiektu horretan, hasieran, 60 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da. Azpiegiturei lotuta, bestalde, Rementeriak Sollubeko mendatean trazadura hobetzeko proiektua aipatu du; etorkizunean tunelak egiteko aukera alde batera utzi gabe, errepide horren segurtasuna, erosotasuna eta irisgarritasuna hobetuko dira. “Gure kalkuluen arabera, Sollube aldatzeko proiektua idazteko ia hiru urte behar izango dira, konplexua da eta; epe hori urriaren lehenengo hamabostaldian hasiko da zenbatzen, adjudikatzen denean. Epeek eragotzi egingo digute obra legegintzaldi honetan hastea, baina dena prest utziko dugu hurrengo legegintzaldirako; lana gauzatzeko ia 35 milioi euro erreserbatuko ditugu”.
Etorkizunera begira lehentasunezkotzat jotzen diren proiektu horien artean dago, gainera, Gernikako Guggenheim. Unai Rementeriak honela kalifikatu du proiektua: “ona da, edozein modutan begiratuta ere. Ona da Gernikarako eta gainerako udalerrietarako, herrialderako, Biosfera Erreserbaren babesa sendotzeko, kulturarako, Bilboko Guggenheim Museorako eta ekonomia eta enplegurako”. Horri lotuta, Espainiako Gobernuak, Trantsizio Ekonomikoa eta Kultura ministerioen bitartez, adierazi du proiektuan interesa duela, eta diruz laguntzeko asmoa duela. Ahaldun Nagusiak zera azpimarratu du: “Garai berriko lehen museoa izan daiteke, ingurumena, kultura eta jarduera ekonomikoa batzen dituen proiektu desberdina, eredu bihur daitekeena”.
Rementeriak 2023ko gertaera garrantzitsuenetako bat ere aipatu du: Frantziako Tourra Bizkaitik igarotzea. “Hainbeste dago bizitzeko, ezen oso labur egingo zaigu 2023an baino ez bizitzea. Gure nahia da 2023eko Tourra Bizkaian hastea 2022an. Bizkaia horiz tindatu nahi dugu, eta aktiboki inplikatu nahi ditugu ahalik eta udalerri gehienak eta lasterketan ibiliko diren udalerrietan bizi diren pertsonak. Tourraren jaia ospatu nahi dugu, Tourra aliatu ezin hobea izango delako Bizi estrategia indartzeko”. Izan ere, estrategia horren bidez bizikletaren erabilera bultzatu nahi da mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin. Ahaldun Nagusiak aurreratu du nazioarteko lasterketa horren zuzendariak ezagutzen eta babesten duela Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa: bizkaitarrak eta, bereziki, txikienak inplikatzea “2023ko hasiera garrantzitsuan” eginkizun esanguratsua izan dezaten.
Bizi estrategiaren ahalegin hori beste bi proiektu berriren helburua ere bada. Zornotza eta Durango arteko edukiera handiko bidegorriak eta itsasadarraren bulebarra aipatu ostean (lehenengoaren eraikuntza-lanak urte honetako azaroaren lehenengo hamabostaldian hasiko dira eta bulebarrarenak 2022ko azaroan), Rementeriak adierazi du udalekin lanean ari direla lurralde mailako sistema berezi bat ezartzeko beste sistemekin batera (garraio publikoa, metroa, trena eta Bizkaibusa): partekatu daitekeen bizikleta elektrikoa, udalerri batetik bestera ere joan ahal izateko erabiliko dena. Barik txartelarekin aktibatu ahal izango dira “eta, horrela, bizikleta sendo sartuko da eguneroko errutinan”. Amaitzek, honako hau azaldu du: “Sistema horrek zentzu eta potentzial osoa hartuko du ahalmen handiko bidegorri nagusiak amaitzen ditugunean, 2024an”.
