Ortuzar Txileko Senatuko presidentearekin elkarrizketatu da eta politikari buruzko hitzaldian parte hartu du Valparaisoko Unibertsitate Katolikoan

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Mikel Burzako burukideak gaur arratsaldean amaiera emango diote Txile eta Perura egin duten bisita ofizialari
Ortuzar Txileko Senatuko presidentearekin elkarrizketatu da eta politikari buruzko hitzaldian parte hartu du Valparaisoko Unibertsitate Katolikoan
24 Urtarrila | EBB

Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, atzo, asteazkena, Txileko Senatuko presidente eta nazioko bigarren agintari Carlos Montesekin elkarrizketatu zen eta ehunetik gora ikasleren aurrean hitz egin zuen Valparaisoko Unibertsitate Katolikoan politikari buruz egin zen hitzaldian, ordezkari jeltzaleek Txile eta Perura egin duten bidaia ofizialaren azken egunean. Ortuzarrek eta EBBko Nazioarte gaietarako burukide arduradun Mikel Burzakok gaur arratsaldean hasiko dute Euskadira itzultzeko bidaia. Ortuzar igandean izango da Bilboko Arriaga Antzokian Sabino Arana sariak emateko egingo den ekitaldian.

Ortuzarrek eta Burzakok bilerez eta ekitaldiz betetako agenda izan zuten atzo. Goizean goiz Valparaisora bidaiatu ziren, Txileko Kongresu Nazionalak egoitza duen hirira (Diputatuen Ganbera eta Senatua). Jeltzaleen ordezkariak han batzartu ziren Txileko Alderdi Demokrata Kristauko parlamentariekin (DC). DCko Diputatu eta senatariak Espainiako estatuan bizi den egoera politikoaz eta EAJ-PNVk azken aldian irabazi duen garrantziaz galdetu zuten. Manuel Mattak, gudari baten semeak, EAJ eta DC alderdien arteko harreman historikoa ekarri zuen gogora, euskaldunen erbestalditik datorrena, eta alde biko harreman hauek eguneratzeak daukan garrantzia nabarmendu zuen, etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egitera begira. Ortuzarrek eta Burzakok Gabriel Ascendio ere agurtu zuten, Txileko hegoaldeko diputatu eta Diputatuen Ganberan alderdi horretako bozeramaile izango dena.Ascendioren eraginez iragan abenduan erabaki zen Ancud herriko kale bati, Lakuen Erregioan, José Manuel Goikoetxea Askorbe jeltzalearen izena ematea. Goikoetxea Askorbe 2012an hil zen Chiloé irlan nekazaritza arloko hainbat proiektu garatzeko lan handia egin ondoren. EBBko presidenteak Carolina Goic ere agurtu zuen, DCko presidente ohia eta gaur egungo senataria.

Jarraian, Ortuzar batzartu zen Senatuko presidente Carlos Montesekin, Agintari biek beren herrialdeetako egoera politikoari buruzko ikuskerak partekatu zituen. Montesek, nazioko bigarren agintariak, Ortuzarri azaldu zion,azken urteotan alderdiak herritarren kezketatik urrundu direlako eta Ganbera bien atomizazioaren eraginez, Txilen eman den degradazio politikoak eragiten dion kezka, egoera horrek gehiengo politikoak lortzea oso zail egiten duelarik. Demokraziaren gaur egungo erronkei eta azken hauteskundeetan eman den parte hartze baxuari aurre egiteko orduan abian jarri nahi dituzten ekimenen artean, Txileko Senatuaren aldetik aurreikusi dute nazioarteko mintegia antolatzea, Daniel Innerarity euskal filosofoak koordinatuko duena.

Arratsaldean, Ortuzarrek hitz egin zuen “Hiritargoa berriz xarmatzea. Euskadiko esperientzia” izenburuarekin Valparaisoko Unibertsitate Pontifizio-Katolikoak (PUCV) eta PCDko Presidenteordetzak antolatuta egin zen mahai inguruan. Ehun bat pertsonaren aurrean eta Unibertsitateko erretore Claudio Elórteguirekin, jeltzaleen buruak azaldu zuen EAJ-PNVk azken 40 urteotan egin duen ibilbide politikoa, Euskadirentzat ongizate eta autogobernu maila handia ekarri duena, eta politikaren arriskuei aurre egiteko eraz hausnartu zuen,hala nola gizarteak gero eta parte hartze eskasagoa daukala hauteskundeetan, gizarte sareak `fake news” edo albiste faltsuak zabaltzeko erabiltzen direla edo zentzurik eta balore demokratikorik gabeko populismoen hedapena, Europan eta Latinoamerikan.

PARTEKATU