Errenteriako EAJ-PNVk, Gure udalerriko birziklapen tasak hobetzen laguntzeko, errenteriarren etxeetara birziklapen gida bat helaraztea proposatu du

Sentsibilizazio kanpainak egin badira ere, kanpaina didaktikoago baten beharra sumatzen dute jeltzaleek, errenteriarren zalantzak argitzeko. Errenteriar orok etxean eskura edukiko lukeen gida horrek, hondakin bakoitza non utzi behar den argituko lieke herritarrei eta honek beren lana erraztuko luke.

Eli Murua 26Urriak
2018
2018 UrriaK 26 |
Berria

PARTEKATU

Ostegun honetan egindako hondakin sistemaren inguruko jarraipen batzordean, Elixabete Muruak, jeltzaleek aipatu batzordean duten ordezkariak, birziklapen gida didaktiko bat argitaratzeko proposamena jarri zuen mahai gainean. Izan ere, birziklapen datuak onak badira ere, horiek hobetzen joateko neurriak hartu beharra dago jeltzaleen aburuz.

EAJ-PNVk dio, egin diren sentsibilizazio kanpainek neurri batean arrakasta izan badute ere, kanpaina didaktikoago baten beharra ikusten duela. Herritar askok zalantzak dituzte zenbait hondakin sailkatzerako orduan eta zalantzen aurrean hondakina errefuxara botatzea ekidin nahi dute jeltzaleek. EAJ-PNVren iritziz, herritarrei sailkatze lan hori errazteak gure udalerriko birziklapen tasak hobetuko lituzke zalantzarik gabe. Sentsibilizazioa ezagutzaz laguntzea ezinbestekoa dela diote jeltzaleek, herritarrek borondate ona baina informazio urria baldin badute, emaitzak hobetzea zailagoa izango baita.

Proposamen hau eta egin dituen beste zenbait ere jarrera eraikitzailearekin eta hondakin bilketa sistema hobetzeko helburuarekin egin ditu EAJ-PNVk. Jeltzaleek, esaterako, edukiontzi grisari eta marroiari pedala jartzeko aukera azter dezala eskatu diote udal gobernuari, izan ere honek asko erraztuko lieke herritarrei edukiontziak irekitzea, bereziki adineko pertsonei edota tapa altxatzeko arazo fisikoren bat duten pertsonei. Hondakinen tasan ezarrita dauden maila desberdinak berraztertu beharra ere jarri dute jeltzaleek mahai gainean, ordaindutakoa eta sortzen den hondakin kopurua ez baitatoz bat kasu askotan eta ia hondakinik sortzen ez duten hainbat establezimenduk etxebizitzetan ordaintzen den tasa baino altuagoa ordaintzen dute.

“Edukiontzi bidezko sistemaren aldeko apustua egin dugu beti eta Gipuzkoako udalerri askori erreparatuta, bistan da sistema horrek benetan ongi funtzionatzen duela. Gure herria ere bide horretan doa, baina emaitza horiek hobetzea posible dela ziur gaude. Herritarrek informazioa eta denbora behar dutela uste dugu, horregatik jarri dugu gida bat egitearen proposamena mahai gainean. Gure ustez argi dago errenteriarrek sistema ongi hartu dutela eta hondakinak sailkatzearen beharra barneratu dutela neurri handi batean, baina zalantzak argitzeko laguntza behar dutela uste dugu. Laguntza horrek ingurumenari ekarriko lizkioke onurak, baina ez  hori bakarrik, hainbat errenteriarrek zenbait hondakin sailkatzeko dituzten buruhausteak ere arinduko lituzke” azaldu du Elixabete Muruak.

Interesatu Zaitez