Edurne Egaña, Zumaiako EAJ-PNVko presidentearen hitzetan “lau urte dira, Oier, Zumaiak eman behar zuen ziaboga emateko pertsona egokia izan zitekeela pentsatu genuela eta agintaldi honetan egindako lanarekin erakutsi digu asmatu genuela”
22Azaroak Egun Zumaiako alkatea den Oier Korta aukeratu du Zumaiako EAJ-PNVk Zumaiako alkatetzarako hautagai. Erabakia aho batez hartu dute alderdikideek batzarrean, Kortarengan duten konfiantza berretsiz. Horrela, Zumaiako EAJ-PNVren udal taldea gidatzeko erronkari aurre egingo dio Kortak hurrengo agintaldian ere.
Edurne Egaña, Zumaiako EAJren UBBeko lehendakariaren hitzetan, “4 urte dira Oierrengan gure konfiantza jarri genuela eta argi dago ez digula hutsik egin. Agintaldi honetan lan izugarria egin dute, bai Oierrek eta baita bere taldeak ere, eta zumaiarrek lan hori eskertzen dutela badakigu. Eman beharreko ziaboga hori gidatzeko gai izan da Oier, izan ere, orain lau urte esaten genuen bezala, lanerako gaitasun handia duen pertsona da. Zumaia geldialditik atera du eta zumaiar guztien alkate izan da, jarrerazabalarekin eta herritar guztiengana irekita. Lau urte dira, Zumaiak eman behar zuen ziaboga emateko pertsona egokia izan zitekeela pentsatuta, bere aldeko apustua egin genuela eta agintaldi honetan egindako lanarekin erakutsi digu asmatu genuela”. Egañak erantsi duenez “Datorren agintaldian herriaren etorkizuna eta berritzeko erronkak ditugu esku artean. Geroari begira zer komeni den aztertu eta landu nahi dugu eta belaunaldi berriei Zumaia hobe bat utzi”. Bide horretan, Zumaiako EAJ-k Oier Korta hautagai ezin egokiagotzat jo du “Eskarmentua du, eta baita ideia berriak ere; eta eskerrak eman behar dizkiogu hartutako erronkagatik. Bihotzaz eta buruaz, esperientziaz eta berrikuntzaz ariko bai da”.
Oier Kortak, bere aldetik, erronka berri honi aurre egiteko arrazoiak azaldu dizkigu “orain lau urte nire bizitza markatuko zuen erabaki bat hartu nuen. Ilusioz eta lanerako gogoarekin jaso nuen hainbesteko ardura dakarren ohorea. Zumaia geldialditik atera nahi genuen, proiektu berriak ekarri nahi genituen, etorkizuneko Zumaia eraikitzeko, baina eguneroko arazoak alde batera utzi gabe. Horregatik, kudeaketa arduratsu bat egiten saiatu gara, zumaiarren eguneroko beharrei erantzuten, baina etorkizuneko Zumaia amesten ere saiatu gara, proiektu berriak irudikatzen, proiektu gauzagarriak baina ilusioz beteak. Horietako batzuk gauzatu ditugu, beste batzuen oinarriak jarri ditugu eta gure herriaren etorkizuna errealitate bihurtzen jarraitu nahi dugu. Hitzetatik ekintzetara pasa gara legealdi honetan, gogor egin dugu lan eta hainbeste maite dugun Zumaiak aurrean dituen aukera berriek ematen diguten ilusioarekin indarberritu gara. Eguneroko lan horretan, surflariari olatuak ematen dion bultzada bezalaxe sumatu dut herritarren babesa. Lau urte dira ziaboga emateko ardura hartu nuela eta ziaboga hori emanda, arraunean gogor jarraitzeko gogoz nago.”
Amaitzeko, Egañak eta Kortak azaldu dute hautagaiak alboan izango duen taldea prestatzeko lanetan buru belarri dabiltzala “legealdi honetan egindako lana ez dut nik bakarrik egin” dio Kortak “talde-lanean oinarritu dugu gure jarduna, izugarrizko garrantzia du, beraz, talde-lan horri, gogoz eta ilusioz segida emango dion taldea osatzea, Zumaiaren etorkizuneko erronkei erantzunak emateko gai izango den taldea hain zuzen ere”.