Ortuzar: “Nazio aitortza, aldebikotasun harremana eta bermeen sistema, mugarri nagusi Estatus Berrirako bidean”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak baieztatu du Kataluniako politikarien alde erabaki den indultua “abiapuntu on eta beharrezkoa” dela Gobernu zentralaren eta Governaren artean ireki behar den elkarrizketarako
24 Ekaina | EBB

Nazio aitortza, Estatuarekiko aldebikotasun harremana eta bermeen sistema bat gatazkak konpontzeko dira Euskadik Estatus Berrirako bidean izango dituen mugarri nagusiak. Hala baieztatu du gaur goizean Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan. Ortuzarrek uste du mugarri horiek ere aplika daitezkeela Kataluniako gatazka konpontzeko, espetxeratuta egon diren bederatzi politikariei emaniko indultua “abiapuntu on eta beharrezkoa” delakoan, hemendik aurrera ireki daitekeen elkarrizketari begira. Buru abertzaleak era berean gogoratu du, 2019ko urrian, EAJ-PNVk EH Bilduren ordezkaritzari proposamen errealista bat planteatu ziola Euskadin Estatus Berri bat lortzeko, eta urte eta erdi geroago Ezker Abertzalearen erantzunaren zain jarraitzen duela.

Ortuzarrek nabarmendu nahi izan duenez indultuak “abiapuntu on eta beharrezko dira” Gobernu zentralaren eta Kataluniako Governaren artean ireki behar den elkarrizketa-prozesuari hasiera emate aldera. Halaber “guztiz zilegi” jotzen du Kataluniako politikariek atzo bertan autodeterminazioa, independentzia eta amnistia aldarrikatu izana “helburu horiek, azken helburu direlarik, urratsez-urrats lor daitezkeelako Katalunian zein Euskadin”. Jeltzaleen buruaren hitzetan Euskadik eta Kataluniak Espainiako estatuarekin izan beharko duten harremana hiru zutabetan finkatu beharra dago: “Katalunia eta Euskadi nazio direla aitortzea; aldebikotasun harreman bat, zeinaren bidez parte garen biok maila berean egon beharko baitugu; eta bermeen sistema bat, gatazka eman denean beti Estatua inposatu delako eta judizializazio bidez emaniko erantzuna beti okerra izan delako. Beraz, bermeen sistema bat behar dugu, gatazka sortzekotan elkarrizketaren bidez eta errespetutik konpontzeko. Hiruko horrekin, hiru printzipio horiekin, Estatus Berri bat eraiki ahal izango dugu Euskadirentzat zein Kataluniarentzat”.

Udazkenean Eusko Legebiltzarraren Autogobernu Lantaldearen lanekin jarraituko ote duten galdetu diotenean, Ortuzarrek berretsi du EAJ-PNVren borondatea dela “ahalik eta adostasunik zabalena“ lortu ahal izatea, eta horretan bat egin dezatela “Gernikako Estatutua babestu zuten alderdiak, bai eta kanpoan geratu zirenak ere, bereziki Ezker Abertzalea. Ahalegin guztiak egingo ditugu adostasun hori ahalik eta zabalena izan dadin. Nola egingo dugun? Alderdien artean hitz eginaz, parte guztiei halako erosotasun puntu bat eskainiaz”. Ezker Abertzaleak EAJri irteerarik gabeko biribilgunean sartuta dabilela esanez egin dituen kritikez galdetu diotenean, Ortuzarrek argitu du EAJ-PNVren eta EH Bilduren ordezkariek 2019ko urrian bi bilera egin zituztela, eta talde jeltzaleak proposamen errealista bat mahaigaineratu zuela “une honetan indarrean dagoen legeriaren barruan egin daitekeena eta egin ez daitekeena” jasotzen duena, “eta asko egin daiteke. Gure jarreraren oinarrian dago orain egin ahal duguna egitea eta, bigarren urrats batean, gaur egun egiterik ez dagoena nola lortu ahal dugun legeak modifikatuaz”, azaldu du. EAJ-PNVk oraindik ez du erantzunik jaso: “EH Bilduk gure proposamena ezagutzen du eta, nahi badu, horretaz hitz egiteko prest gaude, eta ez soilik beraiekin baizik eta baita PSErekin, Podemosekin eta PPrekin ere; baina konplikatu ikusten dut PPrekin, dauden egoeran ikusita, gaur egun haiekin akordioetara iristea”, amaitu du.

Talde jeltzaleak elkarrizketarako prest dagoela nabarmenduz, Ortuzarrek deitoratu du Ezker Abertzaleak nahiago duela “EAJren kontrako erabateko gudari eustea”. “Beren burua ikusten dute gure alternatiba gisa, eta beren obsesioa da toki guztietatik kentzea. Hortik dator beren jarrera ezkorra, toki guztietan oposizio gogor eta zorrotza egiten ari baitira. Baldintza horietan ez da bat ere erraza guretzat haiekin harreman normala izatea, EH Bildurekin akordioetara iristea oso konplikatua delako. Beraientzat akordio bakarra da beren jarrera %100ean onartzea, horrela izan ezik ez dago akordiorik. Gehiengo baten inposaketa txarra bada, askoz ere txarragoa da gutxiengo baten inposaketa, eta horixe da EH Bilduk nahi duena: bere jarrerak %100ean onartzea eta argi baino argiago gera dadila nork irabazi duen”.

Pedro Sánchezekiko harremanari dagokionez, Ortuzarrek baieztatu du EAJ-PNVk gaur egungo Gobernua babesten jarraituko duela “PPk eta Voxek osatuko luketen alternatiba txarra izango litzatekeelako Euskadirentzat eta demokraziarentzat. Sánchezen ondoan jarraitu behar dugu eta gauzak egin ditzala bultzatu, Katalunian eta hemen, bai eta estatu ereduarekin ere”. Orain bai, jeltzaleen buruak ez du ezkutatu nahi izan “kezkatuta eta deseroso” sentitzen dela Gobernu zentralak azken aldian hartu duen erritmo motelarekin EAJ-PNVrekin hitzemandako konpromisoak betetzeko orduan, bereziki AHTri eta Gutxieneko Diru Sarrerari eta zerga alorrean adostutako akordioei dagokienez. “Garraio, Ogasun eta Segurantza Sozialeko ministerioekin daukagun harremana oso txarra da, beren jarrera dena atzeratzea delako, eta hori ez da bidezkoa”, ohartarazi du.

PARTEKATU