Euzkadi Buru Batzarreko Hezkuntza, Euskara, Kirola eta Kultura gaietarako burukide arduradun Ana Esther Furundarenak auzitan jarri ditu sindikatuek iragan maiatzean euskal eskola publikoak deitu zituzten grebetarako eman zituzten arrazoiak
Furundarenak uste du eskola publikoko profesionalen lan baldintzak onak direla, eta HEZIBERRI 2020 egitasmo estrategikoa aldarrikatu du eragile ezberdinen artean egin zelako eta LOMCErekin inolako zerikusirik ez duelako, sindikatuek eurek horiek biak partekatzeko obsesioa erakutsi duten arren.
EAJ-PNVren web guneari eskainitako elkarrizketan, Furundarena oso pozik agertu da euskararen ezagutzan eta erabileran azken hamarkada hauetan eman den aurrerakadagatik, baina ohartarazi nahi izan du oraindik bide luzea geratzen zaigula erabateko hizkuntz normalizaziora iristeko. Eta, bide hori egiteko, ezinbesteko jotzen du hiztunen ohituretan eragitea eta beren aktibazioa bultzatzea eta babestea. Furundarenak estrategiko jotzen ditu euskal hiztunen borondatea eta protagonismoa.