Legebiltzarrak lau lege onartu ditu eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren aldaketa tramitatu du ikasturteko azken bilkuran

Bilkurak argi berdea eman die hainbat legeri: Euskal Poliziari buruzkoari, pertsona transexualen eskubideenari, establezimendu komertzial handien lurralde antolamenduari buruzkoari, eta estatistikaren Euskal Planarenari. Gainera, aintzakotzat hartu du Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma
Legebiltzarrak lau lege onartu ditu eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren aldaketa tramitatu du ikasturteko azken bilkuran
27 Ekaina | Eusko Legebiltzarra

Eusko Legbeiltzarrak ikasturte politikoko azken bilkura arrunta egin du gaur, osteguna. Bilkuraldia ixteko lau lege onartu ditu –Euskal Poliziaren Legea, pertsona transexualen eskubideei buruzko 14/2012 Legea aldatzea, establezimendu komertzial handien lurralde antolamenduari buruzkoa, eta 2018-2021 Euskadiko Estatistika Planaren Legea-. Horrekin batera, aintzat hartu du Diru Sarrerak eta Gizarte Inklusioa Bermatzeko Legea erreformatzea (EAJ-PNVk eta PSE-EEk bultzatuta), eta irailetik aurrera eztabaidatuko dute, behin ikasturte politiko berriari ekinda.

EAJ-PNVrentzat lege horiek funtsezkoak dira, eta erabakigarriak “arrakastaz eta bermez” erantzuteko herritarren eskari eta gizarte erronka berriei.

Euskal Poliziaren Legea

Euskal Polizia Legearen bosgarren aldaketa onartzeak ahalbidetuko du euskal segurtasun publikoko zerbitzua finkatzea eta Ertzaintzaren eta udaltzaingoen barne-antolamendua hobetzea. Joseba Zorrilla legebiltzarkide jeltzaleak esan du lege-aldaketa hori “garrantzitsua eta luzatu ezina” dela, aurreko bi legealdietan saiakerek porrot egin ostean, eta azken 10 urteotan hainbat eztabaida izan ondoren. “Beharrezko legea da, etorkizuneko euskal poliziaren oinarriak finkatzeko. Hiru funtsezko ardatz ditu: gardentasuna jarduera polizialean, poliziako langileen erregulazioa eta udalei tresnak ematea udaltzaingoen zerbitzuen kudeaketa hobetzeko”.

Testu artikulatuak jasotako berrikuntzen artean, parlamentari jeltzaleak balioa eman die Ertzaintzan eta udaltzaingoetan emakumeen presentzia sustatzeko diskriminazio positiboko neurriei. Helburua da %12tik (egungoa) gutxienez %33ra igarotzea. “Argi dago kuota hutsak ez direla nahikoak. Baina bada ezer baino gehiago, eta neurri honek lagundu egingo du berdintasunaren helburuan”, esan du.

Gainera, karrera profesional horizontala txertatzen du, modu progresiboan, Ertzaintzako kideentzat, eta baita bertikala ere, barne-promozioetan partehartzea ahalbidetuz igoeretarako. “Ertzaintzako agenteak langileak dira, beste guztiak bezala, eta eskubideak dituzte lan-baldintzak hobetzeko Osakidetzan edo Hezkuntzan bezala”. Ertzaintzara sartzeko adina handitzen da, 35 urtetik 38ra, eta kontrol eta gardentasunerako kanpoko batzorde bat sortzen da, euskal polizia indarrek egindako edozein jarduera aztertzeko, herritarren aldetik kexak edo zalantzak egon direnean.

“Aldaketa horiek guztiek posible egingo dute polizia eredua indartzea gure segurtasunaren bermatzaile gisa, eta baita agenteen lan-baldintzak hobetzea ere”, amaitu du.

Pertsona transexualak aitortzeko Legea

Orain arte indarrean egondako legea -14/2012, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa- aintzindaria izan zen bere garaian, baina gaur aldatzea “premiazkoa” da, bereziki, izaera patologizatzailea dela-eta; legeak medikuaren edo psikologoaren txostena eskatzen zuen pertsona horien sexu-identitatea egiaztatzeko. Araua aldatuta, Euskadik beste pausu bat eman du pertsona transexual eta transgeneroen eskubideak bermatzeko, eta txosten psikiatrikoa aurkezteko betebehar legala ezabatzeko.

Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkideak adierazi duenez, “lege berriaz, pertsona hauek ez dira gaixotzat hartuko, eurek (ez beste inork) egiaztatuko dute beren baldintza. Ez da azken pausoa, baina bai pauso bat, transexualitatea despatologizatzeko, eta sexu-aldaketarako prozesuak errazteko. Pertsona hauek egunero pairatzen dituzte diskriminazio- eta marginazio-egoerak, eta gure betebeharra da eguneroko oztopo guzti horiek erditik kentzea”. Ez da posible, gaineratu du, “hirugarren pertsona batek gure identitatea ezbaian jartzea eta determinazio librerako eskubidea ukatzea”. Legearen arabera, transexualitatea jakiteko modu bakarra da pertsonak libreki adierazitakoa entzutea, sexu identitatea bezala, ezin baita diagnostikatu. “Ez da gaixotasuna, transtornoa edo anormaltasuna, giza aniztasunaren parte da”.

Arrizabalagak gogoratu du lege-aldaketa hori aspalditik aldarrikatzen zutela pertsona transexualen eskubideen aldeko elkarte eta kolektiboek. “Eskatzen ziguten beren egoerak aintzat hartze aurrez epaitu gabe, eta pertsona gaixotzat hartu gabe. Lege berria kolektibo horiekin egindako elkarlanaren fruitu da. Eskutik joan gara eta etorkizunean ere elkarrekin lanean jarraituko dugu, bataila hau oraindik ez baitugu irabazi. Lanean jarraitu behar dugu Euskadin errespetu gehiago egon dadin aniztasunaren aurrean, pertsona guztientzat eskubide guztiak aitortzeko. Premia bat da eta baita botere publikoen betebeharra”.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta

Gaurko bilkurak aintzat hartu du Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Errenta erreformatzeko lege proposamena. Eztabaida eta negoziazioa irailerako geratuko da, ikasturte politiko berriarekin batera. Jeltzaleek eta sozialistek bultzatutako lege horren helburua da Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren sistema hobetzea eta eguneratzea, 18/2018 Legeak ikusitako disfuntzio batzuk zuzenduz, eta diseinua egokituz egungo kontestu sozioekonomikoaren arabera. 

Amaia Arregi legebiltzarkidearen esanetan, “helburua da gizarte politiken abangoardian jarri gaituen prestazio-eredua zaintzea, hobetzea eta iraunkor egitea. Daukagun tresnak ekidin du urtero 132.000 pertsona pobrezian egotea, eta lagundu die lanpostuetara formazio egokiz sartzea. Balio duela sinisten dugu, eta sinisten dugu bere inspirazio izan ziren printzipioetan: elkartasuna, justizia eta kohesio soziala. Onartu zenetik 11 urte igarota, indartu eta perfekzionatu beharra daukagu”.

Arregik nabarmendu du diru-sarrerak eta inklusio soziala bermatzeko egungo ereduak “aitortu egiten duela bai bizitzako oinarrizko beharrizanei aurre egiteko baliabide ekonomikoak izateko eskubidea, bai lan- eta gizarte-aktibaziorako babes pertsonalizatuak izateko eskubidea”. Hori dela eta, proposatutako erreformak kontuan izan du Europar Batasunaren 2017ko apirileko Gomendioa, Eskubide Sozialen Europako Zutoinaren inguruan, zeinak ezartzen baituen “behar beste baliabide ez dituen pertsona batek eskubidea du gutxieneko errenta prestazio egokiak izateko, bizitzako garai guztietan bizitza duina bermatuko dutenak, eta bermatuko dutenak baita ere kapazitazioko ondasun eta zerbitzuetara. Lan egin dezaketen pertsonentzat, gutxieneko errenta prestazioak konbinatu egin behar dira lan merkatuan berriro sartzeko pizgarriekin”.

Legebiltzarkide jeltzaleak elkarrizketarako eta akordiorako bere taldearen prestasuna agertu du, “guztion artean ahalik eta lege onena egiteko, gizarte babeserako euskal sistema finkatuko duena. Eredua indartzeko aukera daukagu, orain iristen ez garen errealitateetara iristeko; baliabide gehiagoz, adin txikikoak eta pentsiodunak hobeto babestuta, kudeaketa eraginkorragoaz eta inklusio-mekanismoak hobetuz.

PARTEKATU