“Enpresen finantzaketa egokia bermatzea oinarrizkoa da inbertsioa, jarduera eta enplegu aukerak sortzera begira”, esan du Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko arrisku kapitaleko funtsa sortuko dela iragartzearekin batera. Eusko Jaurlaritzak aditzera eman duenez funts honek inbertituko du hedatze eta eraldatze beharrak dituzten enpresetan, berritze eta nazioartekotze prozesuetan sartuta daudenetan. Inbertsio funts berri hau sortu da lankidetza publiko eta pribatutik eta 2018an 125 milioi euroko baliabideak izango ditu. Kopuru hau 250 milioira irits liteke eta arduradunek espero dute lagungarri gertatzea eta Euskadiko enpresei bertan finkatzeko bultzada ematea.