EAJ-PNVk aurkezten ditu lehentasunezko 20 proiektuak Arabak eta Vitoria-Gasteizek lider eta garapen-motorra izaten jarrai dezaten

Diputatu nagusiak, Ramiro Gonzalezek, zehaztu ditu kalitateko enplegu gehiago sortzeko eta talentua zein inbertsio berriak erakartzeko defendatuko dituen ekimenak. Alkateak, Gorka Urtaranek, xehatu ditu Vitoria-Gasteiz Europa mailan superhiri erreferente bat izatea lortzeko dituen proiektuak

EAJ-PNVk aurkezten ditu lehentasunezko 20 proiektuak Arabak eta Vitoria-Gasteizek lider eta garapen-motorra izaten jarrai dezaten 10Maiatza 10 |
Araba
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Euzko Alderdi Jeltzaleak lehentasunezko 20 proiektuak aurkeztu ditu datozen urteotan Arabak eta Vitoria-Gasteizek lider eta garapen-motorra izaten jarrai dezaten. Diputatu nagusiak eta alkateak - berrautaketarako hautagaiak biak - azaldu dute zeintzuk diren euren proposamen nagusiak lurraldeak eta hiriburuak legealdi honetan eskuratu dituzten postuetan jarraitzeko; horretarako, baterako lana izango dute beti oinarri, bizi-kalitatean eragina duten aurrerapenak eskuratzeko funtsezko tresna baita.

Araba Buru Batzarreko presidenteak, Jose Antonio Susok,  azpimarratu du erakunde-kudeatzaile jeltzaleek akordioak lortzeko duten gaitasuna Arabara eta Vitoria-Gasteizera baliabideak ekartzeko. “Proiektu argi eta errealista daukagu lurralderako eta hirirako. Horiek gauzatzeko behar diren akordioak eskuratzeko gai gara. Sustatzearen eta eraikitzearen alde egiten dugu apustu. Etorkizuna akordioen eta proposamenen bitartez eraikitzen da, ez estremismo, konfrontazio eta suminaren bitartez” adierazi du Arabako EAJ-PNVren arduradun gorenak.

Enplegua, talentua eta inbertsioak erakartzea, Foronda bultzatzea, eskualde-errepideak berriztatzea, ingurumena babestea, programa integral berri bat gauzatzea adinekoentzat eta mendekotasuna duten pertsonentzat, gizarte-eraldaketa bultzatzea berdintasuna lortzeko, Naturaren Zentro-Museo berria, euskara sustatzea, baita kultura eta kirola ere Auditorium berriaren eta Mendizorrotza eraberritzearen bitartez. Horiexek dira EAJ-PNVren hauteskunde-programaren proiektu nabarmenenak, diputatu nagusiak eta berrautatua izateko hautagaiak, Ramiro Gonzalezek, defendatuak. Ildo horretan, halaber, Ramiro Gonzalezek azpimarratu du erakundeek batera lan egitearen garrantzia herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, “proiektuen, ekintza zehatzen, konponbideen bitartez”.

Horren harira, Gonzalezek xehatu ditu defendatuko dituen ekimenak Araban kalitateko enplegua sortzeko eta lurraldera talentua eta inbertsioak erakartzeko. Datozen hauteskundeetara aurkeztuko da 10.000 enplegu berri gehitzeko konpromiso irmoarekin, eta hori, berrikuntzaren aldeko bultzadari, industria-politikari eta lurraldera talentua erakartzeko planei esker. Hori guztia lortzeko beste tresna batzuk izango dira gazteei lehenengo lana topatzen eta iraupen luzeko langabetuei berriro laneratzen laguntzeko berariazko programak.

Orobat, Araba lurralde konektatua izatearen garrantziaz ere mintzatu da. Eta horretarako eskualde-errepideen eraberritze-lanetan 100 milioi euro inbertitzeko duen asmoaren berri eman du. Halaber, Forondako aireportuari bultzada berri bat emateko dituen lehentasunak zehazteko ere aprobetxatu du; izan ere, Foronda nazioarteko erreferente bilakatzea du xede.