Bizikletaren erabilera bultzatzeko proiektu berrietatik bigarrena konpromiso bat da, bizikletak gordetzeko aparkaleku seguruak prestatzeko konpromisoa: “Auzoko aparkalekuak, udalek dituzten lonja edo espazio hutsak aprobetxatuta; hurbileko aparkalekuak, etxe askotan bizikletak gordetzeko toki egoki edo erosorik ez dagoelako, eta Metro, Euskotren edo Bizkaibuseko geltokietarako aparkaleku espezifikoak. Getxon, Leioan, Portugaleten, Zornotzan eta Durangon izango dira lehen aparkaleku pilotuak 2023. urtea baino lehen”.
Proiektu berriak azaltzen jarraitu du. Haren esanetan, datozen bi urteetan Mungian, Igorren eta Markinan Gertu bulego berriak irekiko dira, eta Metroa Galdakaorekin eta Usansoloko ospitalearekin konektatuko da (“Zaila da, baina Aldundiak lanean jarraitzen du Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eramateko. Eta eskuartean daukadan informazioaren arabera ez dut baztertzen errealitate bihurtzea”); horrez gain, Mungialdean, Uribe Kostan eta Arratian ibilbide natural berriak sortuko direla azaldu du.
Hitzaldian beste gai batzuk ere aipatu ditu. Eguneroko kudeaketari lotutako gaiak izan dira, datozen hileetan izango dutenak eragina: batetik, Ekonomia Suspertzeko Foru Araua, atzoko foru gobernu kontseiluan onartu zena; horren helburua da Bizkaia ekintzailetzaren eta enpresen sorreraren erreferentzia izatea. Bestetik, Ezkerralde, Meatzalde eta Enkarterrirako plan berezia, eta sormen-industrien eta ikus-entzunezko industrien hub bat sortzea Zorrotza lurmuturrean, Bilboko Udalaren laguntzarekin.
Jasangarritasuna ere aipatu du Ahaldun Nagusiak hitzaldian. Etorkizunera begira, honako proiektu hauek azpimarratu ditu: ibilbide natural berriak sortzea, mendiak erostea bertako basoak landatu ahal izateko (proiektu horren barruan, 15 kokaleku ari dira aztertzen, bertako basoen igarobideak sortzeko aukera emango dutenak), Mendien gaineko gaur egungo Foru Arauan xedapen gehigarri bat sartzea, eukaliptoaren landaketa berrietan luzapenak ezarriko dituena, “landaketa berriak egiteko behin-behineko debekua, harik eta prestatzen ari den Foru Arau berrian behin betiko antolaketa ezarri arte”; energia % 100 berriztagarria hornitzea foru eraikin eta egoitza guztietan, Bizkaibus hibridoak erostea, Garbikerren flota berritzea orain GNK (Gas Natural Konprimitua) delakoa duten ibilgailuak erabiltzen dituelako, eta Bizkaiko Tokiko Eskumeneko Hondakinen hirugarren Kudeaketa Plana.
Pandemiaren aipamena
Etorkizunera begirako proiektuak aipatu baino lehen, Rementeriak lehenbizi pandemiari eta horren ondorioei buruz hitz egin du. Eskerrak eman dizkie “hilabete luze hauetan laguntzeko eta jagoteko lanetan buru-belarri jardun duten pertsona guztiei”; horrez gain, modu hunkigarrian gogoratu ditu COVID-19aren ondorioz hil diren pertsona guztiak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak hilabete hauetan egin duen kudeaketa oso ondo islatzen duten gertaera bi aipatu ditu: egoitzetako erabiltzaileek eta haien familiek egoitza zerbitzuari buruz egin duten balorazioa (8,06ko balorazioa egin dute orokorrean, eta 7,18koa pandemiari lotutako alderdiei dagokienez) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzak egin duen aitortza (“foru-erakundeek, baita Osasun Sailak ere, egin duten ahalegina pandemia gainditzeko eta, ahal den neurrian, birusa egoiliarren artean ez hedatzeko”). Izan ere, ahalegin hori “handia eta apartekoa izan da”.
“Bizkaiko Foru Aldundiak hitza bete du"
Aipamen hori egin ondoren, Ahaldun Nagusiak lurraldearen gaur egungo egoera zehaztu du, foru erakundearen kudeaketa eta Bizkaiko gizartearekin konprometitutako eta gaur egun errealitate diren edo garatzen ari diren proiektuak azpimarratuz:
Zerrenda zabal hori aipatu dituen beste gai batzuekin osatzen da, berbarako jarduera ekonomikoa sustatzeko abian jarritako neurriak, horien artean 2020ko martxoaz geroztik onartutako hamabost dekretuekin. Ekonomia suspertzeko neurri hauei guztiei esker, besteak beste:
Autokritika-hausnarketa
Rementeriak, bere hitzaldian, autokritikari ekiteko tartea ere izan du. Ildo horretatik, aitortu du 2020ko Errenta kanpainan "nahi baino eragozpen eta buruhauste gehiago" sortu direla eta “eztabaidaezina dela aurrerapauso handia eman dugula", eta datorren urteko kanpaina arrakastatsua izango dela hitzeman du. "Eta horretarako ari gara lanean hainbeste hilabetetan. Ondo egiteko, oso ondo, eta erraza egiteko. Oraingoan, bai", esan du. Eta Batuz-i buruz ere hitz egin du; “programaren ezarpena bi urte atzeratu nahi da COVID-19aren ondorio ekonomiko negatiboen ondoren zergadunei aukera emateko aldaketa teknologikoei eta iruzurraren aurka borrokatzeko tresna horrek haietako askorentzat dakartzan inbertsioei aurre egiteko.
Ahaldun Nagusiak, halaber, ziurtzat jo du legegintzaldi honetan amaituko ez diren proiektuak egongo direla eta horien artean aipatu ditu Durangaldean eta Busturialdean trenaren inguruan dauden mugikortasun pilotuak, proiektu honetan egin beharreko inbertsioak zailtzen dituzten bi faktore gertatzen direlako: pandemiaren ondorioz garraio publikoak duen defizit ekonomikoa eta COVID-19aren aurreko etapako eskarira iristen ez den zerbitzu horren eskaria. Gauza bera gertatuko da Bilbo efektua itsasadar osora zabaltzeko proiektuarekin, Lekeitioko labar-artearen zentroaren definizioarekin eta Bizkaia Gara, Bizkaiko boluntarioen sarearen, hedapenarekin. Horiek guztiak atzerapenak dituzten proiektuen zerrendan sartzen dira eta, ondorioz, legegintzaldi honetan ezin izango dira errealitate bihurtu.
Rementeriak beste atzerapen bat ere aipatu du, kasu honetan AHTk pilatzen duena, eta euskal erakundeei obra guztia kudeatzeko agindua egitea aldarrikatu du, agindu horren barruan geltokien eraikuntza ere sartuz. "Eta sortuko diren obra, espazio eta aprobetxamendu guztien kudeaketa hemendik egitea. Uste dut hori dela proiektu hau ixteko berme bakarra. Eta kontuak Kupoaren bidez kitatuko ditugu Estatuarekin. Egoera honek ez du itzulingururik onartzen", azpimarratu du.
Azkenik, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak osoko bilkuran egin duen hitzaldia amaitu du esanez derrigorrezkoa dela Bizkaiko gizarteari proiektuak eskaintzen jarraitzea, hartutako konpromisoak betez: "Bete ditugun berba batzuk aipatu ditut. Lehenengoa, egunerokoaren kudeaketa lasaia eta serioa, foru taldea osatzen dugun pertsona guztien lana. Dagoeneko uki daitezkeen errealitateak aipatu ditut: banda zabala Bizkaiko azken txokoraino, Eskola 42 eta Urduliz Dorrea, 'EUP!', Bizkaiko merkataritzaren atari komuna, Omako Baso Margotua... Niretzat oso garrantzitsua da lurralde honi proiektuak eta ilusioa eskaintzen jarraitzea. Horrexek bakarrik kezkatzen nau. Horrela jarraitzen dugu. Bizkaiak gauzak egiten jarraitzen du, martxan jarraitzen du, hobetzen jarraitzen du. Bizkaia proiektuz betetako proiektua delako. Guztiok batzen gaituen proiektua da".
ITURRIA: BFA