Ingurumena modu aktiboan babestea, gizarte-eraldaketarako ekintzak gauzatzea, gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko, eta, “Araban bagara’ programaren bidez, euskara sustatzea dira diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaiak nabarmendutako beste lehentasun batzuk. Era berean, OSOA programaren bitartez, mendekotasuna eta adinekoak sostengatzearen alde  egin duen apustuaz ere mintzatu da. “Vitoria-Gasteizen eta Araban zaintza behar dutenak zaintzen ditugu. Ez dugu garapena ulertzeko beste modurik. Ez dugu inor bertan behera utzi behar. Eta bide horretatik lanean jarraitu nahi dugu proposamen berriak gauzatuz”, zehaztu du.

Vitoria-Gasteiz agenda

Bestalde, Gorka Urtaran  alkate eta berrautaketarako hautagaiak zerrendatu ditu Vitoria-Gasteiz Europa mailan bizi-kalitatean, lehiakortasun ekonomikoan nahiz iraunkortasunean  superhiri erreferente bat izatea lortzeko dituen proiektuak. Eta Vitoria-Gasteiz agendaren proiekturik garrantzitsuena abiadura handiko trena hirian lurpetik igarotzea eta lursail zabal horretarako diseinatu den Ekobulebarra da. Azken horrek  berdeguneak, bizitegi-eremuak  eta unibertsitate- nahiz berrikuntza-esparruak integratzea ahalbidetuko du.

Erdigunea garrantzitsua bada, hori bezain garrantzitsuak edo are garrantzitsuagoak dira Vitoria-Gasteiz osatzen duten 28 auzoak, guztiak benetan aktiboak. “Horiei zuzendutako inbertsioa handituko dugu legealdian zehar 100 milioi eurokoa izatea iritsi arte. Auzo Plan baten bitartez egingo dugu, zeinak espazio eta ekipamendu publikoak hobetuko baititu, jarduera sortu eta merkataritza-bizitza sustatzea helburu izanda”, zehaztu du Gorka Urtaranek.

Tranbia Salburuaraino eta Zabalganaraino luzatzeak, Autobus Elektriko Adimentsua abian jartzeak eta,  bere alderdi guztietan,  hiri-mugikortasun iraunkorraren alde apustu egiteak osatzen dute alkateak datorren legealdirako aurkeztu duen planaren beste ardatzetako bat. Hori guztia, Auditorium berria, Senda ibilbidean, ahaztu gabe, zeinak Principal antzokia eraberritzearekin batera, ahalbidetuko baitu  Vitoria-Gasteiz erreferente handiagoa izatea kultura-arloan nahiz nazioarte-mailako ekitaldien erakargune gisa. Asmo horretan Gasteiz Convention Bureauk ere lagunduko du, bertan Europa, Iradier Arena,  Principal antzokia edo Auditoriumen eskaintza integratuko baita jarduera-sorrarazleak izango diren ekitaldiak nahiz ekimenak erakartzeko.

Gorka Urtaranek aurkeztu dituen munta handiko hamar proiektuen artean Enpleguaren Berrikuntza Zentroa ere azaltzen da.  Digitalizazioan, berrikuntzan eta aldaketa tekonologikoetan oinarritzen den Zentro horren helburua da enpresen beharrak artatzea eta enplegua sortzea. Zeregin horretan Merkataritza zinegotzigoa ere lagungarria litzateke. “ Hiri-merkataritza eta ostalaritza sostengatzen jarraitu behar da, funtsezkoak baitira  garapen ekonomikorako, gizarte-integraziorako eta hiriko bizitzarako” azpimarratu du. Era berean, 4.0 industria eta logistika indartu egingo dira industrialdeetan, Forondarekin konektatzean eta Abiadura Handia heltzean, gertatuko diren hobekuntzei esker. Mendizorrotzako estadioaren eraberritzeak  eta Gasteiz Sozialak biribiltzen dute Vitoria-Gasteiz superhiri bilakatzea posible egingo duen proposamen hau. Ildo horretan, “ integrazioa eta gizarte-kohesioa funtsezkoak dira ongizaterako eta bizikidetzarako. Horregatik, lanean jarraituko dugu hiri ireki eta berdinzale baten alde”, amaitu du alkateak.

Interesatu Zaitez